Ander Gebara. Alaveseko jokalaria

«Ardura ekarri dit Alavesera itzultzeak, baina eroso nago»

Alaves eskas dabil emaitza aldetik, baina taldea «bide onean» ikusten du Gebarak. Erdilaria giltzarri bihurtu da, eta gaur ere lema hartzen saiatuko da Vila-realen zelaian (18:30, Movistar).

DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gasteiztik Donostiara joan zen Ander Gebara (Gasteiz, Araba, 1997) 15 urterekin. Realean «urte paregabeak» bizi izan ditu, Kopako titulu eta guzti. Ordea, garrantzia galduz joan da Imanol Alguacilen taldean. Aldaketa behar zuen, eta Alavesek etxera itzultzeko aukera eman dio. Erabakiarekin pozik dago Gebara: asko eta ondo ari da jokatzen.

Zortzi puntu bildu dituzue lehen bederatzi partidetan. Merezi baino uzta urriagoa da?

Joko aldetik, taldea nahiko ondo ari da. Athleticen aurka ez genuen ondo jokatu, baina, bestela, sentsazioak baikorrak izan dira. Badakigu puntu aldetik eskas samar gabiltzala, eta oraindik gauzak daudela zuzentzeko. Hala ere, bide onean gaudela uste dut.

Zer falta izan zaizue emaitza hobeak lortzeko?

Erasoko fasean aukerak sortzen ari gara, baina ez gabiltza fin jokaldiak bukatzekoan. Hori da gehien falta zaiguna. Defentsan ere akats batzuk egin ditugu. Sendotasun horren bila gabiltza oraindik. Hortaz, zelaiaren bi muturretan irmoago aritzea falta izan zaigu. Oso erraz esaten da, baina zaila da.

Bost partida daramatzazue irabazi gabe. Buruz nola zaudete?

Talde gaztea gara, eta, alde horretatik, ez zaigu gogoa eta ilusioa falta. Egia da luzatzen ari dela irabazi gabeko partiden bolada, baina konfiantza osoa dugu egiten ari garen lanean. Datorrenari gogo handiz egingo diogu aurre.

Partida zailak izango dituzue etxetik kanpo hurrengo geldialdiaren aurretik, Vila-realen, Atletico Madrilen eta Bartzelonaren kontra. Ez da erronka makala.

Aurkari gogorrak izango ditugu etxetik kanpo, baina hau Lehen Maila da. Pentsaera baikorrarekin helduko diegu partida horiei. Zergatik ez: garaipenaren bila ariko gara. Oraindik ez dugu etxetik kanpo irabazi, ondo jokatu dugun arren, eta bolada hori puskatzeko gogo handia dugu.

Iritsi orduko, zeure egin duzu taldearen lema. Zer moduz sentitu zara orain arte?

Nahiko ondo. Denen konfiantza sentitu dut lehen momentutik, eta, zorionez, jarraian jokatzen ari naiz. Gustura nago jokatzen ari naizen moduarekin. Hala ere, hau hasi besterik ez da egin.

Aldaketa handia egin behar izan duzu Imanolen gidalerroak alde batera utzi eta Luis Garciarenetara egokitzeko?

Apur bat bai. Niretzat egoera berria da hau. Aldaketa handia izan da niretzat Donostia utzi eta Gasteizera itzultzea, baina, denen laguntzari esker, azkar eta ondo egokitu naiz. Entrenatzaileak erraztasun guztiak jarri dizkit, eta garrantzitsu sentiarazi nau hasieratik. Ideiak oso garbi ditu.

Alavesen Realean baino jokalari dinamikoagoa ari zara izaten. Askatasun handiagoa duzu aurrera egiteko. Nahiago horrela?

Realean bestelako zeregina nuen zelaian, eta gogo onez betetzen nuen. Alavesen jokatzeko era berri bat ari naiz ezagutzen, eta horrekin ere gustura nago. Ardura ekarri dit Gasteizera eta Alavesera itzultzeak, baina gogoz onartu dut erronka, eta eroso nago.

Realan aritutako jokalari asko zaudete orain Alavesen. Batzuetan zalantza egingo duzue Ibaian ala Zubietan ote zaudeten.

Bai, Zubietan aritutako jokalari asko elkartu gara, eta oso lagungarria da: azkarrago egokitu gara, eta egunerokoa ere errazagoa da. Ni 15 urterekin joan nintzen Realera, eta urte paregabeak bizi izan ditut han. Ordea, udan ulertu nuen aro bat bukatzeko garaia iritsi zela, eta Alavesek sekulako aukera eman dit.

Nolakoa izan da Mendizorrotzako belarra lehen taldeko jokalari gisa zapaltzea?

Aurrez bisitari gisa jokatu dut, eta beti izan da berezia Mendizorrotzan aritzea. Baina beste gauza bat da Alaveseko jokalaria bazara; zaleen berotasuna eta babesa sentitzen duzu. Oso berezia da.

Familia, lagunak… Alboan dituzu orain. Gustura zaude horrekin?

Gasteiz ez dago Donostiatik oso urruti, baina orain gehiago sentitzen dut hurbilekoen gertutasuna. Berreskuratu dudan zerbait da, eta asko estimatzen dut.

Garai batean aitarekin joaten zinen Mendizorrotzara, eta baloiak biltzen ere ibili zinen. Alavesen jarraitzaile izan zara beti?

Gertutik jarraitu izan dut. Hori ez da galtzen, eta are gutxiago arabarra izanda. Urte hauetan guztietan beste zale baten moduan bizi izan ditut Alavesen joan-etorriak. Oso klub umila da oraindik ere, baina asko garatu da.

Realean bizitako aroaz zer sentipen gelditu zaizu?

Zaila da deskribatzen. Reala nire etxea izan da, eta momentu on asko bizi izan ditut han. Alde horretatik, zaila izan zen udaran erabakia hartzea. Realak toki berezia izango du beti nire bihotzean, eta Kopako titulua ez dut sekula ahaztuko.

Zergatik sentitu zenuen irteteko beharra?

Aurrekoa denboraldi ahaztezina izan zen guztiontzat. 26 urterekin, ordea, gorputzak beste zerbait eskatzen zidan. Aldatzeko garaia zen. Alavesek bestelako helburuak ditu, baina proiektuaren parte sentitzen naiz, eta erronka oso erakargarria da salbazioa lortzea.

Inbidiarik sentitzen al duzu taldekide ohiak Txapeldunen Liga jokatzen ikustean?

Mirespena sentitzen dut, iazko talde ia berdina gai ari baita izaten Europako onenen artean primeran jokatzeko. Gozatzen ari naiz Realaren zale gisa. Asko pozten naiz haiengatik.

Zer helburu izango duzu aurrerantzean Alavesen?

Orain arte bezain ongi jarraitzea eta zelaian gozatzea. Oso gustura nago klubean, taldekideekin eta beste langile guztiekin, eta horri errendimendu ona gehitzen badiot, primeran. Kapitain bihurtzeak ez du hainbesteko garrantzirik niretzat; hala gertatzen bada, harro sentituko naiz, baina badaude lehenago egin beharreko beste gauza batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.