Araskik beste garaipen bat lortu du, eta IDK Gipuzkoak laugarren partida galdu du segidan. Elkarren aurka lehiatu dira Gasteizen, Mendizorrotzan, eta 79-64 nagusitu dira arabarrak.
Berdindua izan da hasiera, eta IDK aurretik ere ibili da. Hala ere, lehen laurdenaren amaieran, Araski zen aurretik (22-17). Gaur kanpotarrak zirenak izan dira hobeak bigarren laurdenean, bi punturen aldearekin, baina atsedenaldira Made Urietaren taldea joan da aurretik (35-32).
Hirugarren laurdenean hautsi da partida, 21-10eko partziala sartu baitio etxeko taldeak Azu Muguruzarenari. Hamalau puntu goitik zela ekin diote azkeneko laurdenari, eta Araskik beste puntu bat gehitu dio aldeari.
Saskiratzaile onena Tamara izan da, 23 punturekin. Bederatzi errebote ere hartu ditu Araskiko pibotak. IDK-n Ariel Edwardsek sartu du puntu gehien: 19 egin ditu hegal-pibotak.
Sailkapenean, hogeigarren jardunaldia jokatu eta gero, Araski bosgarrena da, 12 partida irabazi eta gero. IDK sei bakarrik irabazteko gai izan da orain arte, eta azken-laugarrena da.
Gernikak irabazi egin du azken-aurrekoaren etxean
Gernikak bigarren postuan segitzen du, Quesos El Pastor taldearen etxean garaipena lortuta (62-70). Emaitzak ez du azaltzen bi taldeen arteko aldea, eta laurden bakoitzeko emaitzek horren berri ematen dute: aurrenekoan, 17-20koa izan da; bigarrenean, 10-15ekoa; hirugarrenean, 14-13 izan da irabazle ligan azken-aurrekoa den taldea; eta azkenekoan 21-22 nagusitu da Gernika.
Saskiratzaile onena Blake Julia Dietrick izan da. 19 puntu sartu ditu Gernikan ari den eskolta estatubatuarrak.