Aperribai: «Anoeta gabe, hilda legoke Reala»

Realeko presidentearen arabera, klubak estadio berriaren beharra du «lehiakor» izaten jarraitzeko

Erredakzioa
Donostia
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jokin Aperribaik «berri bikaintzat» jo du herenegun Donostiako Udalak hiri antolamenduko plan orokorra aldatzea onartu izana, horri esker «gertuxeago baitago ametsa», Anoeta estadioa berritzea. «Atotxa utzi genuenetik, Realaren ilusioa izan da estadio propio bat izatea. Zubietan egitea pentsatu genuen hasieran, eta Anoetan egin genuen gero, atletismo pistarekin. Oraingertuxeago dago ametsa», azpimarratu zuen atzo Realeko presidenteak.

Behin Donostiako hiri antolamenduko plan orokorra aldatuta, udalak abian jarri beharko du lehiaketa bat, Anoeta berritzeko ardura nork hartuko duen erabakitzeko. Aperribaik baieztatu egin zuen Reala lehiaketara aurkeztuko dela. «Ez dakigu norbait gehiago aurkeztuko den, ezetz espero dugu. Hori bai, badakigu egoera ekonomikoa zaila dela, eta horregatik erakunde guztiak eroso egongo diren proiektu bat egin nahi dugu. Ez diegu eskatuko eman dezaketena baino gehiago».

Anoeta berriak «garrantzi itzela» du Realarentzat, presidentearen iritziz. «Hurrengo 20-30 urteetarako sostengu nagusiaz ari gara hizketan. Izan ere, futbolean bi eredu daude: bat, diru sarrerak indartzean datza; eta bestea, jokalarien salerosketan oreka bat mantentzean. Guk lehenaren alde egin dugu beti, baina lehiakor izaten jarraitzeko Anoeta berria behar dugu».

Realeko lehendakariak Athletic eta San Mames berria aipatu zituen adibide gisa. «Athleticek estadio berriarekin 80-90 milioi euroko diru sarrerak izango ditu. Guk ezin dugu jarraitu orain arte bezala 40 milioi euro jasotzen. Gure kudeaketa ereduaren bizirautea dago jokoan. Orain hogei urte Atotxa utzi eta Anoetara joan ez bagina, Reala hilda legoke orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.