Euskal Herriko Itzulia

Arrateko 'samutegia'

Hiru aldiz irabazi du Samuel Sanchezek Arraten, eta inork baino hobeto ezagutzen du. Igoera aldatu izanak ez dio mesede egin, baina, hala ere, harentzat oso berezia da oraindik ere.

Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Arrate entzun, eta piztu egiten da Samuel Sanchez (Oviedo, Espainia, 1979). 39 urte ditu, eta ez du ezkutatzen «nostalgia» sortzen diola Itzulia urteko lasterketa garrantzitsuenetakoa zen garaiak. «Bigarrena, Frantziako Tourrarren atzetik. Sasoi betean egon beharra zegoen, eta garaipenagatik borrokatu». Euskaltel-Euskadiren elastiko laranja zeraman garaiak ziren, eta hirutan jarraian irabazi zuen Arraten, 2010, 2011 eta 2012an. Samutegia ere deitu zioten haren omenez. «Orain balio handiagoa ematen diot: etxeko taldea ginen». Aurten ere saiatuko da aurrean egoten, baina badaki Matxariako igoerak bere aukerak murrizten dituela, eta adinak ez du barkatzen. «39 urte ditut, eta 25 urtekoen aurka ari naiz».

BMCko elastikoa darama azken urteetan, baina Euskal Herrian bizi da, eta oso maitatua sentitzen da. «Euskal zaleak ez du inor botata uzten, are gutxiago Euskaltelekin hainbeste egun handi bizitako norbait». Egun handiak aipatu, eta Arratekoak datozkio burura. «Zailena bigarrena izan zen, 2011koa. Hamarreko multzo batean iritsi ginen, hor irabaztea bi edo hiruko multzo batean irabaztea baino askoz zailagoa da. Kontrol handia zegoen, txirrindulari onak, eta ni aurreko urteko irabazlea nintzen. Poz handia hartu zuen».

2011n irabazi zuen lehenbizi, Chris Hornerren eta Alejandro Valverderen arteko zaintza baliatuz. Dena den, hura baino gozoago gogoratzen du hirugarrena, 2012koa. Azken kilometroan erasoa jo, eta Horner eta Joaquim Rodriguezen aurretik helmugaratu zen. «Hura ikaragarria izan zen. Hirugarrena jarraian, eta, gero, Itzulia irabazi nuen. Etxeko taldea, etxeko itzulia...». Inork baino hobeto ezagutzen du igoera, eta badaki ezinbestekoa dela jatetxeko bihurgunean, Samuelen bihurgunean lehenbizi sartzea. «Tira, Valverdek hautsi zuen logika hori, Purito [Joaquim Rodriguez] azken bihurgunean pasatu zuen Vueltan. Baina Valverdek ezinezkoak lortzen ditu».

«Erne Matxariarekin»

Aurten, baina, azken igoera ezberdina da. Errepidean izan beharrean, Matxariako porlanezko pistan gora egingo da. Motzagoa da, eta gogorragoa. «Arraten beti izango da ikuskizuna, edozein bidetatik. Halere, ez dut uste aurrekoen arteko aldeak askoz handiagoak izango direnik». Halere, badu beldurra ere. «Bide estua da, porlanezkoa, gogorra, errobera zulatzea errazagoa da... Iaz, autoak ezin izan ziren igo, eta, oilarretako batek matxuraren bat badu, Itzulia gal dezake. Inork ez du Itzulia Matxarian irabaziko, baina norbaitek gal dezake».

Iaz igo zen Sanchez Matxariatik, eta ondo oroitzen da. Badaki garapenak aldatu beharko dituela, eta zerura begiratu behar dela. «Eguraldia aldagai garrantzitsua da. Euria egin eta zorua bustia badago, errobera labaindu egiten da, eta eserita igo behar da». Igoera berria antolakuntzak onartu duen «arrisku» bat da, haren ustez. «Iaz, tropelean igo ginen, banaka. Euskal zaleek errespetu handia dute, baina gaur haiek ere tentuz ibili beharko dute».

Sanchezek hamalau aldiz hartu du parte Itzulian, eta zortzi etapa irabazi ditu; azkena, iaz. 2011tik irabazi gabe zegoen, eta Orion altxatu zituen besoak. «Hunkigarria izan zen; argazkia marko batean jarria dut. BMCrekin lau taldekako erlojupeko irabaziak nituen, baina bakarka bat ere ez. Garaipen handia izen zen, han zeuden Contador, Quintana... Gainera, non eta Itzulian. Esperientziak asko lagundu zidan. Esperientzia iraganeko hanka sartzeei esker pilatzen da, eta gazteek, oraindik, huts horiek egin behar dituzte».

Solasaldiak iraganera begira jarri du Sanchez, eta ez ditu sentimenduak ezkutatu. «Nire patua erretiroa Euskaltelen hartzea zen, baina, kirolaz kanpoko arrazoiengatik, ezin izan zen hala izan. Nire etxea zen, nire familia... Talde ezberdina zen, eta dena modu ezberdinean bizi zen». Tropelean gero eta gutxiago dira Euskaltelen garaiak ezagutu zituztenak, baina beste beteranoekin hitz egitean askok aipatzen diote. «Guztiek talde ezberdin gisa ikusten gintuzten. Talde handiei aurre egiten zien iparraldeko talde txiki hura ginen: Asterix eta Obelix ginen erromatarrei aurre egiten».

Euskaltelen desagerpenari buelta asko eman izan dizkio. «Haren hutsunea nabaritzen dut. Txirrindularitzak nabaritu du Euskaltelen desagerpena, eta zer esanik ez euskal txirrindularitzak. Historian ez da antzeko ezer egon; mobilizazio sozial harrigarria zen hura». Aurtengoa «azken edo azken-aurreko sasoia» du, eta horrek gazteengan pentsatzen jarri du. «Gure garaian, 15-16k debutatzen genuen urtero. Orain... Lehendakari edo Euskaldun txapelketetan ari direnen azalean jarri, eta ez dakit zer pentsatu. Talentu handia dago, eta ezin dira pasatu profesionaletara. Gure belaunaldiaren lekukoa ez dago bermatua. Izen onak daude, baina kalitatea kopurutik etortzen da, eta beste herrialde batzuetan badituzte taldeak. Etsigarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.