Bere legea ezarri zuen Astillerok, atzo O' Groven (Galizia), TKE (Traineruen Kluben Elkartea) Ligako hirugarren estropada puntuagarrian. Aurreneko txanpan ikusgarri, bortitz, eta gero eutsi eta eutsi, baina bere aurkariei gehiegi hurbiltzen utzi gabe. Betiere popa erakutsiz, brankan. Lidergoari eusten dio, bide batez. Azken hiru urteetan TKE Ligako hamaika estropada jokatu dira Galiziako uretan. Horietako seitan gailendu da San Jose XIII.a.
Hondarribiak ere bikain arraun egin zuen. Ama Guadalupekoa ontzia bigarren izan zen, sei segundo eskasera. Hondarribiak bezala, Arkotek eta Castrok ere goi mailako estropada egin zuten; aurrenekoek batez ere. Ez, ordea, Oriok. Jon Salsamendiren mutilak hasiera-hasieratik hondoratu ziren. Aipagarria Isuntzaren eta Pasai Donibaneren lana ere. Trintxerpe azkena izan zen berriz. Asko dute hobetzeko Mattin Olasagastik prestaturiko mutilek.Askotan aipatu izan dira Galiziako estropada eremuen berezitasunak. Traineru batzuei, baina, bost axola zaie haizearen abiaduraren kontra edo olatuen indarraren aurka arraun egitea. Bredin-berdin zaie itsasoa bare-bare edo zakar egotea. Beren legea ezarri ohi dute. Horietako ontzi bat da Astillero. Sekulako arraunlariak ditu tosta artean. Jakina. Baina arraunlari bikainak izanda ere, ez da batere erraza hiru urtez jarraian muturrean, bandera bat bestearen atzetik irabazten ibiltzea.Inork edo ezerk ezin du haien arraunkera baldintzatu. Ezta atzo O' Groveko itsasadarra astindu zuen haizeak ere. Beren legea ezartzen dute. Hirugarren txanda egoki zitzaien; Hondarribia eta Oriorekin batera. Hiru oilar, beraz. Jose Luis Franciscok prestatzen dituen mutilek, baina, aurkaria hasiera-hasieratik izutzeko ohitura dute, oilategian nork agintzen duen erakusteko joera, alegia.Txikitzera atera ziren. Aurreneko maniobran jada, bost segundoko aldea kentzen zioten Hondarribiari. Barrurako luzean, haizearen aurka, hondarribiarrak apur bat hurbildu zitzaizkien. Ez, ordea, gehiegi; lau bat segundora. Ontzi bateko aldea zegoen San Jose XIII.a eta Ama Guadalupekoa-ren artean. Bere horretan jarraitu zuen estropadak bukaera arte. TKE Ligan orain dauden bi ontzirik indartsuenak direla erakutsi zuten aipatutako biek. Eta Orio? Hasieratik atzean eta probak aurrera egin hala gero atzerago, galduta. Beharbada, aurreneko txanpan uretako epailearekin izandako ika-mikak, Txiki-ren jarduna baldintzatu zuen. Beharbada. Txanda nagusian egon nahi dute. Orain arte jokatutako probak ikusita, oraindik zer edo zer falta zaiela dirudi. Beste txandakidea, Urdaibai, berera. Erlojuaren aurka.Bigarren txanda Castro izan zen azkarrena. Goi mailan Jose Luis Kortaren mutilak, Pedreñaren aurretik. Nabarmen, gainera. 13 segundo gutxiago behar izan zituzten estropada osatzeko. Datorren astean txanda nagusian egoteko aukera asko ditu La Marinera-k. Galiziarrak, ordea, ezinean etxean. Mecos baina baina ez, eta Cabo da Cruz, berriz, hondoa jota.
Arkotek estropada paregabea osatu du
Arkoteren Plentzitzarra ontzia konfiantzaz gaindi dabil. Aurreneko proban, Vigon, ez ziren batere fin ibili. Baina bai lehengoan Riveiran eta baita atzo O' Groven ere, paregabe aritu dira. Pozik egongo da Patxi Bilbao bere mutilen lanarekin. Ez da ez gutxiagorako, igo berritako talde bat dela kontuan hartuta. Gerra emateko gogoa dutela dirudi.
Isuntza eta Pasai Donibane ere txukun aritu ziren, nor baino nor gehiago. Sei segundoko aldea atera zieten bukaeran pasaitarrek lekeitiarrei. Lehia ikusgarria ikusi ahal izango da uda guztian zehar. Ziur. Trintxerpe berriz, segituan hondoratu zen.Laugarren proba puntuagarria jokatuko da, gaur, Boiron (11:30, ETB1). Estropada ondorengo sailkapen nagusiaren arabera egituratuko dira, datorren astetik aurrera, hiru txandak.
ARRAUNA. TKE LIGA. Bere legean
Astillero nagusitu da TKEko hirugarren proban, eta lider jarraitzen du; Hondarribia bigarren izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu