ARRAUNA. SAN MIGUEL LIGAKO TALDEAK. TIRAN. Gauzak argi dituzte

Hasieran puntuak pilatzea eta mailari eusteko lehian gehiegi ez sufritzea izango da Tiranen aurtengo helburua, iaz bezala

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Badakite baliabide gutxi dauzkatela eta ezin direla besteak beste Urdaibairen, Orioren eta Castroren kontra lehiatu. Badakite San Miguel ligan lehiatzea soilik ia-ia miraria dela eurentzat. Badakite indar dezente xahutuko dituztela bidaietan, aurtengo egutegia Galiziako ontzientzat hain zorrotza izan ez arren. Eta badakite estropada guztietan jokoan jartzen diren banderak urrutitik usaindu beharko dituztela. Tirangoek gauzak argi dituztela, alegia. Hala, aurreneko estropadetan puntu dezente batu nahi dituzte, iaz egin bezala, eta ez dute gehiegi sufritu nahi mailari eusteko lehian. Eta iaz, egia esan, nahiko eroso mantendu ziren San Miguel ligan; batik bat, Arkote eta Laredo berehala hondoratu zirelako. Gainera, 2004an bezala, Kontxarako ere sailkatu zen Pereira trainerua. Fran Gonzalez azken denboraldietako entrenatzaileak Urdaibairen Bou Bizkaia zuzenduko du sasoi honetan, eta arraunlari dezente berriak dira, baina filosofia berari eutsi diote.

Beharragatik daukate, agian, filosofia hori. Arraunlariak erakartzeko dirurik ez dutelako eta daukatenarekin lehiatzen direlako. Baina egoskorrak, lehiakorrak dira galiziarrak, eta txarrean ere ez dute etsitzen.

Gonzalezek ere Urdaibaira alde egin behar zuela esan zuenean, ez ziren askorik urduritu. Badakite zein den jarraitu beharreko bidea, Jesus Tenorio klubeko presidentea gizon xelebre samarra den arren. Dani Perez Meiran eta Chapelan trebatutako entrenatzailea aukeratu zuten, eta bera arduratu da taldea osatzeaz. Gonzalezek eta Jose Carlos Menok erronka handiagoak zituzten (Urdaibai), eta beste batzuek nekatuta utzi zuten arrauna. Halere, ingurutik, Chapelatik, Meiratik, Cabo da Cruzetik eta Nautico Vigotik arraunlari bana hartu, eta arrauna utzita zeuden beste batzuk konbentzitu zituen Perezek. Hala osatu du koadrila.

Eta denboraldi-aurrean emaitza onak lortu ditu. Trainerilletan, esaterako, Galiziako Txapelketa irabazi zuen Boiron (Coruña, Galizia), eta ekainaren 13an, berriz, jaun eta jabe izan zen Pontevedrako Aldundia Banderan, eta Meirari hamahiru segundo atera zizkion. Gauzak argi dituzte Tirangoek.



Dani Perez.Tirango entrenatzailea

«Meira baino apur bat gehiago garela uste dut»

I. Susaeta. Donostia

Lau urte egin zituen Meira entrenatzen Dani Perezek (Moaña, Galizia, 1979), eta iaz Chapelan jardun zen. Aurtengo erronka, aldiz, handiagoa da, aurrenekoz San Miguel ligako talde baten ardura baitauka. Lasai mintzo da, aparteko presiorik gabe.

Bukatu da denboraldi-aurrea. Egindako lanarekin gustura al zaude?

Bai, oso-oso gustura nago. Koadrila heldua da lanerako, eta badakite non dauden. San Miguel ligan gaude, eta profesionalak izan ez arren, jarrera profesionala eduki behar da egunero. Trainerilletan emaitza onak lortu genituen eta itxaropentsu gaude.

Galiziako taldeentzat batez ere, sakrifizio handia da San Miguel ligan arraun egitea. Horretan pentsatu, eta arraunlariak ez al dira gogaitzen?

Bai, batez ere egin beharreko bidaia luzeengatik; hori da San Miguel ligako aldagairik ezkorrena. Baina, tira, aurtengo egutegia ez da hain zorrotza alde horre-tatik. Gainera, TKE Traineru Kluben Elkarteko ligak hegazkinean egin beharreko bi bidaia ordainduko dizkigu, hegaldiak larunbat goizez diren arren... Baina, tira, autobusean ez ditugu hainbeste ordu pasako aurten. Hori bai, San Miguel ligan arraun egiteko, jarrera profesionala behar da.

Bidaia luzeak direla eta, izan al da atzera egin duen arraularirik?

Ez, ez. Taldea utzi zutenak nekatuta zeuden jada. Izan ere, San Miguel ligan ez egonda ere, familiarekin eta lagunekin egoteko denbora kentzen dizu arraunak. Hortaz, badira pare bat urteko atsedenaldia hartzen duten arraunlariak. Bestela, Jose Carlos Meno eta Fran Gonzalez Urdaibain daude.

Gustura zaudela eta trainerilletako emaitzak onak izan direla esan duzu. Hortaz, non ibiliko da Tiran?

Nire ustez, Galiziako ontzien artean gurea da talde lehiakorrena. Meirarena ere ona da, baina uste dut gu apur bat gehiago garela, batik bat eskarmentuari dagokionez. Halere, nik talde ona dudala uste arren, San Miguel liga beste gauza bat da, arrauneko elitea da. Aurrekontu handiak dituzte taldeek, oso koadrila indartsuak. Beraz, gure helburua mailari eustea da. Ezin gara ameslariak izan, hankak lurrean dauzkagu.

Bilbon, aurreneko estropadan, erlojupekoan, emaitza ona lortzea garrantzitsua izango da konfiantzaren zakua puzteko...

Arautegia aldatu da, eta, beraz, bigarren estropada jada sailkapenaren arabera egituratuko da, eta hori ondo iruditzen zait. Beraz, bai, oso garrantzitsua izango da ondo hastea eta denboraldiaren hasieran ahalik eta puntu gehien batzea. Izan ere, traineru batzuek, agian, Kontxan sartzea dute buruan, eta igual ezustean harrapa ditzakegu.

Denboraldi hasierarako puntu-puntuan egoteko bideratu duzu prestaketa?

Hasieran ondo egoteko bideratu dugu prestaketa. Izan ere, bi hilabete pasatxoko liga da, eta, beraz, une oro ondo egon behar duzu. Baina erritmoa lehiaketak berak ematen dizu, eta hemen, Galizian, estropada gutxi jokatzen dira denboraldi-aurrean. Beraz, hasieran, oztopo txiki bat eduki dezakegu, adibidez, Kantabriako ontzien aldean, han proba dezente jokatzen direlako. Lehiaketak jarriko du bakoitza bere lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.