Miguel Goñi eta Naiara Egozkue

Arrastoa utzi dute

Erretiroa hartu dute Miguel Goñi eta Naiara Egozkue eskubaloi jokalari nafarrek, 38 eta 35 urterekin, hurrenez hurren. Kirol ibilbide luzea egin dute biek ala biek.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eskubaloia, eta zehatzago izanda, Nafarroakoa bi ikur gabe geratu da denboraldia amaitzearekin batera. Joan den ostiralean jokatu zuen azkenekoz Miguel Goñik (Iruñea, 1981). Egun bat geroago hartu zuen erretiroa Naiara Egozkuek (Atarrabia, Nafarroa, 1983). Bi ezker hegalekoek kirol ibilbide luzea egin dute.

Goñi 22 urte aritu da, horietatik zortzi Asobal ligan, Espainiako maila nagusian. Elastiko bera eraman du beti soinean, Anaitasunarena, klub bakarreko jokalaria izan baita. Jokalaria eta kapitaina, berak eraman baitu urte askoan besokoa. Iruñeko taldearen historiaren gertuko lekuko izan da, baita klubak egindako balentrien partaide ere: Asobal ligara igo zen 2011n; Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen 2016an; eta hiru aldiz jokatu du EHF kopa.

Baina iritsi zaio agur esateko garaia. Ez da izan egun batetik bestera pentsatutako zerbait. Aspalditik zuen uzteko ideia buruan, duela urte eta erditik. «Beste urtebetez jokatzeko konbentzitu ninduen Javi Graciak [kirol zuzendaria]. Gutxi behar da ni eskubaloian jokatzen jarraitzeko». Baina agindutakoa ez beteko zorian izan zen. «Asko sufritu nuen lesioengatik. Ezin nintzen mugitu ere egin. Abenduan, ia utzi nuen eskubaloia, baina, ingurukoen babesari esker, segitu egin nuen. Gainera, hobera egin nuen. Izugarri lagundu naute taldekideek. Haiengatik ez balitz, ez nuen bukatuko sasoia. Azken hilabeteetan asko gozatu dut haiekin». Hain zuzen, taldekideak izan ditu gogoan agurrean, oraingoak zein hastapenetakoak. Eskerrik onenak, dena dela, etxekoentzat izan ditu, batez ere gurasoentzat, baina baita bidean izan dituen bi bikotekideentzat ere.

Ez daki zer egingo duen orain, baina aitortu du gustatuko litzaiokeela eskubaloiari lotuta jarraitzea. Klubak ondoan izan nahi du, baina berak ez du ezer erabaki oraindik. Hala ere, amua jartzen badiote, azkar irentsiko du. «Klubeko pertsona bat naiz, eta esaten didatena egingo dut. Niri jokatzea gustatzen zait, eta, bestela, presidente izan».

Garaipen zerrenda betea

Goñik bezala, Egozkuek ere ibilbide luze egin du, ia hamabost urtez jokatu baitu, beti maila gorenean. Atarrabiakoa, ordea, lau taldetan aritu da: 2004tik 2012ra, Itxakon; 2012tik 2014ra, Bayer Leverkusenen; 2014tik 2016ra, Atletico Guardesen; 2016tik 2017ra, Zuazon; eta azken bi urteak, berriz ere Guardesen. Lizarran (Nafarroa), Itxakon aritu zen garaikoak ditu titulu guztiak: lau aldiz irabazi zuen Espainiako Liga, hirutan Kopa eta Superkopa, eta behin EHF kopa. Europako txapeldunorde izan zen ere. Klubaren hazkundea, urrezko garaia eta amiltzea bizi izan zituen. Horregatik, joan zen Alemaniara, eta etorkizun hobe baten bila. Han ari zela erdietsi zuen lorpenik handiena nazioartean, 2014an, Europako txapeldunorde izan baitzen Espainiako selekzioarekin. Bi urte geroago ere berriro nabarmendu zen Espainiarekin jokatuta, olinpiar diploma lortu baitzuen Rio de Janeiroko Jokoetan (Brasil).

«Amaitu dira hamabost urteko entrenamenduak, partidak, txapelketak, bidaiak, autobus bidaietan egindako orduak, eta poz eta tristura malkoak». Hala esan du agur. Aspaldi ari zitzaion eskubaloia uzteko ideiari bueltak ematen. «34 urte ditut jada, eta badakit ez zaidala asko geratzen eskubaloian. Adin honekin oso argi dut benetan betetzen nauena soilik egin nahi dudala». Horixe aitortu zion BERRIAri duela urtebete egindako elkarrizketa batean. Bada, nekeak, bizitzaren beste aldi bati ekiteko gogoak eta eskumuturreko lesio batek bultzatu dute erretiroa hartzera.

Anaia izan du gogoan. «Hark animatu ninduen. Hark proposatu zidan eskubaloian hastea, 10 urte nituela. Ordutik miretsi izan dut». Anaia eta gurasoak izan ditu «babes handi bat abentura honetan», baita taldekide asko ere.

Duela bi egunetik baino ez da jokalari ohia. Atseden hartu nahi du, ondo hausnartu eta erabaki.Fisioterapia ikasten ari da, eta litekeena da esparru horretara bideratzea bere etorkizuna, betiere baloi txikia bazter utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.