Arrauna

Arraun Lagunak-ek eskura dauka txapelketa

Euskotren liga irabazteko zorian izan da Arraun Lagunak, baina bihar arte itxaron beharko du. Estropada irabazi du 'Lugañene'-k, baina Oriok bigarren postua lortu du, eta aukera matematikoak dituzte liga irabazteko. Mirari bat beharko dute.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak Lekeition jokatu zen estropada irabaz ondoren. ARTZ LOIOLA
pettan uralde
2023ko abuztuaren 19a
18:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste osoa igaro du Arraun Lagunak-ek kalkuluak gora eta behera, baina ekuazio arruntenak ere zail izaten dira batzuetan. Bazuten txapela jartzeko aukera, baina ez zegoen dena haien menpe. Estropada irabazi behar zuten, eta, hori lortu badute ere, Oriok hirugarren postutik behera geratu behar zuen, eta bigarren izan da. Bihar amaituko da Euskotren liga, eta bihar aterako da txapelduna. Zazpi puntuko koska ateratzen dio Arraun Lagunak-ek Oriori eta, mirari bat egon ezean, aurtengo Euskotren liga historikoa eskuratuko dute.

Lehen metroetan Orio gailendu da, arraunkera luzea egin dute, eta hirugarren minuturako ontzi oso bat atera dio Lugañene-ri. Sendo agertu da Orio, eta azkar ikusi da txapelketaren borrokan aritzeko azken aukera xahutuko zutela. Ziabogara iristear zirela, abiadura nabarmen azkartu du Arraun Lagunak-ek, eta muturra erakutsi dio Oriori. Denbora berean heldu dira balizara bi ontziak, eta ia parean atera dira bertatik.

Hirugarren postuan zegoen Donostiarra, bi oilarren lehiatik at, eta fokutik kanpo. Bigarren luzea lau segundoko aldearekin hasi badute ere, ikaragarri azkartu dute erritmoa, eta Arraun Lagunak eta Orioren tartean sartu da. Pixkanaka aldenduz joan da Lugañene, eta Orio eta Donostiarraren lehiak eskura utzi dio txapelketa. Baina amorruz erantzun du Oriok, eta ederki eutsi du norgehiagoka. Parez-pare izan dira bigarren luze osoan, eta azken 100 metroren segundo bateko aldea sartu dio Donostiarrari. Azkenean, Arraun Lagunak garaile, 11.07ko denborarekin. Bigarren orio 6.22 segundora, hirugarren Donostiarra 7.74 segundora, eta laugarren Tolosaldea 32.46 segundora.

Lehen txandan, denboraldi osoan zehar gehien nabarmendu den Ama Guadalupekoa-k irabazi du, bigarren luzean estropada hautsita. Hibaikak lehen metro indartsuak egin, eta lehen bi minutuetan hiru segundoko tartea ireki du aurkarien aldean. Baina husten joan da, eta laugarren minuturako ia denbora berean ari ziren Hondarribia eta Cabo. Balizara lehena iristen Cabo izan da baina pasa egin da ziabogan, Hondarribiaren eta Hibaikaren antzera. Poparerako giro aproposa zegoen, eta Hondarribiak jakin du hoberen asmatzen. Bigarren luzean hautsi du guztiz txanda, eta borroka bigaren posturako utzi dute. Hibaika eta Cabo izan dira, ia parean, bigarren luze osoan zehar. Helmugara iristen lehena Hondarribia izan da, 11.40ko denborarekin. Bigarren Hibaika 10.49 segundora, eta hirugarren Cabo 10.81era. Azkena Tiran 45.32ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.