Irribarrea ahoan duela iritsi da hitzordura Gorka Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1987), Zubietara. Garai gozo batean da, gozoenean bere ustez, lehen taldera iritsi zenetik.
Realak 2, Mallorcak 0. Zer dio emaitza on horrek?
Garaipen garrantzitsua da, inondik ere. Oporretara joan ginenean, bagenekien aldapa gogor bati ekin beharko geniola urtarrilean, eta taxuz hasteak benetako balioa dauka. Ez soilik kanporaketari dagokionez, baita Osasunaren aurkako partidari begira ere. Gure eginahaletan itsu-itsuan sinesten dugula irtengo gara zelaira.
Kopak zer esan nahi du orain?
Betidanik egon da txapelketa honetan behingoz zer edo zer egiteko gogo berezia. Denbora gehiegi generaman kale egiten. Horren adibide, Anoetak izandako itxura ederra [22.000 lagunetik gora]. Hori bai, ezin gaitezke nahastu inolaz ere: ligan atera behar ditugu guk babak eltzetik. Jokalariak lehia du buruan, eta, alde horretatik, mesedegarri zaigu Kopan aurrera egitea. Gainera, giroa zoragarria izaten da. Anoeta beteta, gauez… Ea urrutira heltzen garen.
Abenduan zuzendu zenuten bidea. Jokoari dagokionez, non egon da aldea?
Defenditzean taldeak lortutako sendotasun eta seriotasuna nabarmenduko nituzke nik. Grinarekin atera garen bakoitzean aurkaria ez da eroso egon, lanak zaildu egin dizkiogulako. Gure atea hutsean mantentzeko gai bagara, neurketak ateratzeko benetako aukerak izango ditugu, goiko lerroan kalitate handikoak ditugu eta. Hori guztia, Betis eta Malagaren kontrako garaipenak ahaztu gabe. Ezinbestekoak izan ziren gora egiteko.
Zure kokapena aurkitu al duzu?
Bai. Eroso sentitu izan naiz hor jokatu dudanean. Gure eta arerioaren sistemaren arabera, modu batera edo bestera jokatzen dut. Batean atzelariengandik gertuago, besteetan goikoekin elkar hartuz.
Chris Coleman eta Juanma Lillorekin zer eman zenezakeen erakutsi zenuen. Orain, berriz, ematen ari zara.
Nire ibilbideko garairik onenean egongo naiz, beharbada: zelaian ongi kokatuta, taldekideekin ongi hartzen, sasoiko eta burua bere tokian. Hazten jarraitu behar dut oraindik ere, noski.
Zertan hobetu duzu?
Entrenatzaile bakoitzak bere liburuxka duenez, ez da gauza bera bataren zein bestearen aginduetara aritu. Aurreko sasoian, adibidez, ez nuen topatu nire tokia. Orain, aldiz, eroso nabil, eta, gainera, Aranburu eta Zurutuzaren aldamenean aritzeak izugarri arintzen dit lana. Txukun ari gara.
Betebeharrak ezberdinak al dira?
Bai. Atzealdeak zelai erdiarekin bat egiteko tresna izango nintzateke, aingura modukoa. Askotan sartzen naiz bi atzelarien artean, eta zelai erdikoei ere lagundu behar diet defentsan, baloirik gabeko lanean, presioan… Gora egiteko askatasuna ere badut, eta gutako askok area zapaltzen badugu erasoan ari garenean, hainbat eta hobeto, aurkariak defenditzeko lanak izango dituelako. Horrez gain, aurkarien kokapena ikustea ahalbidetzen didan postuan ari naiz. Horrela, errazagoa zait baloia eramatea.
Zer falta izan zaizu zuri hori guztia lehenago lortu ahal izateko?
Futbolariak segidan aritu behar du derrigorrean. Nik ez dut horrelakorik izan, zenbait arrazoirengatik. Entrenatzailearen jokamoldean ez zara beti eroso sentitzen. Lillorekin txukun ekin nion denboraldiari, baina denbora luzez gelditu behar izan nuen, orkatilan lesio latza izan eta gero. Horren ondoren, ez dut nahi bezainbestetan parte hartu.
Garai ilunetan Elustondoren izena nahieran erabili zen?
Iruditzen zait aurreikuspenak gehiegizkoak izan zirela, eta, jakina, zelaiko ardurak horren araberakoak dira. Neurketa beteak jokatu ez ditudaneko kritikak ere aurreikuspen horiek baldintzaturik egon dira. Zaleak agian ez du ikusi nire alde ona. Halere, ez naiz nire onetik atera, berandu baino lehen barruan daramadan guztia ateratzeko esperantza ez baitut sekula galdu. Entrenatzailearen konfiantza funtsezkoa izan da.
Erabateko ustea al du zugan Philippe Montanierrek?
Bai. Sevillako neurketaz geroztik oso gertu sentitu dut: nirekin maiz hitz egin du, bere berotasuna eman. Ez naiz ezeren kexu.
Zer dio berak?
Garrantzi handia ematen dio entrenatzaile taldeak kokapen horri. Markagailuan aurretik jartzean, askotan esaten dit erdiko atzelariengandik gertu egoteko, zaindu eta babesteko. Mallorcaren aurka bitan dei egin zidan nire mugimenduak zuzentzeko.
Hau al da sasoi garrantzitsuena zuretzat?
Ba, bai. Gainontzekoak ez dira igaro nik nahi moduan. Guztietatik atera ditut ikasgaiak, baina ez ditut bete nire helburuak. Bi txapelketatan gabiltza orain buru-belarri, eta sasoi hau ederra izan daiteke, bai niretzat, bai taldearentzat.
Lehia ederra daukazue zelai erdian.
Eta denon beharra izango du entrenatzaileak, neurketa asko geratzen zaizkigu eta. Gainera, lehia zenbat eta estuagoa izan, orduan eta hobe, gure maila hobetzeko balioko baitigu.
2015era arte luzatu berri duzu kontratua. Lasaitzearen eta erlaxatzearen arteko tartea ez al da estuegia halakoetan?
Izan liteke. Nik oso garbi daukat ez naizela lasaituko. Ahalik eta neurketarik gehien jokatu nahi dut; ez dut bidean gelditu nahi.
Besokoa duzula ikusten al duzu zeure burua noizbait, ala izaera falta zaizu horretarako?
Urteen poderioz ikusiko da. Zergatik ez? Hemen hazitakoa naiz; ez nioke muzin egingo inolaz ere.
Zer hartuko zenuke orain besokoa daramanaren jokotik?
Gauza asko. Aranburuk neurketaz neurketa erakusten du hor dagoela beti, ez dela inoiz ezkutatzen. Gutxi batzuek pentsa dezakete onenak eman dituela, baina guretzat oso da garrantzitsua. Kapitain handia da, eta ez du azken hitza esan, ezta gutxiagorik ere.
Realak ba ote du aparteko sufrikariorik gabe mailari eusteko ahalmenik?
Bai, azken neurketetako bideari eutsiz gero. Horretarako, puntuak batzen jarraitu behar dugu, Osasunaren aurkakotik hasita. Gero Mestallan eta Calderonen jokatu behar izateak garrantzi handiagoa ematen dio biharko derbiari.
Gorka Elustondo. Realeko jokalaria
«Argi dut ez naizela lasaituko; ez dut bidean geratu nahi»
Ezin erosoago ari da Gorka Elustondo atzelarien aurretik lotura lanak egiten. Betisen zelaian ekin zion denboraldiari, eta orduz geroztik Philippe Montanierren uste osoa izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu