Jokin Aperribai Realeko presidenteak etorkizunari begiratu nahi dio. Iñigo Martinez Realean iragana dela adierazi du, eta taldearen egoerari eman dio garrantzia. "Inoiz baino harroago eta indartsuago dago Reala. Zubietako harrobia, lehen taldea... Taldea da elkartzen gaituena. Oraindik zeresana emango dugu sasoi honetan, bide egokian goaz".
Hala ere, Athleticek Martinez fitxatu izanari ere erreparatu dio eta zenbait azalpen eskaini ditu. Argitu duenez, jokalariak Europako hainbat talde garrantzitsuren eskaintzak izan zituen. "Ezustean hartu gintuen albisteak, ezin izan dugu ezer egin. Ukaezina omen zen Athleticen eskaintza. Uda mugitua izan zen: City, Bartzelona, Inter... Harritu nau Athleticera joan izana". Atzo jaso zuen fitxaketaren berri.
Atzelari ondarrutarra diruarengatik joan ote den galdetuta, Aperribai baiezkoan dago. Eskaintza "ukaezina" zela esan zioten Aperribairi. "Hainbeste ordaindu ez baliote ez dut uste joango zenik, baina ezin dut ezer ziurtatu". Egoerak Reala geroz eta etete klausula handiagoak jartzera behartzen duela ziurtatu du. Athleticek 32 milioi euroko etete klausula ordaindu du Martinez fitxatzeko, eta taldearen orain arteko fitxaketarik garestiena izan da.
Martinezek, aldiz, Athleticekin egin duen aurkezpen agerraldian adierazi du amaitutzat zuela Realean bizi beharreko etapa eta Athelticek adierazi dion interesak erakarri duela.
Diru sarrera garrantzitsua izan arren, Realak ez du "itsututa" jokatuko fitxaketen merkartuan. "Aritz Elustondok bikain erantzun zuen lehen hiru partidetan. Halere, ez daukagu fitxaketen atea itxita. Ikusiko dugu".
Bestalde, presidenteak berretsi egin du Eusebio Sacristan entrenatzailearen aldeko apustua. "Krisian gaudela badakit, baina zer egin behar dugu, Eusebio bota? Ez! Gure printzipioetan sinestu behar dugu. Bide batean sinesten dugu eta Eusebio da egokiena. Zubietan sinesten du".