Kontxako Bandera

Arraun Lagunak-ek nagusitasunez irabazi du Kontxan

Donostiarrak nagusi izan dira hasi eta buka, eta ligan askotan erakutsi duten nagusitasuna erakutsi dute egun handian. 2021ean bezala, Euskotren liga eta Kontxako bandera irabazi dituzte.

Arraun Lagunakeko arraunlariak, garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 10a
11:48
Entzun

Estropada ikaragarria egin du Arraun Lagunak-ek, eta aise irabazi du Kontxako Bandera. Sasoia biribildu du Juan Mari Etxaberen taldeak, eta, 2021ean bezala, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu. Hasiera parekatua izan da, baina ziabogara iritsi aurretik hautsi du estropada Donostiako taldeak, eta espero ez ziren aldeak ikusi dira. Ziabogaren ostean, harengandik segundo batera gerturatu da Donostiarra, baina amaieran zazpi segundora joan da aldea. Orio ondo hasi da, baina, ziabogara iritsi aurretik, donostiarrei jarraitu ezinda gelditu da. Tolosaldea hasieratik gelditu da atzean, eta ezin izan da lehiatu bandera lortzeko.

Arraun Lagunak eta Orio jarri dira estropadaren buruan semaforoa berde jarri eta berehala. Donostiarrak eutsi egin dio ligako lehen bi sailkatuen hasiera gogorrari, baina Tolosaldeak, iragan igandeko irabazleak, lau segundo galdu ditu hasi eta berehala. Elkarren ondoan egin dute estropadaren hasiera Arraun Lagunak-ek eta Oriok, lehenengo kalean donostiarrek eta bigarrenean oriotarrek. Ziabogara iritsi aurretik hasi da estropada puskatzen Etxaberen taldea. Oriok sufritu egin du hasiera gogorraren ostean, eta Donostiarrak aurrea hartu dio ziabogara iritsi aurretik. Ziabogan, aldeak espero baino handiagoak izan dira: ez da lehenengo igandeko berdintasunik ikusi. Bost segundora iritsi da Donostiarra, eta zazpira Orio.

Itzulerakoan, gehiago sufritu du Arraun Lagunak-ek. Bost segundoren aldearekin iritsi da ziabogara, baina berehala jan dizkio lau Donostiarrak. Sufritu egin dute metro horietan, baina sufritzen jakin behar izaten da, eta horixe egin dute donostiarrek. Ziztu bizian egin dute irlatik hondartzarako bidea, eta aldeak gora eta gora baizik ez du egin. Azkenean, zortzi segundora iritsi da Donostiarra. Oriok eta Tolosaldeak asko sufritu dute poparean eta beste bi aurkariak aurretik ikusita; gogorregia egin zaie estropadaren amaiera. Hamahiru segundo galdu ditu Oriok, eta hogei Tolosaldeak.

Lehenengo txandan, parean egin dituzte irlara bitarteko metroak lau ontziek. Pixkanaka, Kaiku eta Hondarribia jarri dira estropadaren buru, eta aurretik iritsi dira ziabogara. Elkarren ondoan iritsi dira Bizkaitarra eta Ama Guadalupekoa, eta bi eta hiru segundo galduta iritsi dira Hibaika eta Zumaia, hurrenez hurren. Itzuleran, atzetik aurrerakoa egin du Hibaikak, eta bosgarren postua defendatzera joan dira errenteriarrak. Kaikuk Hibaikaren kalean sartuta egin ditu itzulerako lehen metroak, eta palak jotzear izan dira bi taldeak. Epaileak bere kalera joateko agindu dio bizkaitarren patroiari, eta arazorik gabe egin dute aurrera.

Hondarribiari kosta egin zaio irla pasatu arteko bidea. Lehen postuan zegoen oraindik, baina aldea handitu ezinda. Segundo bat eskasera hurbildu zaio Hibaika, baina, irlatik aurrera, hobeak izan dira berdeak. Elkarrengandik oso gertu egin dituzte lau taldeek azken metroak, eta bosgarren postua zegoen jokoan. Bi segundoren aldea lortu zuen Hibaikak iragan igandean, eta, azkenean, Hondarribiak kendu dio bosgarren postu hori, hiru segundoren aldearekin irabazi baitu estropada. Lau segundora sartu da Kaiku, eta zazpira Zumaia. Ikusitakoak ikusita, lehia estua espero da Kaikuren eta Hibaikaren artean kanporaketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.