Ardo ona bezala

Zenbat eta urte gehiago, orduan eta errendimendu hobea. Hala dabil aspaldi Aritz Aduriz. 35 urte egin berritan, bere kirol ibilbideko inoizko sasorik onenean dago.

Julen Etxeberria.
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Halakorik ikusi gabea nengoen zelaiko jokalari bati. Adjektiboak agortzen ari zaizkit jada». Ernesto Valverderena da aitormena. Joan den asteazkenean egindakoa da, Athleticek eta Deportivok San Mamesen jokatutako partida amaitutakoan. Aritz Adurizez (Donostia, 1981) ari da. Athleticek 4-1 irabazi berri du, eta aurrelariak hiru gol sartu ditu. Hamazazpi gol daramatza jadanik ligan, eta 30 sasoi honetan lehiaketa guztiak kontuan hartuz gero: hamazazpi ligan, bost kopan, zazpi Europa Ligan eta lau Superkopan. Estatistika ikusgarria da. Baina ez da bakarra. Marka guztiak hausten ari da, 35 urte berritan.

BERE MARKARIK ONENA

Adurizek ez zituen inoiz sasoi batean 30 gol sartu. Aurreko denboraldikoa zuen markarik onena, 26 gol sartuta —48 partida jokatu zituen orduan, eta sasoi honetan 43 jokatu ditu oraingoz—. Athleticen historian, hiru jokalarik besterik ez dute sartu 30 gol baino gehiago sasoi batean: Agustin Sauto Bata-k 37 sartu zituen 1930-31ko sasoian; Telmo Zarrak seitan lortu zuen marka: 33 (1944-45), 37 (1946-47), 31 (1948-49), 36 (1949-50), 49 (1950-51) eta 30 (1952-53); eta Daniel Ruiz Bazanek Dani-k, behin 30, 1979-80ko sasoian. Beraz, 36 urte ziren jokalari zuri-gorri bat ez zela iritsi kopuru horretara. Fernando Llorentek oso gertu izan zuen 2011-12ko sasoian, baina gol bakarra falta izan zitzaion —53 partida jokatu zituen—. Okerrik ezean, Adurizek gutxienez Llorentek jokatutako neurketa kopuru hori jokatuko du bere marka are handiagoa egiteko: ligan 11, eta Europa Ligan gutxienez bi, hain zuzen. Ligari dagokionez, Adurizek bi gol falta ditu bere marka onena lortzeko, hemeretzi. Hori eginda, Eneko Arieta (20 gol), Victor Unamuno (20), Dani (21), Fidel Uriarte (22), Bata (27) eta Zarra (38) bakarrik izango lituzke aurretik.

ONENEN PARE EUROPAKO LIGAKO ONENETAN

Adurizen marka, ordea, Espainiako Ligatik haratagokoa ere bada ikusgarria. Europako sei liga onenak kontuan hartuta —Espainia, Alemania, Ingalaterra, Italia, Frantzia eta Portugal—, bost jokalarik bakarrik sartu dituzte hark baino gol gehiago lehiaketa guztiak aintzat hartuta: Luis Suarez Bartzelonako aurrelari uruguaitarrak 41 gol sartu ditu 40 partidatan; Cristiano Ronaldo Real Madrileko portugaldarrak, 35, 34 partidatan; Robert Lewandowski Bayern Municheko poloniarrak, 33, 35 partidatan; Lionel Messik, 33, 34 partidatan; eta Pierre-Emerick Aubameyang Borussia Dortmundeko gabondarrak, 32, 35 partidatan. Adurizekin berdinduta dago, berriz, Zlatan Ibrahimovic Paris Saint-Germaineko suediarra (35 partida). Atzetik ditu, ordea, Italiako, Portugalgo eta Ingalaterrako golegilerik onenak: Gonzalo Higuain Napoliko argentinarra (27, 34 partidatan), Jonas Gonçalves Benficako brasildarra (24, 29 partidatan) eta Jamie Vardy Leicester Cityko ingelesa (19, 28 partidatan).

Adurizekin antzekotasunen bat bilatuta, Ibrahimovic dirudi gertukoena; bai, behintzat, adinari dagokionez, hark ere 35 urte beteko baititu aurten. Suediarrak, halere, Paris Saint-Germain talde indartsuan jokatzen du, eta Espainiako Liga baino txapelketa askoz apalagoan. Parisko taldeak Monakori —sailkapeneko bigarren sailkatuari— ateratzen dion aldea da horren adibiderik nabarmena: 23 puntu. Adurizen meritua, beraz, askoz handiagoa da.

ZENBAT ETA URTE GEHIAGO, ORDUAN ETA GOL GEHIAGO

Eta adina aipatuta, Adurizen estatistiketan ezer deigarria baldin badago, hori da urteak egin ahala joan dela hobetuz bere batez bestekoa. Athleticen daraman azken lau sasoietan sartu ditu bere ibilbideko gol kopururik onenak: hemezortzi lehen bi sasoietan, 26 hirugarrengoan, eta 30 oraingoz laugarrengoan. Jokatutako partidei eta sartutako golei erreparatuta ere azken hiru urteetakoak dira haren markarik onenak: 2013-14ko sasoian, 0,5 (36 partida eta hemezortzi gol); 2014-15eko sasoian, 0,54 (48 partida eta 26 gol) eta sasoi honetan, 0,69 (43 partida eta 30 gol). Mundu bat dago batez beste horien eta Athleticen egin zituen lehen bi aldietakoen artean, halako bi baino gehiago da.

265 partida eta 115 gol, horra haren estatistikak zuri-gorriz (0,43 gol partidako). Hemezortzigarrena da sailkapenean, Carlos Ruizekin berdinduta. Gol bakarrera du Julen Guerrero (116), bira Rafa Iriondo (117), hirura Manu Sarabia eta Fernando Llorente (118), bostera Fidel Uriarte (120), hamalaura Ismael Urzaiz (129), hamabostera Victor Unamuno (130) eta hemezortzira Jose Luis Artetxe (133). Koska handia dago jada Agustin Gainza Piru-ren aldean, 37 gol (152), baina Adurizi gutxienez beste sasoi bat geratzen zaio maila nagusian, 2016-17ko sasoia amaitu arte, hain zuzen. Beraz, ez du oso urruti izango. Guztien gainean dago Telmo Zarra handia, kopuru beldurgarriarekin: 335.

PUSKASEN PARE LIGAN, ADINARI DAGOKIONEZ

Adurizen markak historikotik ere badu ligan. 52 urte ziren 35 urteko jokalari batek ez zuela sasoi batean hamazazpi gol sartzen. Ferenc Puskas Real Madrileko aurrelari hungariarra izan zen azkenekoa, 1963-64ko sasoian: 21 gol sartu zituen, 37 urte zituela. Puskas, hala ere, ohituta zegoen horiek egiten: 26 gol sartu zituen 36 urterekin, eta 20 gol 35 urterekin.

DENBORALDIKO HIRUGARREN 'HAT TRICK'-A

Adurizek sasoiko hirugarren hat trick-a lortu zuen asteazkenean, hau da, hiru gol partida batean. Aurretik bat egin zion Bartzelonari Espainiako Superkopako joanekoan (4-0) —hamar urtean jokalari bakar batek ez zizkion hiru gol sartu Bartzelonari partida batean—, eta beste bat Rayori, ligako 13. jardunaldian (0-3). Sasoi honetan Luis Suarezek (bost) eta Cristiano Ronaldok (lau) bakarrik lortu dituzte hark baino hat trick gehiago lehiaketa nagusietan. Deportivoren aurkakoa, gainera, 35 urterekin lortu zuen Adurizek, eta, horri esker, historiara pasatu da, Espainiako Ligan beste bost jokalarik bakarrik sartu baitituzte hiru gol partida batean 35 urte bete berritan: Larbi Ben Barek marokoarrak, Edmundo Suarez de Trabanco Mundo barakaldarrak, Puskasek, Alfredo di Stefano argentinarrak eta Quique Setien espainiarrak. Azken horrek sartu zuen azkena, duela 23 urte.

EUROKOPARA JOATEKO MERITUAK EGITEN

Adurizek asteazkenean egindakoak oraindik eta arrazoi gehiago ematen dizkie Athleticeko aurrelariak udan Frantziako Federazioak antolatuko duen Eurokopan egon beharra duela diotenei. Zenbakiak eskuetan, deialdian beharko luke. Diego Costa (Chelsea), Alvaro Morata (Juventus) eta Paco Alcacer (Valentzia) dira Vicente del Bosque Espainiako hautatzailek azkenaldian deitu dituen hiru aurrelariak. Bada, sasoi honetan 32 gol sartu dituzte hiruren artean, hots, Adurizek bakarrik sartu dituenak baino bi bakarrik gehiago. Ikusteko dago Del Bosquek azkenen zer egiten duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.