Arraunlari gazte baten ahotik entzundakoa: estropada batek lau zati izaten ditu; kanporanzkoa, barruranzkoa, kanporankoa eta berriz barruranzkoa. Hiru luze on egitearekin ez da aski bandera etxeratzeko; eta are gehiago, urtetik urtera Eusko Label ligan dagoen berdintasunarekin. Bada, Hondarribiak, bederen, hogei minututan burututako lan onaren saria jaso du, Castro Urdialesen (Espainia); ligako lehen bandera. Ama Guadalupekoa ontziak Euskadiko Txapelketan irabazlearen olatua hartu zuen, eta oraindik olatu berean jarraitzen du.
Meteorologoek bete-betean asmatu dute iragarri zutena: itsaso nahasia eta ipar-mendebaleko haize petrala. Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai taldeen artean aldeak markatzekoak, baita kaleen arteko aldeen eraginez ere. Izan ere, lehendabiziko eta bigarrengo kaleek kai-muturraren babesa zuten lehen metroetan, eta leunago ateratzen ziren hirugarren eta laugarrengo kaleetako ontziak baino. Kontuan hartzeko beste aldagaia marearena izan da; 17:45ean zen goian, eta ilargi betea izanik, ohorezko txandako ontziek itsaslaster handiagoa zuten aurreko txandakoekin alderatuta.
Gaurko lehian, ordea, bazen semaforoa berde jarri aurretik gorengo mailak jaso zuen albiste zorigaiztokoa; COVID-19a maila nagusira ere sartu dela. Zierbenakoak ontzia uretaratzeko pronto zirela, arraunlari batek positibo eman du analisian. Hortaz, Juan Zunzunegirenek ezin izan du arraun egin; ezta biharko Lekeitioko (Bizkaia) estropadan ere (12:00, ETB 1). Horrenbestez, Euskal Label ligak ezarrita duen irizpidearen arabera, Zierbenari sei jardunaldietan lortutako puntuen batez bestekoa hartuko diote kontutan; hau da, atzotik hasita, bederatzi puntu eskuratuko ditu jokatzen ez duen jardunaldi bakoitzeko.
Zierbenaren hutsunearekin ekin diote lehen txanpa biziari Hondarribiak, Oriok eta Santurtzik. Indartsu atera dira hiru ontziak, eta segundo bakarrean heldu dira lehen ziabogara. Gorka Aranberri Santurtziko patroiak, ordea, zabalegi biratu du. Baita garesti ordaindu ere; azkena atera baita maniobratik.
Olatua istribor aldetik sartzen zitzaien ontziei. Lan nekeza, beraz, lemazain eta arraunlarientzat ontzia gogortuta eramateko. Hondarribiak Oriorekiko ontzi bateko aldearekin eman du bigarren ziaboga. Une hartan, sei segundora zen Donostiarra; bigarren txandan aise irabazi du. Santurtzi, berriz 11ra zen.
Maniobra egin ostean, ababorreko arraunlariek pala uretatik ongi pasatzeko zailtasunak zituzten. Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroiak argi esan die ababorrekoei erasoa gehiago gogortzeko. Halaxe egin dute, eta Oriorekiko zuten aldeak ere gora egin du. Bost segundoko tartearekin heldu dira ziabogara, baina kosta egin zaie ateratzea. Jon Salsamendirenak hauspotu, eta hiru segundora ezarri dira.
Arraunean, sendo
Oriori susperraldiak ez dio askorik iraun; Hondarribiak, bere kaleari eutsiz, hanka egin baitio, eta inork ez du geratu Ama Guadalupekoa. Hegan eraman du Amunarrizek ontzia, eta modu horretara nagusitu da. Bederatzi segundora heldu da Orio bigarrena, eta hamalaura Santurtzi laugarrena; Donostiarra sartu baita bi talde horien tartean, eta bihar ohorezko txandan arituko da ligako oilarrekin batera, Hondarribiarren mesederako; sailkapen nagusian lau puntura hurbildu baitzaio Santurtzi liderrari.
Caboko gorriak ez dute erraz amore ematen, eta gaurkoan ere hala berretsi dute; Boirokoek (Galizia) Urdaibairi azken luzean aurre hartu diote, eta euren txandan bigarrenak izan dira; bosgarrenak sailkapenean. Ondarroa atzean geratu da, baina Iñaki Errastiren taldearen zorionerako, Aresek, lehen txandako irabazleak, denbora apalagoa egin du. Isuntzarekin lehia ikusgarria izan du, eta segundo eskasean helmugaratu dira bi ontziak. Azken postua saihesteko borrokan, berriz, Tiran Zarautzi nagusitu zaio. Hala, bien arteko aldea bost puntutara igo da, galiziarren alderako.
Sailkapena
1. Hondarribia 20.25,96
2. Orio 9,54ra
3. Donostiarra 14,20ra
4. Santurtzi 20,48ra
5. Cabo da Cruz 24,54ra
6. Urdaibai 27,74a
7. Ondarroa 43,18ra
8. Ares 47,06ra
9. Isuntza 48,54ra
10. Tiran 1.05,64ra
11. Zarautz 1.07,26a
Arraun Lagunak-ek aste gozoa darama. Asteazkenan, Euskadiko Txapelketako garailea izan zen, eta, gaur, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian sasoiko laugarren bandera irabazi du, Castro Urdialesen (Espainia). Juan Mari Etxaberen taldeak eta Oriok sekulako lehia izan dute amaiera arte, eta azken metroetan, Lugañene traineruak abiadura bizkortu du, eta olatuaren bitartez lehena helmugaratu da. Segundo bakarra atera dio San Nikolas ontziari, zortzi Donostiarrari eta bederatzi Hondarribiari.
Itsas beteko lehia izan dute lau ontziek. Arraunzaleentzako estropada gozagarria; traineru barruan joatekoa, ordea, deserosoa. Izan ere, ipar-mendebaleko haize zakarra zegoen, orduko hogei kilometro inguruko abiaduran barrualdean; orduko 30 kilometroko abiaduran kanpoaldean. Hori gutxi ez, eta itsasoa erabat narrastuta zegoen.
Donostiarrari eta Hondarribiari egokitu zaizkie lehen eta bigarren kaleak, hurrenez hurren. Hain zuzen, lehen minutuetan kai-muturraren babesa zuten, eta Donostiarrak, bederan, aukera ondo zukutu du; estropada buruan baitziren donostiarrak euren Torrekua ontzian, eta ez azken estropadetan ibili ohi duten Bantxa traineruan. Jose Ramon Mendizabal entrenatzaileak ontzi zaharraren aldeko apustua egin du. Laugarren minuturako, Donostiarrak tarteak gehiago zabaltzea lortu du, izan ere, Arraun Lagunak eta Orio gogotik sufritzen ari ziren inork nahi ez zituen hirugarren eta batez ere laugarren kaletik.
Ziabogan, hondamendia
Ziabogan, ordea, Mendizabalek lehen luzean egindako lan txukuna kareletik bota du. Natalia Tubio lemazainari lekutara joan zaio Torrekua. baita Oriori ere, nahiz eta segundo bakarrera heldu den ziabogara. Lau segundo geroago egin du Arraun Lagunak-ek, eta bost gehiagora Hondarribiak. Maniobraren ostean, estropada hankaz gora jarri da. Donostiarra azkena irten da ziabogatik; momentu etsigarria arraunlarientzat. Bitartean, Orio zen estropada buruan, baina Arraun Lagunak ez zen urrun.
Olatuak eta haizeak ipar-mendebaletik jotzen zutenez, Nadeth Agirre patroiak 31 eskutik zuen; laugarren kalearen jabe baitzen, eta Andrea Astudillo Lugañene ontziko patroiak ezin zuen istribor alderako norabidea hartu. Une batez, Orio eta Arraun Lagunak hirugarren kalean ziren, eta itsasoko epaileak Oriori bandera zuria atera dio, laugarren kalera joateko eta bi ontzien palak ez jotzeko asmoz. Birritan atera dio bandera zuria, eta Agirrek kasu egin dio, eta Arraun Lagunak-engandik urrundu da. Baina hor ez da amaitu guztia; Astudillok San Nikolas ontziarekin tartea zuela ikusita, istriborrerago joan da, laugarrenean sartu eta Oriorengana hurbiltzeraino. Dena den, hurrengo metroetan bi ontziak elkarrengandik aldendu dira, bai baitzekiten arriskua hartzea bien kalterako izango zela. Hala, euren arraunketan jarraitu dute, asko baitzuten jokoan. Atzean, bestalde, azken postua saihesteko lehian, Donostiarra eta Hondarribia segundo bakarrean ziren. Aurrean zegoen garaipena.
300 metroren faltan, Arraun Lagunak zen lehena, eta Oriori pare bat tosta ateratzen zizkion. Itsasoko estropada baterako hutsaren hurrengoa. Bi ontziak Brazomar badian sartu direnean, olatuak garbiagoak ziren, eta paladen erritmoa sarritu dutenean, Arraun Lagunak-eko arraunlariek olatu txikiei etekin gehiago atera diete, eta Orioren aurretik helmugaratu dira. Segundo bat geroago heldu da Xanti Zabaletaren taldea. Hirugarren postuan, berriz, Donostiarra sailkatu da, eta segundo bat pasatxo Hondarribia.
Horrenbestez, Euskotren ligako sailkapen nagusian Arraun Lagunak da lider 23 punturekin, eta puntu bat gutxiago du Oriok. Donostiarra da hirugarren, alde berbera ateratzen dio Hondarribiari. Lekeition (Bizkaia) izango dute ligako zortzigarren jardunaldian, bihar (11:40, ETB 1).
Sailkapena
1. Arraun Lagunak 11.30,84
2. Orio 1,48ra
3. Donostiarra 8,20ra
4. Hondarribia 9,68ra