«Arantza» atera nahian

Realak Rayoren zelaian jokatuko du gaur goizean (10:45), eta puntuak behar ditu, mamuak uxatzen hasteko. Garbiñe Etxeberria idazkari teknikoak garrantzi handia eman dio partidari.

Aitor Manterola Garate.
Zubieta
2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Realeko neskak atzoZubietan ziren 13:30erako. Zain zeukaten autobusa. Bidaia Madrilera, gaur goizean Rayoren zelaian jokatzeko (10:45, Bein La Liga). Ligako 20. jardunaldia dago jokoan, eta «arantza» ateratzeko nahia azaldu dio BERRIAri Garbiñe Etxeberriak (Hernani, Gipuzkoa, 1967), Realeko idazkari teknikoak: «Aurreko asteburuko partida, Santa Teresaren aurkakoa, eta biharkoa [gaurkoa] oso garrantzitsutzat hartu genituen sailkapenean gora egiteko, justu gure gainetik dauden bi taldeak direlako. Baina aurreko asteburuan kale egin genuen, eta hor daukagu arantza sartuta».

Arrosa honek arantza gehitxo dauzka pilatuta denboraldi honetan. Reala ez doa nahi eta uste zen bezain ondo, eta errealitatea ez du ukatu Etxeberriak: «Ez da txukuna izaten ari denboraldi hau, zail doa, eta urduritasuna, desilusioa, zalantzak eta tentsioa sortzen dira». Baina ezin dira atzera begira bizi, ez daukate denborarik bidean geratu eta zauriak miazkatzeko: «Aurrera begiratu behar da, eta aurreneko erronka Rayorena da». Taldea jakitun dago sasoia ez doala ondo, baina animoz ondo joan ziren Madrilera atzo: «Taldea ondo dago, gogoarekin, eta bizi goaz Rayoren zelaira». Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina aparteko zerbait ikusten dio gaurkoari: «Oso garrantzitsua da guretzat. Rayok guk baino bost puntu gehiago dauzka, eta, irabaziko bagenio, gerturatuko egingo ginateke, eta gure lekuari eutsiko genioke».

«Gure lekuari eutsi» nahi horrek Realari atzetik datozkion taldeen arriskua eman lezake aditzera, baina Etxeberria ez da ari behera begira: «Gora begira nago ni beti, baina ezin dut ezkutatu atzekoak gertuago dauzkagula. Gora begira jartzeko arrazoiak dauzkat, ordea, joan den sasoian taldeak erakutsi zuelako gai dela. Taldeak badu gaia eta gogoa gorago ibiltzeko».

Berez, aurreikuspenak bide horretan zihoazen, baina lehiaketak bakoitza bere lekuan jartzen duela esan ohi da, eta Realak talde gehiago dauzka aurretik atzetik baino. Etxeberriak azaldu duenez, bada egoera bat partida askotan azaldu dena eta taldea dagoen lekura eraman duena: «Ez gara argitasunik edukitzen ari golak sartzeko lanean. Talde osoaren ardura da, ez bakarrik aurrelariena». Irmo egin du jokalarien alde: «Badakit gai direla golak errazago sartzeko, aurreko sasoiko jokalari berak izateaz gain, lan horretan trebeak diren jokalariak fitxatu ditugulako».

Kontua da, baina, Reala dela ligan gol gutxien sartzen duten taldeen artean bigarrena. Tacuense azken sailkatua bakarrik dauka atzetik sailkapen horretan. Halakoetan, taldearen barruan ezinegona eta antsietatea sortzen da, eta Reala ez da salbuespena: «Jokalariak itsutu egiten dira arazo horrekin, eta konfiantzarik ezaren mamua gero eta handiagoa bilakatzen da».

Eskerrak taldea askoz hobeto ari den atzealdean, gol gutxien jasotzen dutenen artean laugarrena baita: «Berriz ere taldea aipatuko dut, eta denak ari dira ondo lan horretan, ez bakarrik atzelariak».

«Filosofia garbi daukagu»

Etxeberriaren ardura ez da bakarrik lehen taldean geratzen, ikuspegi zabalagoa edukitzea ere badagokio, eta horren barruan dago Realak egitasmo gisa zein bidetan ibili behar duen. Esan du denboraldi erdipurdiko honek ez duela eraginik izango aurrez ezarritako bidean: «Badakigu zein den gure filosofia, eta Gipuzkoako harrobian oinarritzen segituko dugu. Hortik aurrera, ikusi egin beharko da nola abiatzen garen bide hori egitera».

Hamabost partida faltako dira liga bukatzeko asteburukoa jokatu eta gero, eta Realak badu denbora sasoi hau zuzentzeko. Baina oraingo aldapa malkartsuetan barrena amaitzen badu sasoia, Etxeberriak «aldaketa» hitza aipatu du: «Zerbait aldatu behar bada, aldatu egingo dugu». Aldatzen hasita, gaur bertan dauka taldeak aukera denboraldiko azken zatiari beste ikuspegi batetik begiratzen hasteko. Rayori irabazi behar horretarako. Ilusio eta pentsamendu horrekin igo ziren autobusera atzo Igor San Miguel entrenatzailea eta haren jokalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.