Arrakastari eutsi nahian

Heineken kopan aurrera egin eta gero, Miarritzek Top14ko podiumean sartzeko aukera du, bihar Perpinyari irabazita

Dimitri Yachvili eta Samiu Vahafolau, entsegua sartzen, Heineken kopan, Bathen aurkako partidan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2011 bikain hasi du Miarritzek. Top14an onenen artean dabil Agilerako taldea, eta Heineken kopako final-laurdenetan sartu berri da. Bihar arratsaldean, Agileran, Kataluniako Perpinyaren aurka bolada onari eutsi nahi dio (19:30).

Lapurdiko kostaldeko taldea bidea poliki baina segurki egiten ari da, eta Top14an aitzineko postuetan segitzea du helburu. 44 punturekin, ligako laugarren postuan daude miarriztarrak. Gaur irabaziz gero, baliteke sailkapeneko hirugarren posturaino igotzea, betiere Montpellierrek zer egiten duen.

Miarritzen gustura daude taldea batez ere gibelean erakusten ari den hobekuntzarekin. «Gibelean jokalariak beren artean hobeki moldatzen dira, eta gure jokoa plantan ezartzen ari da», esan du Serge Blanco taldeko presidenteak. Larunbatean Bathen aurka lau entsegu sartu izanak konfiantzarako balio handia du. «Ez da sasoi honetan jokatu dugun partidarik onena, baina erasoan geroz eta finago gabiltza, eta poztekoa da hori», adierazi du Laurent Rodriguezkirol zuzendariak.

Aurkaria, puntu premian

Miarriztarrek badute baikor izateko motiborik. Gaurko aurkariari, gainera, neurria hartua dio Agilerako taldeak. 1945eko gerraz geroztik, Perpinyak ez du sekula Miarritzen irabazterik izan. Azken urteetan, garbi atera da galtzaile.

Baina Kataluniako taldea ez da oporrak pasatzera etorriko Euskal Herrira. Oroitarazi behar da azken bi urteetan Top14ko finalista izan dela, eta Heineken kopako final-laurdenetan sartu da hura ere. Top14an, baina, Jacques Brunelen jokalariek ez dute asmatzen. Beren helburuetatik urrun dabiltza, sailkapeneko hamargarren postuan baitaude, 35 punturekin. Lehen sei postuak dira haien helburua; Europa- ko eta ligako promozio faserako postuak, hain zuzen. Lehen sei taldeen bagoiak ihes ez egiteko, etxetik kanpo irabazten hasi behar da Perpinya, eta gaur helburu horrekin zelairatuko da Agileran. Miarritzek argi ibili beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.