Araskik titulurako kanporaketetarako sailkatzeko aukera ezin hobea galdu zuen atzo Al-Qazeresen aurka (71-73). Eskura izandako garaipenak ihes egin zion, eta ezin izan zuen sailkapen matematikoa ziurtatu. Oraindik badu aukera, baina horretarako Cadi La Seuren etxean irabazi beharko du azken jardunaldian, eta hori lan zaila da. Beste aukera Bembibrek eta Al-Qazeresek euren azken partidak gal ditzatela da. Atzo ere beste bi euskal taldeen arteko derbia jokatu zen eta IDK Gipuzkoak 70-81 irabazi zuen Bizkaiaren pistan. Etxekoek hirugarren postura igotzeko aukera galdu zuten, IDK-k, aldiz, honezkero badaki liga seigarren postuan bukatuko duela.
Araskiko jokalariek bizkarreko handia hartu zuten atzo, partida osoan aurretik joan ondoren luzapenean galdu zutelako. Oso garesti ordaindu zituzten unerik erabakigarrietan huts egindako jaurtiketa libreak. Arauzko denbora amaitzeko hiru segundo falta zirenean, eta 64nako berdinketarekin, Drammehk bi huts egin zituen. Eta hori gutxi ez balitz bezala, gero, luzapena amaitzeko bost segundo falta zirenean, eta Araski 71-73 galtzen ari zenean, Edwardsek beste bi huts egin zituen. Madelen Urietaren atsekabe aurpegia ikustekoa zen.
Derbian, berriz, jokoan ezer ez zuen taldeak irabazi zuen. IDKgehiago izan zen lehen bi laurdenetan (30-45) eta ondo eutsi zion aldeari. Nabarmentzekoa Lyndra Weaverren lana: 29 puntu eta bederatzi errebote.
Egun txarra GBCrentzat
Delteco Gipuzkoa Basketek 72-84 galdu zuen atzo Andorraren aurka, eta atzera pausoa eman zuen mailari eusteko borrokan. Ez bakarrik porrotarengatik, Breogan eta Kanaria Handia aurkari zuzenek euren partidak irabazi zituztelako. Sekulic, 27 punturekin, izan zen GBCren jokalari onena. Baskoniarik dagokionez, gaur jokatuko du ACBko 25. jardunaldiko partida, etxean, Estudiantesen aurka (19:30). Ikusi beharko tornike Xengeliak minutu batzuk jokatzeko aukera duen.
Araskiren estropezua
71-73 galdu du Al-Qazeresen aurka, eta oraindik ez dago kanporaketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu