ARRAUNA. TKE LIGA. Indarraren eremuan

Astillero ikusgarri nagusitu da Pasaiako Badian eta TKEko lidertzan da berriz ere; bide batez, eremuko marka ondu du 27 segundoan

Igor Susaeta.
DONOSTIA
2005eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Indarra behar-beharrezkoa da arraunean. Are gehiago, atzokoa bezalako estropadetan. Pasaiako Badiako probak ez du zerikusirik itsaso zabalean egiten direnekin. Horietan, indarraz gain, beste hainbat aldagai izan behar dira kontuan. Pasaian, baina, ez. Hartara, Astillerok, ontzi indartsuenak, iragarpenak bete zituen eta TKE (Traineru Kluben Elkartea) Ligako bederatzigarren proba irabazi zuen; Pasaiako Portuko II. Bandera, alegia. Bidez batez, Ligaren lidertzan jarri da berriro, lan erdiak egin direnean. Bidez batez, halaber, 2003tik Castroko La Marineraren esku zegoen eremuko marka (19.40.87) hobetu zuen ia 28 segundoan. Eta bide batez, Ligako aurtengo dinamika hautsi zuen. Izan ere, ez Hondarribia eta ezta Astillero ere ez dira gai izan, atzo arte, bi estropada segidan irabazteko.

San Jose XIII.enak egindako erakustaldia apartekoa izan zen. Estropadaren bezperan uste zena baino indar gutxiagorekin putz egin zuen haizeak. Halere, bazebilen. Baldintzak, dena dela, egokiak ziren arraunean egiteko. Halere, egokiagoak izan zitezkeen. Hortaz, pentsa egokiagoak izango baziren! Astillero 19 minututik jaisteko gai izango ote zen? Ez dugu sekula jakingo, baina atzo egindakoa koadrila gutxiren esku dago.Laugarren kaletik arraun egin zuten. Kanporantz, puntetarantz osatu zuten, beraz, aurreneko luzea. Estropada eremua berezia izanik lau ziaboga zituen eta ontziek binaka arraun egin zuten: bi kanporantz irten ziren eta beste biak barrurantz, helmugan gurutzatzen zirenean ikusten zen garbi nolakoa zen ontzi bakoitza egiten ari zen lana. Lehendabiziko aldiz gurutzatu zirenean, argi ikusi zen, jada, garaipena Astillerorentzat izango zela.

Hondarribia, ordea, urruti: bederatzi segundora, eta ondoan zuen Castro aurretik zuela. Ama Guadalupekoa hobeto moldatzen da itsaso zabalean. Pasaiako Badian, atzo, lau ontzik aurrea hartu zioten. Halere, ez daukate urduritzeko motiborik. Lidertza galdu dute, baina hiru puntu eskasera daukate Astillero. Gainera, bederatzi proba puntuagarri gelditzen dira oraindik Liga amaitzeko. Ezin beti puntaren puntan ibili. Onenek ere huts egiten dute noiz edo noiz. Salbuespen bat bera ere ez dago.Oso ondo, berriz, Castro. TKEk diziplina dosierra abiarazi du Jose Luis Kortaren kontra, Castroko Flaviobriga Banderan Pedreñako kide batekin izandako ika-mika bategatik. Dena den, denboraldiko estropadarik txukunenetako bat egin zuten bere mutilek. Aurreneko aldiz, eta txanda berean direnetik, aurrea hartu zioten Hondarribiari. Pedreña ohi baino makalago aritu zen.

Ligako beste koadrilarik indartsuenetako bat Orio da. Pasaian, eurentzako egokia zen estropada eremuan, bikain moldatu ziren. Euren txanda nagusitasun osoz irabazi zuten Arkoteren aurretik. Astillero bakarrik izan zen Txiki-ren denbora hobetzeko gai. Txanda berean arraun egin izan balute? Ez dakigu. Halere, goraka dator Orio. Argi dago. San Nicolas ontzi berria uretaratzerako, onenekin egon nahi duteTxukun baino gehiago, berriro ere, Arkote. TKEra ondo egokitu dira. Gainera, goraka egingo dutela dirudi. Oraingoz, behintzat, galiziarrak baino gehiago dira.

Pasai Donibane, makal zaleen aurrean

Isuntzak ere estropada osoa egin zuen. Atzo arte, inork gutxik usteko zuen Lekittarrak Pasai Donibaneri aurrea hartuko zionik. Bada, non eta Pasai Donibanen bertan, zaleen aurrean, lortu zuen hori, txanda irabaziz. Urdaibaik ere aurrea hartu zion Errekari, azken txanpa bikainean. Trintxerpe hondoratuta berriz, baina lasai antzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.