Sakon hartu du arnasa Athleticek Almeriari egindako bisitan. Talde zuri-gorria 0-1 nagusitu da Xabier Etxeitak 55. minutuan sartutako golari esker. Athleticek ez du partidu ona jokatu, baina azken minutuetan ondo eutsi dio Almeriari, eta emaitza ez da gehiago mugitu. Lortutako hiru puntuei esker bizkaitarrak sailkapeneko hamalaugarren postuan dira zortzi punturekin, jardunaldiko beste emaitzen zain.
Ernesto Valverdek ondorengo hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz, De Marcos, Balenziaga, Etxeita, Laporte, Iturraspe, Rico, Beñat, Susaeta, Aduriz, Muniain. Gurpegi etxean gelditu da belaunean hartutako kolpe baten ondorioz, eta Etxeitak ederki probestu du aukera. Zornotzarrak balio handiko gola sartu du Juegos Mediterraneos estadioan. Gola Susaetak ateratako korner baten ondotik etorri da. Erdiraketa urruntzea lortu du Almeriako jokalariak baina aldaratzea Etxeitari etorri zaio area txikian, eta azken momentuan oina sartuta sarera bidali du baloia.
Almeria saiatu da berdinketaren gola sartzen, baina ondo eutsi dio talde zuri-gorriak. De Marcosek zelai erdian jokatu du bigarren zatian, Iraola 53. minutuan Beñat ordezkatuz sartu baita zelaira. Minutu bat beranduago, baina, usurbildarrak txartel horia ikusi du. Valverdek ez du arriskatu nahi izan eta Bustinza zelairatu du 80. minutuan Susaetaren ordez. Athletic saiatu da kontra erasoan partida erabakita uzten, baina ez du aukera garbiegirik sortu. Partida bukatzeko zortzi minutu falta zirela Etxeitak area barruan bota du ostikoz Soriano, baina epaileak ez du ezer adierazi. Hiru puntuei esker zuri-gorriek bolada txarrari eman diote amaiera, San Mamesetik urrun jokatutako azken sei partiduak galdu baitzituzten, lau Ligan eta bi Txapeldun Ligan.