Arrakastarako geltokietako bat da Zaragoza

Lehen Mailara berriro igo zenetik, Realak ez du bigarren itzulian etxetik kanpo irabazi, eta gaur aukera ona du

Donostia
2013ko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baloia batera eta bestera mugitzeko gogo biziz zelairatuko dira Realeko futbolariak Zaragozaren zelaira. Horretan bildu dute arreta osoa, jakinik Iñaki Badiola presidente ohia bazterrak zikintzen aritu dela, Espainiako hedabideen laguntzarekin, Puerto operazioaren epaiketaren berotasunean gozo. Ez diote kasurik egin. Beteranoenek bazekiten zertarako gai den Badiola eta haren jarraibide oker eta fidagaitzaren beste erakustaldi gaiztoa baino ez dela izan azken egunetan gertatua. Agintari, kazetari eta zaleentzat, berriz, ez dira izan egun samurrak. Badiola olatua ez zen besterik gabe eratu bere garaian, eta horren inguruan bat baino gehiago ariko zen hausnarrean, aurrerantzean errepika ez dadin. Ikasgaia hartuta, Realaren inguruak bat egin du beste askotan ez bezala. Ez dirudi erru handiena nork izan zuen leporatzen hasteko garaia denik, baizik etaproiekzio itzeleko talde etxetiar gaztearen hazkundearekin gozatzekoa.

Philippe Montanierrek lehentasunak finkatu zituen atarikoan. Bigarren itzulian etxetik kanpo lehenbailehen irabaztea garrantzitsuena. Aurreko bi denboraldietan egin ez zutena. Horrek argi erakusten du ez dela nolanahiko erronka txuri-urdinentzat, nahiz eta Zaragozaren jokalekua gotorleku modukoa izan ez. Romaredan jokatutako azken lau neurketetan puntu bakarra atera dute. Gola sartzeko aukerak sortu eta gauzatzeko arazo handiak dituzte.

Mikel Gonzalez, De la Bella eta Markel berreskuratuko ditu gaurko entrenatzaileak, eta baliteke hirurak hasieratik aritzea. Bi atzelariei dagokienez, ez dago zalantzarik. Gonzalezek Elustondo ordezkatuko du, eta De la Bella Jose Angelengatik ariko da. Taldetik aterako diren bi horiek deialditik kanpo geratu ziren, giharretako arazoak zirela eta. Ifranek ere ez zuen bidaiatu, eskuin belauneko minez baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.