ARRAUNA. KONTXAKO BANDERA. Arrauna entrenatzaileen gainetik

Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, eta 1,42 segundorena da Kaikuk Urdaibairi ateratzen dion aldea

Igor Susaeta.
Donostia
2010eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Argi dago Jose Luis Korta eta Jose Manuel Francisco ez direla ondo konpontzen. Ez diotela elkarri hitz egiten. Ezin dutela elkar ikusi ere egin. Baina kontua ez da berria. Kontxako Banderaren karietara, ordea, Bizkaian ale gehien saltzen duen egunkariak sua piztu du azken egunotan. Eta bi protagonistak, Korta Kaikuren entrenatzailea eta Francisco Urdaibairena, sugar horietan erre dira. Sekulakoak esan dizkiote elkarri. Ez dira isildu, eta tentsioa areagotu besterik ez dute egin. 1,42 segundo baino ez zizkion atera Kaikuk Urdaibairi lehen jardunaldian, eta urduri daude biak. Zaleak, aldiz, neutralak zein bi taldetakoak, pozez zoratzen. Hamazazpi urte ziren aurreneko jardunaldiko lehen bi sailkatuak bigarren jardunaldira bi segundoren bueltan ez zirela heltzen. Estropadak zirraragarria izateko osagai guztiak dauzkala, alegia. Izan ere, arrauna entrenatzaileen gainetik dago oraindik ere.

Eta arraunlariak, noski. Haiek dira-eta benetako protagonistak. Haiek eman zuten ikuskizun ederra joan den igandean, eta haiei dagokie gaur gauza bera egitea. Protagonistetako askoren arabera, urteko estropadarik ederrena ikusi ahal izango da Kontxako badian. Irabazten duenak bandera lau haizeetara astindu ahal izango du ziurrenik. Kaiku bost aldiz nagusitu da Kontxan: 1978, 1980, 1981, 1982 eta iaz. Urdaibai, aldiz, inoiz ez. Eta marka da. 1999an eta 2008an hirugarren izan zen, eta 2002an, 2004an eta 2007an, aldiz, bigarren. Bermeokoak hirutan gailendu dira San Miguel ligan, baina ezin urteko estropadarik garrantzitsuena irabazi.

Egia esan sekula ez dira bigarren jardunaldira aurten bezain ondo heldu. Ia beti segundo dezenteko atzerapenarekin. Orain, aldiz, 1,42 segundorena da aldea: azken hemezortzi urteotako txikiena. Baina azkeneko 20 urteotan behin soilik irabazi du bandera lehen jardunaldian nagusitu ez zenak.

Horri eusten diote Kaikukoek. Eta joan den igandeko zein iaz eta aurten jokatu diren txapelketetako emaitzei. Kortak txapelketetako koadrila atera duenean ez du hutsik egin Bizkaitarra traineruak. Urdaibaikoek, ordea, joan den igandeko garaile moralak haiek izan zirela uste dute. Konfiantzaz lepo daude, Kaiku txapelketetan gainditzeko aukera inoiz baino gertuago ikusi zutelako joan den igandean. Gainera, 1,42 aldea ez da ezer.

San Juan itsasoari begira

San Juan sailkatu zen hirugarren joan den igandean, eta 9,98 segundo baino ez zituen galdu. Haientzat handia izan zen bost urteren ondoren Kontxarako sailkatzea, eta, zergatik ez, bandera irabazteko moduan daude. Itsaso zakarra behar dute aukeraren bat edukitzeko. Eta, pronostikoen arabera, itsasoaren egoera sailkapen egunean izan zutenaren antzekoa izango da: 1,2 metroko olatuak altxatuko dira, eta haizeak orduko 14 kilometroko abiaduran putz egingo du. Patroi estropada izan daiteke gaurkoa, hortaz. Horri helduko diote sanjuandarrek.

Oriotarrek ere bai. Mirotza ontziak osatuko du ohorezko txanda. Lehen igandean ez zuten kalearekin zorterik eduki, eta azkenean ia hemeretzi segundo galdu zituzten helmugan. Hori bai, azken txanpa ederra jota lortu zuten ohorezko txandan sartzea. Izan ere, bigarren luze oso-osoa Pedreñaren atzetik osatu zuten.

Pedreñak, Astillerok, Hondarribiak eta Donostiarrak osatuko dute lehen txanda. Apenas dagoen alderik aurreneko hiruen artean. Marina de Cudeyo traineruak lau segundo ere ez zizkion atera Ama Guadalupekoa-ari lehen igandean. Eta tartean, Astillero. Ia-ia ez daukate irabazteko aukerarik. Eguraldiak bat-batean okerrera egin beharko luke lehen txandako ontziek banderaren lehian sartu ahal izateko. Gaur, era berean, berebiziko garrantzia edukiko du kaleen zozketak. Urdaibaikoek eta Kaikukoek ez dute dudarik: bigarren eta hirugarrena nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.