Arraroa izatea ez da txarra

Hurrengo Tourra ez da Parisera iritsiko: Nizan bukatuko da, erlojupeko batekin. Mendi garaiek eta lurbideek xarma emango diote ibilbideari. Emakumezkoen lasterketa Alpe d'Huezen amaituko da

Arraroa izatea ez da txarra.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun

Bitxia izango da datorren urteko Tourra. Salbuespen gisa, gizonezkoen lehia ez da Parisen bukatuko, Nizan baizik, uztailaren 21ean. Bost egun geroago hasiko dira Pariseko Olinpiar Jokoak, eta horregatik, Tourreko azken etapa Frantziako hiriburutik kanpo jokatuko da, historian lehen aldiz. Halaber, aurrenekoz hasiko da lasterketa Italian, Ottavio Bottecchiak garaipena lortu eta ehun urtera. Italiarrek irabaziriko lehen Tourra izan zen. Tropela ekainaren 29an jarriko da martxan, eta, Nizara bidean, bi aldiz igaroko da Alpeetatik, eta behin Pirinioetatik eta Erdialdeko Mendigunetik. Bi erlojupeko jokatuko dituzte: bata, lehen astean; eta bestea, azken egunean bertan. 1989an amaitu zen azkenekoz Tourra erlojupeko batekin. Lur gainean ere lehiatu beharko dira txirrindulariak. Atzo eman zituzten xehetasun guztiak, lasterketa aurkezteko ekitaldian.

Itxuraz ibilbide ezberdina izango da, baina mamia ez da hainbeste aldatuko. Izan ere, txirrindulariak mendiz mendi ariko dira. Izen eta gogortasun handiko mendateak egongo dira tartean: hala nola Galibier, Tourmalet, Plateau de Beille, Isola 2000 eta Bonette. Berrehun kilometrotik gorako bost etapa jokatuko dira orotara; horietatik hiru, Italiako lurretan, lehen hiru etapetan. Zazpi etapa jo daitezke menditsutzat, eta hiruk 150 kilometro baino gutxiago izango dituzte. Mendiko etapa luzeak desagertzeko arriskuan daude, itzuli handien esentzia diren arren. Erlojupekoak ere nabarmen laburtu dira azken urteetan, baina hurrengo Tourrak bederen 59 kilometro izango ditu erlojupean. Asko dira, aurten 22 kilometro izan direla aintzat hartuz.

Iazko irteera hartu ondoren, aurten ez da etaparik igaroko Euskal Herritik. Lehia Italian piztuko da: bi etapa gorabeheratsu eta saio leun bat jokatuko dira lehen hiru egunetan. Lehen etapak Florentzia eta Rimini lotuko ditu, eta 3.600 metroko desnibela izango du. Tourrak ez du sekula eduki horren hasiera menditsurik. Eta errepidea are gehiago tentetuko da 4. etapan, ziklistak Alpeetan barneratuko baitira: Sestriere, Montgenevre eta Galibier kateatuko dituzte. Azken horren gailurrera iritsi, eta maldan behera egongo da helmuga, Valloiren. Oso goiz izango da oraindik, eta baliteke faboritoek arriskurik hartu nahi ez izatea. Halere, gaur egungo ziklismoan ezin da ezer baztertu. Oilarrek edozein aukera baliatu nahi izaten dute.

Maldan gora ez ezik, txirrindulariek erlojuaren aurka ere jardun beharko dute lehen astean. Izan ere, 25 kilometroko bakarkako saioa jokatuko dute zazpigarren lasterketa egunean. Mahasti artean lehiatuko dira, eta muino bat igoko dute ibilbidearen erdialdean. Bi egun geroago, asfaltorik gabeko hamalau tarte aurkituko dituzte; 32 kilometro osotara lur gainean. Abileziarekin batera, garrantzi handia izango du kokapenak eta zorteak. Matxurek jokoz kanpo utz dezakete bat baino gehiago. Oso adi egon beharko dute ziklistek. Biharamunean, atseden hartzeko ordua iritsiko zaio tropelari.

Haizeak triskantza eragin dezake 10. etapan, eta 11.a luzea izango da (211 kilometro), baita gogorra ere, lau mendate igoko baitituzte bukaeran: Neronne, Pas de Peyrol, Pertus eta Font de Cere. Nolanahi ere, Pirinioetako etapak izango dira bigarren asteko arretagune nagusia. Pla d'Adeten bukatuko da bata, aurrez Tourmalet eta Hourquette d'Ancizan igo ondoren; eta bestean, Peyresourde, Mente, Portet d'Aspet eta Agnes kateatuko dituzte, Plateau de Beillen bukatu aurretik. Faboritoek, hortaz, indar betean jardun beharko dute azken atseden egunaren aurretik.

Azken txanpa gogorra

Lana pilatu egingo zaie hirugarren astean, Alpeetan sartuko baitira berriz ere: 17. etapa Superdevoluy eski estazioan bukatuko da, eta, Mediterraneora iritsi aurretik, 19. etapak Isola 2000 mendatean izango du helmuga. Aurrez Vars eta Bonette igoko dituzte. Europako mendaterik garaiena da azken hori (2.808 metro), eta 2008an igo zen azkenekoz Tourrean. Eguneko beste bi mendateek ere 2.000 metrotik gora izango dute tontorra. Langa hori gainditzen duten sei mendate igoko dira guztira datorren urtean —Galibier, Sestriere eta Tourmalet dira besteak—.

Lasterketak oso bukaera gogorra izango du, Nizan: azken-aurreko etapan Braus, Turini, Colmiane eta Couillole igoko dituzte; eta amaitzeko, 34 kilometroko erlojupeko gogorra jokatuko dute. Bi mendate topatuko dituzte bidean, Turbie eta Eze. Sailkapenean gauzak oraindik estu badaude, amaiera zinez zirraragarria izan daiteke.

Mendiko etapez landa, ibilbide hautsiko lau jokatuko dira, eta esprinterrentzako egokiak diren zortzi. Horietan Eddy Merckx aurreratu eta lasterketaren historian garaipen gehien lortu duen ziklista bihurtzen saiatuko da Mark Cavendish (Astana). Jonas Vingegaard (Jumbo), berriz, maillot horia hirugarrenez janzten saiatuko da. «Irrikaz nago lehiatzeko. Ibilbidea oso gogorra izango da, batik bat hirugarren astean, mendi oso garaiak igoko baititugu», esan zuen atzo.

Bi etapa egun bakarrean

Emakumeak, berriz, Olinpiar Jokoen ostean ariko dira lehian, abuztuaren 12tik 18ra bitarte. ASO enpresak antolaturiko hirugarren Tourra izango da, eta lehen lau etapak Herbehereetan jokatuko dira. Aurrenekoak Rotterdam eta Haga lotuko ditu, eta berritasun gisa, abuztuaren 13an lan saio bikoitza izango dute: goizean 67 kilometro egingo dituzte, eta arratsaldean, berriz, erlojupekoa jokatuko dute, 6,3 kilometroko ibilbidean.

Laugarren etapak klasiko usaina izango du, Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketetan ohikoak diren errepideetan egingo baita. Valkenburgen hasiko da, eta Liejan bukatu. Hurrengo bi etapak ere bihurriak izango dira: 5. etapan, bost muino gainditu beharko dituzte; eta biharamunean, beste bost igoera izango dituzte bidean, bezperakoak baino luzeagoak.

Mendaterik gogorrenak, dena den, azken bi egunetan igoko dituzte: 7. etapa Le Grand Bornanden bukatuko da, aurrez lau igoera lotu ondotik, eta azken saioak Alpe d'Huezen izango du helmuga. Aurrez Glandon igota iritsiko dira hara. Baliteke mendate mitikoan bukaera epikoa ikustea. «Ez naiz sekula egon Alpe d'Huezen. Umetan telebistaz ikusi nuen, eta zirraragarria da azkenean igo ahal izatea», esan zuen Demi Volleringek (SD Worcx), aurtengo Tourreko irabazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.