Apustua lausotu egin da

Lehen Mailara igota, norabidez aldatu du Osasunak. 11 jokalari fitxatu ditu klubak udako merkatuan, eta, hartara, haztegiko hainbat jokalariren garapena eten du.

Fran Merida eta Oriol Riera, udan Iruñera iritsitako 11 jokalarietako bi, Fran Meridak lehen jardunaldian Malagari sartutako gola ospatzen. CARLOS DIAZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bigarren Mailara jaisteagatik ez da ezer gertatzen. Osasunak filosofia garbi bat izatea da kontua». Hala mintzatu zen igoera lortu berritan Enrique Martin Monreal, Osasunako entrenatzailea, eta aditzera eman Lehen Mailan ere haztegiak klubaren ardatzean egoten segituko zuela. 2013-2014ko denboraldian maila galdu ondotik, Nafarroako taldeak Taxoareko gazteen alde egin zuen apustu. David Garcia, Mikel Merino, Alex Berenguer eta enparauak berehala hasi ziren lehen taldean presentzia izaten. Bigarren Mailako bi urteetan irmo eutsi diote apustuari, baina igoerak norabide aldaketa ekarri du, eta Monrealen diskurtsoa kontraesanean jarri. Asteen joanean, harrobiko gazte asko fokupetik itzalpera igaro dira. Lausotu egin da apustua.

Horretaz jabetzeko, fitxaketa kopuruari erreparatzea da onena: denera 11 jokalari fitxatu ditu Osasunak. Hogei urte joan dira udako merkatuan hainbeste jokalari fitxatu gabe. Harrobiak gorritxoentzat duen ustezko garrantzia ezbaian jartzen du horrek, zale askok salatu bezala. Hainbat gazteren garapena oztopatzea da fitxaketa oldeak izan dezakeen ondorio behinena. Esaterako, atzeko ezker hegalerako bi jokalari fitxatuta —Carlos Clerc eta Juan Fuentes—, Julen Hualdek eta Endika Irigoienek, harrobiko bi gaztek, oso zail izango dute lehen taldean presentzia edukitzea. Eta gauza bera gertatzen da zelai erdian: fitxatutako euskarriekin, Antonio Otegik eta Imanol Garciak nekez izango dute jokatzeko aukerarik.

Egoera horretan, gazteen artean soilik Alex Berenguerren izena eman dute lehen taldeko zerrendan —David eta Unai Garciak lehendik zuten fitxa profesionala—. Hartara, bigarren taldeko fitxarekin konformatu beharko dute, kasurako, iragan sasoian dezenteko presentzia izan zuten gazte batzuek: Olabidek, Otegik Buñuelek eta Imanol Garciak, esaterako. Horrek ez du esan nahi lehen taldean jokatuko ez dutenik, joan zen denboraldian Monrealek aukera asko eskaini baitzizkien fitxa profesionalik gabeko jokalariei. Haatik, orain arteko deialdietatik kanpo gelditu dira bai Olabide, bai Imanol Garcia, bai Otegi—lehen asteetan min hartuta egon da—, eta baita Jaime Dios edota John Steven ere, sasoi-aurrea lehen taldearekin osatu ondoren.

Harrobiak, «bermerik ez»

Igoera lortu eta gero klubak hartutako norabideaz aho bilorik gabe mintzatu zen Petar Vasiljevic, Osasunako kirol zuzendaria, asteartean emandako prentsaurrekoan. Monrealek orain arte esanikoaren kontrara, Lehen Mailari eustea «funtsezkotzat» jo zuen Vasiljevicek, eta horrek harrobia zokoratzea ez duela ekarriko esan arren, zalantzan jarri zuen Taxoareko gazteen gaitasuna. «Harrobiko jokalariek ez digute bermerik eskaintzen Lehen Mailan aritzeko. Horregatik fitxatu ditugu jokalariak. Bigarren Mailan taldean egon zitezkeen, baina Lehen Mailan, ez». Gaineratu zuenez, gazteek «egokitze eta garapen prozesu baten beharra» dute, eta denborak esango ei du lehen taldean aritu daitezkeen.

Horrenbestez, harrobia oinarri izatea jada ez da klubaren lehentasun nagusia, Lehen Mailari eustea baizik. Horrek azaltzen du udako merkatuan hainbeste jokalari fitxatu izana. Osasunaren politikak kezkatu egin ditu zale gorritxo asko, baina baikor izateko arrazoi bat ere badute. Izan ere, Monreal haztegikoei aukerak eman zalea izan da beti. Adibidez, David Garcia, Unai Garcia, Alex Berenguer edota Mikel Merino Dortmundera joandako jokalaria bere gidaritzapean loratu ziren, eta bi erdiko defentsak jada funtsezkoak dira lehen taldean. Entrenatzailearen esku dago azkenaldian lausoturiko apustua berpiztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.