Aro berri bati ekiteko prest eta ilusioz

Athleticek gaur ekingo dio denboraldiaurreari. Torre, Nanclares, Facila, San Adrian eta Zugasti fitxatu ditu talde zuri-gorriak

Athleticeko jokalariak, atzo, osasun azterketa egiten. ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Athleticeko jokalariak gaur bueltatuko dira lanera. Maiatzaren 25ean jokatu zuen azken neurketa, eta jokalariek atzo mediku azterketak igaro ostean, gaur zapalduko dute berriz Lezamako zelaia. Entrenatzaile berri baten aginduetara egingo dute, David Aznarrek gidatuko baitu denboraldi honetan talde zuri-gorria. Hark hartu du Iraia Iturregiren lekua, gizonezkoen Baskonia taldeko entrenatzaile multzoan arituko baita lanean Iturregi hemendik aurrera. Hala, proiektu berri bati ekingo dio taldeak. Aulkian ez ezik, zelaian ere itxura eraberritua izango du, azken denboraldietan baino jokalari gehiago fitxatu baititu: bost. Aurreko denboraldian une batzuetan gehiago egon zen sailkapenaren behealdera begira gora baino. Hori ez gertatzea izango du helburu, eta gutxienez begirada gora begira izatea.

Ezustean iritsi zen Iturregiren agurra: «Alde batera» egiteko garaia zela esan zuen, eta «ilusioz» hartu zuela klubak proposatutako erronka. Handik aste batzuetara fitxatu zuten Aznar. Tacon Lehen Mailara igo, eta denboraldi eta erdi zuzendu zuen Real Madril. Aurkezpenean «pozik» azaldu zen teknikaria: «Egon nahi nuen lekuan nago. Klub honek dituen balioekin identifikatzen naiz, zale apartak dauzka, eta munduan bakarra den filosofia bat. Ardura handiko erronka da, baina aldi berean motibazio izugarria». Multzoaren inguruan ondorengoa adierazi zuen: «Uste dut talentu handia duela, eta identitateak are indartsuago egin behar gaitu, gainera».

Fitxaketei dagokienez, bost egin dituzte. Realetik Adriana Nanclares atezaina eta Maddi Torre atzelaria iritsi dira talde zuri-gorrira; Alavesetik Garazi Facila atzelaria eta Marta San Adrian aurrelaria; eta, Osasunatik, Patricia Zugasti aurrelaria. Hain zuzen ere, Zugasti da fitxaketen artean Lehen Mailan esperientziarik ez duen bakarra. 2026 arte sinatu du. «Nire ametsa beteko dut Lehen Mailan jokatuta, eta Athletic leku aproposa da, aspalditik egin duelako apustu sendoa emakumeen futbolaren alde».

Torrek ere 2026 arte sinatu du, eta Bilbora itzuli da. Izan ere, sei denboraldiz egon zen klubean, eta 2015-2016 denboraldian liga irabazi zuen lehen taldearekin. «Nire onena eman nahi dut, eta dudan esperientziarekin gazteei lagundu».

Nanclaresek lehia estua izango du Mariasun Quiñonesekin atezain titular izateko. 21 urterekin, lau denboraldirako kontratua egin diote: 2027 arte. «Ilusio handiarekin nator. Gauza politak ditugu aurretik».

Alaves Bigarren Mailara jaitsita, kolpea jaso zuten San Adrianek eta Facilak. Baina gorenean segitzeko aukera dute. San Adrianek nabarmendu zuen Athletic «aspalditik» ari dela gauzak «ondo» egiten. «Etorkizunean hazten jarraitu du». Haren hitzarmena 2026ra arte da, baita Facilarena ere. «Dudan maila erakutsi nahi dut, eta teknikariaren konfiantza irabazi».

Jokalarihoriek taldea utzi dutenetako beste batzuen tokia hartuko dute. Alde horretatik, klub zuri-gorriak hiru jokalari garrantzitsu galdu ditu. Nekane Diezek erretiroa hartu du, klubean 16 urte igaro ostean; baita Leire Monentek ere. Oihane Hernandezek eta Oihane Valdezatek, berriz, Real Madrilekin eta Erromarekin fitxatu dute, hurrenez hurren. Eibarren arituko da utzita, berriz, Amaia Peña.

Hasiera batean hiru jokalari beren kabuz arituko dira lanean: Irene Ogiza, Marta Unzue eta Facila, min hartuta amaitu baitzuten sasoia. Unzueren kasuan belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, eta luzerako du.

Datorren asteburuan jakingo du Athleticek ligan izango duen lehen aurkaria, orduan zehaztuko baita egutegia. Lehen neurketa hori prestatze aldera lagunarteko partidak jokatuko ditu Santanderko Racingen, Granadillaren, Madril CFFren eta Sporting Portugalen kontra. Euskal Herria Kopa ere jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.