Apalenek edertu dute

Bihar hasiko dira Eurokopako final-zortzirenak, Suitza-Polonia, Gales-Ipar Irlanda eta Kroazia-Portugal partidekin. Italia-Espainia kanporaketa da estuena

Apalenek edertu dute.
unai zubeldia
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hasi besterik ez dela egin ematen du, baina, dagoeneko, Frantziako Eurokopatik kanpo daude zortzi selekzio: Errusia, Suedia, Ukraina, Txekiar Errepublika, Turkia, Austria, Albania eta Errumania. Lehen hirurena da ezusteko nagusia. Final-zortzirenak ate-joka direla —bihar hasiko dira—, hausnarketa egiteko garaia da. Espero ez ziren kolpe dezente, faborito batzuen ezina, azken uneko gol zaparrada, liskarrak, epaileen baleko lana... Kirol arloan nahikoa apaletik hasi da Eurokopa, baina, itxaropenari atea irekita, finalerdietako lehiak izan daitezkeenetako batzuk gordeta dauzkate final-zortzirenek.

DESOREKAREN EUROKOPA

Ingalaterra eta Espainia ustezko faboritoak bigarren sailkatuta, hankaz gora gelditu da finalera arteko bidea. Nabarmen desorekatuta daude bi adarrak. Suitza-Polonia, Kroazia-Portugal, Gales-Ipar Irlanda eta Hungaria-Belgika dira alderik apaleneko lehiak. Zortzi selekzio horietako bakar batek ere ez du irabazi Eurokoparik edo Munduko Koparik; Belgikak (1980) eta Portugalek (2004) Eurokopako final bana galdu dute. Adar horretan, bi horiek eta Kroazia dira balizko finalera iristeko hautagaiak. Alemania-Eslovakia, Italia-Espainia, Frantzia-Irlanda eta Ingalaterra-Islandia beste aldekoak. Eurokopako eta Munduko Kopako hogei titulu daude selekzio horien artean.

HASIBERRIEN INDARRA

Galesek, Ipar Irlandak, Islandiak, Eslovakiak eta Albaniak debuta egin dute Eurokopako multzoen fasean, eta lehen laurak final-zortzirenetan sartu dira; Galesen kasuan multzoburu gisa, gainera, Ingalaterra eta Errusia azpiratuta. Historiari keinuka ari dira selekzio horiek guztiak, eta Gales edo Ipar Irlanda final-laurdenetaraino iritsiko da, elkarren aurka jokatuko dutelako bihar (18:00). Irabazleak Hungaria edo Belgika izango du aurkari. Islandiak, berriz, sailkatze fasean Herbehereak Eurokopatik kanpo utzi ondoren, gol aldeagatik bakarrik ez du lortu lehen postua. Hungaria eta Portugalen pare aritu da, nahiz eta Ingalaterra oso faborito izango den astelehenean (21:00). Eslovakiak Alemaniaren aurka jokatuko du etzi (18:00).

AZKEN MINUTU EROAK

Eurokopako 24 selekzioek 69 gol sartu dituzte multzoen faseko 36 partidetan, 1,92 gol partidako. Oso kopuru apala da, eta bi bakarrik dauzka atzetik: 1980koa—1,83— eta 1992koa —1,75—. 24 gol sartu dituzte lehen zatian, eta 45 bigarrenean, horietatik hamazazpi azken hamar minutuetan. Sartutako golen laurdena 80. minututik aurrera iritsi da, beraz; azkenak, herenegungoak: Islandiak Austriari sartu ziona —Traustasonek, 94. minutuan—, Belgikak Suediari sartutakoa —Nainggolanek, 84. minutuan—, eta Irlandak Italiari sartutakoa —Bradyk, 85. minutuan—. Bitxia bada ere, selekzio bakar batek ere ez ditu irabazi hiru partidak; 1996ko Ingalaterrako Eurokopatik halakorik gertatu gabe zegoen. Galesek eta Hungariak sartu dute gol gehien (6), eta Alemania eta Polonia soilik gelditu dira golik jaso gabe.

NEURRI GABEKO ISTILUAK

Lehen astebetean bereziki, istilu larriak eragin dituzte hainbat herrialdetako jarraitzaile erradikalenek. Errusia eta Ingalaterraren arteko partidaren atarian izan ziren liskarrik larrienak, baina beste hainbat herrialdetako zaleek ere sortu dituzte iskanbilak: Kroazia, Turkia, Espainia, Hungaria, Belgika, Portugal... Neurria galduta dabiltza zale asko eta asko.

IZAR BATZUK, ITZALEAN

Eurokopa guztiek ematen dute onetik eta txarretik, eta Errusia, Suedia, Ukraina, Turkia edo Txekiar Errepublikaren ezinari izenak jartzen hasita, nabarmen gelditu dira asko eta asko: Zlatan Ibrahimovic suediarra —golik sartu gabe utzi du selekzioa—, Arda Turan eta Hakan Calhanoglu turkiarrak —txistuka egurtu dituzte zaleek—, Andri Jarmolenko eta Jevhen Konoplyanka ukrainarrak, Tomas Rosicky txekiarra... Sailkatutakoen artean ere kritika hotsen iturri izan dira beste hainbat: Paul Pogba, Antoine Griezmann, David de Gea, Robert Lewandowski, Thomas Mueller...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.