Arantza hor egongo da

Zuriñe Rodriguezek Londresko jokoetan parte hartu zuen, baina puntako nazioarteko jarduna alboratuta du, eta ez da Rio de Janeiron ariko.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ezingo dut arantza atera. Nire asmoa hori zen, Londresen oso gaizki lehiatu nintzelako, baina Rio de Janeiron ezinezkoa izango da». Azalpena Zuriñe Rodriguezena (Barakaldo, Bizkaia, 1982) da, 2012ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen beste triatleta euskal herritarrarena. 44. izan zen han, eta, hankako minari eutsiz, herio batean bukatu zuen proba. Bukatu berritan, dutxatu aurretik, Rion jarri zuen jomuga, baina ezin izan du bete bere buruari emaniko hitza. «Ezinezkoa izango da, nazioarte mailako eliteko jarduna alboratuta dut, eta, orain jarrita ere, ezingo nintzateke iritsi».

Rodriguezek duela urte pare bat ikusi zuen ez zela Rion egongo. «Gogorrena buruak entrenatzeko grinarik ez zuela onartzea izan zen. Aurretik, entrenatzea ez zen inoiz arazo izan niretzat, beti nindoan gustura, baina buruak ez zuen nahi. Entrenatzeak gozamena izateari utzi zion». Euskal Herritik Madrilera joan lehenbizi, handik Santiagora, Javier Gomez Noyaren entrenatzailearekin lan egitera, eta gero Sevillara. Baina ezin. Babesle faltak ere eragin zion, munduan barrena lehiatzeko bidaien zati handi bat bere poltsikotik ordaindu beharko baitziuen. «Etorkizun ekonomikoa kolokan jartzea zen, arrisku handia».

Triatleta, baina, ez da gora begira egon, eta beste pasio bat landu du: sukaldaritza. «Soinketa irakasle ikasketak eginak nituen, baina sukaldean ondo moldatzen nintzela ikusi, eta goi mailako sukaldaritza ikasten hasi nintzen. Bi ikasturteetan, Madrilen eta Santiago de Compostelan, gelako onena izan nintzen. Oso lehiakorra naiz, ez dut ezkutatzen, eta han estimulua nuen».

Jatetxe eta hoteletan egin du lan, Madrilgo Palacen, besteak beste, eta gastronomia lehiaketa pare bat irabazi ditu. «Sukalde lana eta entrenamendua uztartzea, baina, ezinezkoa da, ordu asko dira». Aurki, gourmet produktu etxe batekin hasiko da lanean, eta denbora libre gehiago izango du. «Entrenatzen jarraituko dut, eta Galiziako talde batekin lehiatzen». Erronka zalea da, eta baikor mintzo da: «Jokoak? Zergatik ez Tokio?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.