Aparretan

Aritz Aranburuk sasoi bikaina egin du, eta horri esker WCT zirkuituan, surfaren maila nagusian, ariko da berriz.

Aritz Aranburu, bete-betean olatu batean, joan zen astean, Hawaiin jokatutako proban. QUICKSILVER.
Julen Etxeberria.
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Zain, hala egon ohi dira surflariak makina bat orduz olatu onena noiz iritsiko. Eta zain, hala egon da azken hilabetean Aritz Aranburu (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) WCT zirkuitura, surfaren maila nagusira, eraman zezakeen olatuaren zain. Eta iritsi da azkenean, eta Aranburuk hartu egin du. Gutxienez urtebetez ariko da bertan, munduko 32 surflari onenekin nor baino nor gehiago.

«Ezin naiz egon alaiago. Ametsa egia bilakatzea; horixe da lortu dudana». Hawaiitik mintzatu da Aranburu BERRIArekin. Han dabil azken hilabetean, eta han ibiliko da egun batzuetan oraindik, haren babesleek antolatutako zenbait ekitalditan parte hartzen. Han jaso du berri ona: WCT zirkuitura itzuliko dela lau urte geroago —2008an eta 2009an aritu zen—.

Aranburuk WCT zirkuituan egon nahi zuen. Baina erotu gabe. «WCT zirkuituan parte hartunahi nuen, jakina, baina surfa ez da bakarrik WCT zirkuitua. Aurten izugarri gozatu dut lehiatzen, baina baita bidaiatzen ere. Oso pozik nago neure buruarekin, horregatik nengoen horren lasai».

Bada Aranburuk behin eta berriz errepikatzen duen esaldi bat: «Surfaz gozatzeko hamaika modu daude». Hark hitzez hitz betetzen du. «Gozatu» egiten du lehiatzen, baina beste horrenbeste edo gehiago gozatzen du taula hartuta munduan barrena bidaiatzen duenean. «Buruak» eskatu dio ez dadila txapelketekin itsutu, eta egin ditzala «beste gauza batzuk». «Eta buruari beti egin behar zaio kasu», azpimarratu du. Eta, horrela, txapelketak, abentura bidaiak eta bestelakoak partekatzen aritu da azken hilabeteetan.

Txapelketetan aspaldi ez bezala gozatu du. Eta gozamena dagoenean sarri iritsi ohi dira emaitza onak. Hala izan da ere haren kasuan: hirutan sailkatu da bosgarren eta behin zazpigarren. Horri esker ariko da WCT zirkuituan

Aranburuk oso argi du: txapelketetan lortutako emaitza onak ezin dira ulertu lehiaketatik kanpo egindakoak kontuan hartu gabe. «Elkarrekin doaz derrigorrean», azaldu du. Lehiaketatik kanpo egindakoek eman diote txapelketetan horren ondo aritzeko «indarra eta konfiantza».

Eta zer egin du lehiaketatik kanpo? Bidaiatu, aspaldi ez bezala. Mundu osoan bidaiatu du, eta bertako olatuez gozatu. Marokokoez, Hegoafrikakoez, Tahitikoez, Mexikokoez, Irlandakoez, Indonesiakoez... «Esperientzia benetan ederrak izan ditut». Ez dira izan bakarrak. Oholetik jaitsita ere izan ditu antzekoak, Surfrider Foundation elkartearen Europaren enbaxadore eta Kind Surf gobernuz kanpoko elkartearen bultzatzaile gisa. Surfriderrekin buru-belarri aritu da itsasoa eta kostaldea babestuak izan daitezen. Kind Surfekin, berriz, arazoak dituzten haur eta gazteekin aritu da. Bi esperientzia horiek «arrasto sakona» utzi diote. «Izugarri bete naute, eta sinetsita nago bertan egindako lanak zerikusi handia izan duela gero lehiatu dudanean. Neure buruarekin lasai eta pozik aritu naiz, eta horrela askoz errazagoa da emaitza onak lortzea».

«Gehiago gozatu nahi dut»

2009an aritu zen azkeneko aldiz maila nagusian. Lau urte joan dira ordutik, eta tarte horretan «dezente» aldatu da haren ikuspuntua surfari dagokionez. «Orduan WCT zirkuituan aritzea besterik ez nuen buruan. Buruak hori eskatzen zidan. Orain, ordea, buruak ez dit bakarrik lehiatzea eskatzen. Lehiatzea ere eskatzen dit. Gainera, asko gustatzen zait. Baina presiorik gabe aritu nahi dut, eta gozatzen jarraitu. Horregatik oso argi dut aurtengo planteamenduari eutsiko diodala hurrengo urtean ere. Urte biribila izan da. Ezin dut gehiago eskatu».

Lortutakoaz jabetzen hasita, laster etorri da Aranbururen esker zerrenda, gurasoengandik hasita. «Beti izan ditut ondoan behar izan ditudanean. Baina bakarrik jardun behar nuela erabaki dudanean ere haien errespetua eta babesa izan dut beti. Harro nago eman didaten hezkuntzaz». Ez du ahaztu «beste babes handi bat» ere, neska-lagunarena; ezta Aitor Franzesena «betiko entrenatzailearena», Ibon Amatriain «betiko ereduarena» eta Quicksilver eta Pukas «betiko babesle eta laguntzaileena». «Haiengatik nago hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.