Nahia zena errealitate bilakatu da. Realak lortu du helburua. Donostiako taldea Txapeldunen Ligan ariko da datorren denboraldian, azken aldiz aritu eta hamar urte geroago. Hasi eta buka, sasoi ona osatu dute txuri-urdinek. Gogoangarria da Imanol Alguacilen taldeak egin duena. Hala adierazi zuen teknikariak, herenegun, Atletico Madrilen aurkako partida amaitu eta gero: «Zoragarria da talde honek denboraldi osoan egin duena, aurreko hiru denboraldietakoari jarraipena emanda, eta, gainera, Txapeldunen Ligarako sailkatuta». Izan ere, Realak zenbait lorpen historiko erdietsi ditu jada, eta haiek hobetu ditzake azken jardunaldian. Ordea, ligatik harago doa Zubietakoen jardun distiratsua.
PUNTU KOPURUAN, ZILARRA
Puntu kopurua da Realak osatu duen sasoi onaren adierazle nagusia. Espainiako Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, 68 puntu eskuratu ditu, eta klubaren historiako markarik onenetan bigarrena da hori. 2002-2003 denboraldian soilik eskuratu zituen gehiago; orduko hartan, Reala txapeldunorde izan zen. Oraindik jokatzeke dituen sei puntuak eskuratuz gero, gailurraren atarian geratuko da Imanol Alguacilek gidatutako multzoa. Hain justu ere, Almeriaren aurka gainditu zuen iazko puntu kopurua (65).
GARAIPEN ERREKORRA
Gaur egungo taldea Realaren historiaren parte da jada. Donostiako klubak inoiz baino garaipen gehiago eskuratu ditu: 29. Asteartean gainditu zuen 1987-1988 denboraldiko lorpena ontzea. Ligan asko bildu dituen arren, hiru txapelketa jokatzeak bide eman dio errekor propioa ezartzeko. Hogei garaipen eskuratu ditu Espainiako ligan, bost Europa ligan, eta lau Espainiako Kopan.
BOLADA ONAK KATEATUTA
Jarraitutasuna izan da Realaren beste indargune bat. Multzoak jakin du aldi onei segida ematen, eta horrek finkatu du Txapeldunen Ligako postuetan. Izan ere, bi aldiz lortu du bost garaipen jarraian kateatzea. Lehendabizi, seigarren jardunalditik hamargarrenera, eta, ondoren, hamalaugarrenetik hemezortzigarrenera. Gainera, azken aldi horren aurreko eta osteko partidak berdindu egin zituen, eta horri esker zazpi partida lotu zituen galdu gabe.
ETXETIK KANPORA, TINKO
Anoetatik urrun lortutako garaipen sorta da aurtengo Reala Txapeldunen ligarako sailkatu izanaren beste gakoetako bat. Izan ere, txuri-urdinek inoizko markarik onena ezarri dute arlo horretan ere. Hamar garaipen eskuratu dituzte etxetik kanpora, hemezortzi neurketa jokatuta. Sekula baino gehiago da hori. Orain artean bederatzi alditan ezarria zuen langa.
GARAIPEN SONATUAK
Donostiarrek munta handiko partidak irabazi dituzte aurten. Orain hurrena, Bartzelona azpiratu zuten bere estadioan (1-2), 1991tik halakorik egin gabe egon eta gero. Ez hori bakarrik: Manchester Unitedi ere irabazi egin zion Old Trafforden (0-1), Europa ligako partidan, eta Real Madril eroso azpiratu zuen Anoetan. Zuriei dagokienez, Realak aldeko du gol aldea; hutsean berdindu zuen Santiago Bernabeun eta irabazi Anoetan (2-0). Hortaz, gaur-gaurkoz, txuri-urdinek aukera dute zuriak sailkapenean gainditu eta hirugarren postuan amaitzeko. Sasoiko beste garaipen esanguratsua Athleticen aurkakoa izan zen, joan zen urtarrilean (3-1).
HUTSAREN BALIOA
Erasoko jokalarien eta defentsakoen elkarlana izan da Realaren ezaugarri behinenetako bat. Batez ere, atzeko lerroan erakutsitako sendotasunak puntu asko lortzea ahalbidetu dio Realari. Alex Remirok hamabost aldiz utzi du bere atea hutsean, Espainiako Ligari dagokionez. Hala, Realak ez du galdu hamabost partida horietan. Gainera, txuri-urdinek ez dute golik jaso Europa ligako bost partidetan, eta kopako hirutan. Guztira, 23 alditan.
EUROPARA, BESTE BEHIN
Reala ondo ari da ligan azken urteetan, eta bada datu bat hori berresten duena. Azken lau aldietan Europarako sailkatu da. Europa liga izan du sari hiru aldiz, eta urrats bat gehiago egin du aurten, Txapeldunen Ligarako sailkatuta. Gisa horretara, klubaren historiako marka bat berdindu du oraingoan, lau aldiz sailkatuta. Aurrez, 1978tik 1982ra arteko sasoietan lortu zuen hori.
IZEN PROPIOAK
Taldea izan da, oroz gain, Realaren aurtengo arrakastaren eragile nagusia. Multzoak distira egin du oro har, eta haien artean badira zenbait jokalari ikusgarri aritu direnak. Remiroz gain, erdiko bi atzelariak oso garrantzitsuak izan dira taldeak asteburuero erakutsi duen sendotasunean: IgorZubeldiak —2029. urtera arte berritu du kontratua— eta Robin Le Normandek maila izugarria erakutsi dute. Aise aritu dira, halaber, Martin Zubimendi, Mikel Merino, David Silva —beste urtebetez berritu du kontratua—, Alexander Sorloth eta Take Kubo jokalariek ere, besteak beste. Japoniarrak zaleen grina piztu du Realean egin duen estreinako sasoian.
Arrakasta gogoangarri bat
Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu da hamar urte geroago. Txuri-urdinek bete-beteko sasoia osatu dute, eta horrek modua eman die jardunaldi baten faltan helburua egia bilakatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu