ARRAUNA . Gardentasuna helburu

TKE Liga aurkeztu dute, aurreko ekitaldietako ika-mikak baztertu eta ikuskizuna bermatzeko asmoz

Igor Susaeta.
DONOSTIA
2005eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Sorreratik bidelagun izan dituen ika-mikak eta gaizki ulertuak baztertu eta ikuskizuna uretan, arraunlarien esku dela, gardentasuna bilatu. Horixe da Traineru Kluben Elkartearen (TKE) Ligak aurten bere buruari jarri dion erronka nagusia, behin autogestioa «nahiko» bideratuta dutela.

Komunikabideen aurrean aurkeztu zuten, atzo, Donostiako hotel batean, Ligaren hirugarren ekitaldia. TKEko presidente Angel Del Hoyoren ustez, bi elementu «erakargarrik» bat egiten dute Ligaren baitan: «Batetik, arraunlariek uretan eskaintzen duten ikuskizunaren kalitatea dago. Eta bestetik, Kantauri itsasoko txoko zoragarriekin gozatzeko aukera». Hain zuzen, gaur zortzi edukiko dute zaleek eta arraunlariek horiek beste modu batean, dena den paraje zoragarri horietako batekin gozatzeko parada. Izan ere, Vigoko badian jokatuko da Ligaren aurreneko estropada.Lehia martxan jarri aurretik, baina, ñabardura guztiak kontrolpean edukitzea komeni da. Babesleen laguntza esaterako, ezinbestekoa izango da aurtengo ekitaldian. Izan ere, Ligaren sorrera nagusiki sostengatu zuten hiru gobernu autonomoek (EAEkoak, Galiziakoak eta Kantabriakoak), aurrekontuaren zati ñimiño bati besterik ez diote aurre egingo aurten. Autogestioa izan da hasiera-hasieratik TKEren helburu nagusietakoa. Egun, betiere kluben laguntza tartean dela, posible dela dirudi. Horregatik, babesleek emaniko laguntza eta «konfiantza» izan zuen ahotan Del Hoyok:«Nire eskerrik beroenak Zurich aseguruei, Amstel garagardoei, Liebana 2006ri, Navega Galiza 2005i, Telefonicari, ETBri, El Corte Inglesi, eta Zarautz, Riveira eta Vigoko udalei».Azken bi urteetako «une latzenak» gogoratu zituen Del Hoyok. Horiek gainditzeko, «EAEko, Kantabriako eta Galiziako gobernu autonomoek» emandako laguntza nabarmendu zuen. TKEren aurreko zuzendaritzen jarduna ere loratu zuen Del Hoyok. Euren «ilusioak», TKE Liga, arraunaren «erreferentzia nagusia» bilakatzea ahalbidetu duela adierazi zuen. Ezin, ordea, arraunlariez, «protagonistez», ahaztu. «Gure aktibo nagusia dira. Eurak dira arraunaren genesiaren oinordekoak», gaineratu zuen presidenteak.

Maillot gorria jantziko du liderraren patroiak

Nobedade bitxiak ere badakartza heldu den larunbatean hasiko den ekitaldiak. Hartara, Ligako liderraren patroiak Amstelek babesturiko maillot gorria eramango du soinean. Vigoko estropadan, hortaz, Urdaibaiko patroi Asier Aregok aipatutako elastiko bereizgarria jantziko du. Era berean, arraun guztiei Zurich aseguruen logotipoa itsatsiko zaie. Iaz, TKEren beraren logotipoa zeramaten itsatsita. Azken bi estropadak era izan zituzten hizpide agerraldian. Aurreko bi ekitaldietan ez bezala, aurten ez dira, denboraldiaren hondarrean egiten zen txapeldunen txapeldunen estropadako bi jardunaldiak jokatuko. Azken bi probak, beraz, puntuagarriak izango, dira «azken unea arte bizitasuna eta lehia mantentzearren». Laredoko eta Astilleroko estropadak kenduta, beste guztiak ETBk emango dituela zehaztu zuten, gainera.

Aurrera egiteko intentzioadutela adierazi zuten, azkenik: «Halere, gustura gaude gure 'haurtxoaren' jardunarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.