Apaltasunez, aurrera egin nahian

Ondarroa zazpigarren aldiz ari da Eusko Label ligan, eta, oraingoz, hamargarren postuan dago. Klubak 50 urte beteko dituen honetan, ez jaistea du erronka nagusi. Gaur beste urrats bat egin nahi du horretarako, Getxon (17:25 ETB1).

Ondarroako arraunlariak, Sestaoko Bandera eskuratzeko lehian. AITOR ARRIZABALAGA.
pettan uralde
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Atzean geratu da Antiguako Ama traineru hasiberria zen garaia. Ondarroak zazpigarren denboraldia du Eusko Label ligan, eta, maila horretara igo zenetik, gorenean finkatu dela frogatu du. Aurtengoa urte berezia da Bizkaiko taldearentzat. Ondarroako Arraun Elkarteak 50 urte beteko ditu, eta salbazioa lortzea du helburu. Gaur-gaurkoz, hamargarren dago sailkapen nagusian, eta azken-aurreko postutik aldentzeko lehian murgilduta dago, azken-aurrekoa behartuta baitago kanporaketak jokatzera. Asier Irueta arraunlariak (Ondarroa, Bizkaia, 1989) aurreikusten zuen egoera hori, baina uste du gehiago egiteko gai direla.

Ondarroa ohituta dago denboraldi bakoitzaren hasieran aldaketa mordo bati aurre egiten, eta aurten ere hala ibili behar izan du taldeak. «Aurten, beste urte askotan bezala, askok utzi dute taldea: guztira, 11k. Taldea berriro egituratu behar izan dugu, oztopo horrekin hasi dugu denboraldia. Azken urteetan, sentipen berarekin bukatzen dugu. Pare bat koska egiten ditugu gora, baina ,hurrengo denboraldia hasterako, hiru jaisten ditugu. Ikusita egoera horrekin hasiko ginela, jakina zen sufritzea tokatuko zitzaigula». Bestalde, Iruetak dio kontuan hartu behar dela gazteak hasi direla taldean sartzen.

Oraingoz, lau punturen aldea ateratzen dio Ondarroak Santurtzi, 11. sailkatuari. Mailari eusteko lehian izango zirela ziruditen beste ontzi batzuek, gainera, puntu mordoxka bat biltzea lortu dute. Horrek azken bi postuetatik aldentzen lagundu die. Kaikuk, bederatzigarren sailkatuak, zortzi puntu ateratzen dizkio Ondarroari, eta Isuntzak, berriz, hamahiru. «Irregular aritu garen tarte honetan, Kaikuk eta Isuntzak puntu dezente bildu dituzte. Orain, badirudi estropada on bat eginez gero haiengana hurbilduko garela. Segundotan ez dut uste oso urrun daudenik, eta itsasoko estropada ugari datoz abuztuan. Uste dut estu hartzeko moduan egongo garela», adierazi du Iruetak.

Borroka hori gogorra baldin bada ere, Iruetak nabarmendu du ondo kudeatzen ari direla. Baina, aldi berean, gehiago emateko gai direla. «Onartzen dugu gure borroka dela, baina gose handia dugu puntuak eskuratzeko. Bigarren txandakoak ez daude oso urrun, ez puntutan, ezta denboran ere. Irregular ibili gara orain arte, eta puntu asko galdu ditugu». Azken urteetan, abuztuan jauzi egin ohi du Ondarroak, eta Iruetak espero du aurten ere hala izatea.

Erregular aritu ahal izateko, «estropadaz estropada» joan nahi dute, eta ondo sentitzen saiatu. «Zenbat eta estropada osoagoak egin, orduan eta erregularragoak izango gara, eta ez dugu puntu sortarik galduko. Hala ere, esatea eta egitea ez dira gauza bera. Aurten, zaila izaten ari da, baina hori lortzen saiatuko gara. Gogoz gaude aurreko traineruak harrapatzeko». Iruetak azpimarratu du «parekotasun handia» ikusten duela hainbat traineruren artean, eta badakiela gauzak ongi eginez gero haiengana hurbilduko direla.

Iruetak dioen moduan, esatea ez da nahikoa. Ondarroak ez du bereziki erraza izango helburua lortzea. Esan bezala, taldea berregin dute, eta denbora behar izan dute aldaketetara egokitzeko. Hala ere, emaitzez bestelako lorpenak goraipatu ditu Iruetak. «Zoritxarrez, talde motza dugu, baina oso ona; bai giroari eta bai arraunlariei dagokienez ere. Jadanik bost arraunlarik egin dute debuta aurten, eta horietako bi gazte mailan dabiltza oraindik. Gaur egun arraunak duen egoera kaskarra ikusita, uste dut garrantzitsua dela gazteei bidea erakustea. Hori, azken finean, ez da emaitzetan ikusten, baina baloratzekoa da».

Denboraldiaren lehen erdia osatuko dute igande honetan Santurtzin (Bizkaian), denboraldiko faserik erabakigarriena hastear dagoen seinale. Ondarroak bi aukera ditu: beheko postuetatik aldentzea, edo denboraldi bukaerara arte sufritzea. Iruetak argi dauka ez dutela sufrituko. «Entrenamendu onak egiten ari gara, eta nabari dut prest gaudela. Uste dut gure bidean jarraitzen baldin badugu ez dugula sufrituko mailari eusteko orduan. Borrokan egongo gara, baina ez dut uste gaizki pasatuko dugunik». Hasieratik «mentalizatuta» zeudela adierazi du:«Gure planifikazioa ez da batere aldatu, ondo kudeatzen ari gara egoera, eta, alde horretatik, dena bide beretik doa».

Iazko miraria

Aurreko denboraldiko 13. jardunaldian, urteko ezustekorik handiena gertatu zen Eusko Label Ligan. Ondarroak bandera irabazi zuen, lehen txandatik aterata, eta, gainera, etxean. Balentria izugarri horrek jaitsierako postuetatik aldentzera eraman zuen Antiguako Ama, eta arnasaldi bat izan zen haientzat. Errepikatzea ia ezinezkoa bada ere, Iruetak ez du baztertu. «Inoiz ez duzu pentsatzen horrelako gauzak gerta daitezkeenik, baina lehengo urtean gertatu zen. Ikusita aurten traineru asko pare-parean dabiltzala, uste dut traineru askok dugula ezustea emateko aukera. Badakigu gure borroka zein den, eta ez dugu ahazten. Baina gerta daiteke horrelako zerbait, zergatik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.