Arrauna. Nadeth Agirre. Patroi ohia

«Arraunak bizitzeko modu bat eman dit»

Arraunaren gurpiletik irten da Nadeth Agirre. «Garaia iritsi dela sentitu dut». Orioko traineruaren uretaratzea, bilakaera eta loria bizi izan ditu, bere betiko lekuan: ontziaren txopan.

GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Orio
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Duela hamazazpi urteko larunbat batean bertaratu zen Orioko Arraunketa Elkartera. Hasieran, tostartean, eta gero txopan. Probatu eta kateatu. Hamalau urtez aritu da traineru horia arraun luzearekin gobernatzen. Orioren historian ez dago hainbeste bandera eta garaipen lortu duen lemazainik. Bada, Donostiako kaiko antxerrian askatu zuen azkenekoz arrauna toletetik eta estroputik, Kontxako Banderako bigarren igandean. Hamaika sentimenduz josirik, malkoei ezin eutsita solastatu da Nadeth Agirre (Orio, Gipuzkoa, 1993), bere herriko taberna batean, itsasoaren haserrealdi ikusgarria ikusten duen bitartean.

Bi aste dira arraun denboraldia amaitu zenutela. Zer-nolako gorputzaldiarekin zaude?

Lasai nago. Banekien arrauna utziko nuela, eta, beraz, banekien jokatutako estropada bakoitza azkenengoa izango zela. Agur esaten ari nintzaien. Halere, gustatuko zitzaidakeen ibilbidea Kontxako Bandera irabazita amaitzea, baina ez zen hala izan. Edonola ere, neure buruari esaten nion lasai egon behar nuela. Izan ere, arraunlari baten ametsa Kontxako Bandera irabaztea da, eta hori jada beteta neukan. Gustura eta asebeteta geratu naiz.

Zergatik utzi duzu?

Garaia iritsi zela sentitzen nuelako. Aurtengo denboraldia gorabeheratsua izan da. Aurreko sasoitik aldaketak izan genituen, eta negu gogorra izan genuen. Urteen poderioz, trainerua gehiago sentitu izan dut, eta, emaitza onak lortu nahi bagenituen, lana gehiago fintzea zegokigun, eta horren falta sumatu dut. Horrez gain, nire esku ez zeuden erabaki batzuk hartu behar izan ditut, eta horrek asko nekarazi nau. Udari begira, berriz, banekien urak non jarriko gintuen, eta estropada bakoitza gozatzen saiatu naiz. Liga hasi aurretik, erabaki nuen aurtengoa azken denboraldia izango zela.

Kosta egin zitzaizun erabakia hartzea?

Zarauzko estropadako lehen jardunaldia jokatu eta biharamunean konturatu nintzen azken estropada izango nuela. Egun horretan hartu nuen erabaki irmoa. Kontxako Banderara arteko egunak hala moduz igaro nituen.

Gertukoek nola hartu zuten?

Ikusten zuten aldartez nola nengoen, eta ez dira konbentzitzen saiatu ere egin arraunean jarraitzeko. Ondo hartu dute.

Eta klubeko zuzendaritzak?

Penaz, baina ondo. Bazekiten arrauna utziko nuela.

Arraunaz gozatu duzu?

Aurreko denboraldian, entrenatzaile aldaketa izan genuen [Patxi Francesek hartu zuen Xanti Zabaletaren lekua], eta horrek ilusioa piztu zidan. Lortutako emaitzaz harago, gozatu egiten nuen. Hainbeste urtez patroi ibili eta gero, lehenengo aldia zen denboraldi osoko entrenamenduetan gozatzen nuena, Kontxako Banderaren atariko entrenamenduetan ez ezik. Traineruan aldaketak egiten bazituen ere, ederki joaten zen. Gustura joaten nintzen arraun elkartera, eta Zarauzko estropadak jokatu ondoren erabaki nuen hurrengo urtean jarraitu egingo nuela, gaur arte.

Nolatan hasi zinen arraunean?

13 urte nituela jo nuen klubera, eta patroi baten beharra zutelako hasi nintzen. Larunbat bat izan zen, eta inertziaz gertatu zen. Bateletan ibili ginen lehendabizi, eta trainerilletan gero. Aurrez ez nuen pentsatzen arraunean hasiko nintzenik ere. Klubean ordu asko igarotzen genituenez, lagun talde bat egin genuen.

Bazen emakumezkorik orduan?

Ni baino zaharragoko neska gutxi zeuden; esaterako, Itziar Olasagasti eta haren kuadrillako beste hiru. Batelean ibiltzen ziren haiek. Urte horietan, patroi aritzen nintzen arraunketa finkoan, baina, gero, aulki mugikorrean aritzen nintzen, batez ere lemazainik gabeko biko modalitatean.

Duela hamalau urte uretaratu zenuten trainerua lehendabizikoz. Aurrez pentsatu zenuen halakorik?

Klubeko zuzendaritzako kideei esan genien emakumeok trainerua atera nahi genuela. Aurretik ibilitako arraunlariak erakarri genituen, eta modu horretan osatu genuen taldea. Gainera, aurreneko estropadan aurrekalari aritu nintzen.

Hamazazpi urte hauetan nolakoa izan da zure eta Orioren arteko lotura?

Hasierako urteak gogorrak egin zitzaizkidan. Inguruko jendeak ez zuen konfiantzarik guregan. Kalean entzuten ziren komentarioak ere halakoak ziren: «Neskek zer egingo ditek? Zertarako trainerua? Ez ditek ezer egingo». Isilpeko lan handia egin eta gero trainerua uretaratu, eta handik hamar urtera irabazi genuen Kontxa. Pausoz pauso, behetik gora egin dugu, lehenengo posturaino. Jende helduak Orioko emakumeei buruz zuen ikuspegia aldaraztea lortu dugu, baita herriarena ere. Lorpen handia izan da, eta pozik nago.

13 urte zenituenetik hona, zertan aldatu da Nadeth Agirre?

Arraunak bizitzeko modu bat eman dit. Urteko egutegia arraunaren arabera antolatu izan dut. Mundu horretan hazi eta hezi naiz, hartan jaso ditudan balioekin. Talde lanak garrantzi handia dauka, eta diziplina handia eduki behar duzu. Arraunak heldutasuna ere eman dit. Patroi hasi nintzenean, ume mukizu bat nintzen, eta zoroaldi puntuan nengoen, baina traineruan arraunlari helduak eta gazteak zeudenez, bi aldeetara egokitu behar nuen. Eskarmentua hartu ahala, heldu egin naiz.

Ibilbide horretan, garaipen zerrenda luzea osatu duzu, tartean hiru Kontxako Bandera eta beste hainbeste Euskotren liga irabazita. Etorkizunean nola oroituko dituzu?

Garaipen asko lortu ditugu, baina urte horietan guztietan bizitakoak hartuko ditut gogoan batez ere. Arraunlari guztien helburua da Kontxa irabaztea. Orain arteko egunik politena edo osoena izan zen aurrenekoz irabazi genuenekoa [2019ko irailaren 8an]. Sentimendu asko etorri zitzaizkidan burura, bandera hori lortzeko urte asko igaro baitziren. Orion gizonezkoen arraunak indar handia duela kontuan hartuta, harro nago Kontxa irabazi duen lehen emakumezko patroi oriotarra izateaz. Atzera begiratuta, geure seme-alabei balentria hori kontatzea polita izango da.

Arrakasta lortzeko, galdu egin behar da lehenik?

Bai. Orain, ordea, esango nuke arraunean hasten direnek badakitela gutxi gorabehera zer talde ibiliko diren bandera lortzeko lehian. Punta-puntako taldeetan aritzeko aukera dute. Ni eta beste asko, ordea, porrot egin dugu lehenik, eta, beraz, uste dut behetik gorako bidea egin eta bandera irabazteak gehiago balio duela. Horrek, noski, modu batera betetzen zaitu.

Oriotarrek odolean daramate arrauna. Onerako bakarrik?

Mutilen egoerarekin alderatuko dut: haiek gorabeherak izan dituzte azken urteetan; neskok, aldiz, behetik gora heldu gara, eta esango nuke herritarrek ez digutela bandera irabazteko presiorik sentiarazi; gizonezkoei, aldiz, bai. Irabazteko beharra bainoago, animoak jaso ditugu. Ez dakit etorkizunean egoera hori aldatuko den edo ez.

Arraunak zer kendu dizu?

Arraunetik kanpo dagoen jendearekin egoteko denbora. Halere, uste dut gaztea zarenean behar handiagoa daukazula. Azken urteetan ez dut halakorik sentitu, eta, nahi zenuen hori lortzen duzunean, ez diozu besteari begiratzen.

Arantzaren bat geratu zaizu?

Ez nuke esango. Taldekideei brometan esan izan diet Zumaiako santelmoetako trainerilla estropada ez dudala irabazi; Aginagakoa, behintzat, behin baino gehiagotan irabazi izan dugu [barrez]. Lasai eta asebeteta noa.

Beste talde baten eskaintzarik jaso duzu noizbait?

Ez. Harrobikoa zarela kontuan hartuta, zaila da taldez mugitzea, eta are zailagoa zu nahi zaituen talde horrek diru kopuru bat ordaintzea. Halere, ez daukat inolako penarik. Nik Orio bakarrik sentitu dut.

Arraunean hasi zinenetik, zer bilakaera izan du emakumezkoen arraunak?

Urtez urte, emakumeen aldeko urrats garrantzitsuak egin dira. Traineru gehiago daude uretan, bi ligetan banatuta. Gorengo mailan, gainera, handitu egin dute ontzi kopurua, eta, aurten, zortzi traineru ikusi ditugu lehian aurrenekoz. Pausoak eman arren, iruditzen zait gehiegi eskatzen dugula, kontuan hartu gabe oinarriak ez daudela finkatuak benetan. Azken batean, oso zaila da urtero traineru bat ateratzea talde asko kolokan daudenean. Pausoak eman behar dira, baina ondo pentsatuta.

Euskotren Liga handitzeaz gain, zerbait gehiago ere egin zitekeen?

Aurten zortzi traineru sartu dira, baina ez dute beste ezer jarri mahai gainean; adibidez, neskok zergatik ez ditugu lau luze egiten, bi egin beharrean? Edota mutilek zergatik ez dituzte bi luze egiten? Gizonezkoetan zergatik egon behar dute hiru txanda? Inbutu batetik sartu gaituzte arraunlariok. Konturatzen al gara ikuslearentzat zer astuna izan behar duen emakumezkoen eta gizonezkoen estropada guztiak ikusteak? Jauzi bat egin eta ikusgaitasuna handitu nahi badugu, nik uste dut beste buelta bat eman behar zaiola arraunari, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan.

Emakumezkoen merkatua mugitzen hasi da?

Ez gizonezkoena bezainbeste, baina badago mugimendua. Lehen, esaterako, Kontxako Bandera amaitu eta hilabetera izaten ziren lehen deiak; bada, egun, Zarauzko estropada baino lehenago hasten dira. Alde horretatik, iruditzen zait hankak lurrean izan behar ditugula.

Mutilen arraunean, luze gabeko proiektuak egin dituzten talde asko hondoratu egin dira. Emakumezkoenean arrisku bera ikusten duzu?

Bai, ikusten dut. Orion, adibidez, ume pila ibiltzen dira elkartean, baina, gero, hutsune bat dago gazte kategoriatik seniorretara jauzi egiteko orduan. Beraz, ez dut imajinatu ere egin nahi harrobia lantzen ez duten taldeetan zer dagoen.

Arraunaren oinarria erortzear dago?

Kolokan dagoela iruditzen zait. Trainerura jauzi egitear dagoen arraunlariak punta-puntan egon nahi du. Horretarako, ordea, denbora eta pazientzia behar dira, baina ez dute halakorik. Gabezia hori nesketan eta mutiletan nabaritzen dut. Gaurko arraunlariak ez dauka trebatzeko patxadarik, eta, bide horretan, jendeak utzi egiten du arrauna. Horrez gain, lehen, eskarmentua zuen arraunlari batek gazteei zuzentzeko ohitura izaten zuen; orain, guztiek dakite arraunaz.

Eta orain zer?

Bizi. Halere, arraunarekin dudan lotura ez dut erabat hautsiko, estropadetara joango bainaiz. Eta entrenamenduak hasten direnean, lehorretik erreparatuko diet. Laguntza eskatzen badidate, prest egongo naiz, baina gurpil horretatik aterako naiz.

Zer mezu bidaliko zenioke ontzi horiaren txopan ariko den patroiari?

Ez dakit zein hasiko den ere [barrez]. Lana ahalik eta gehien egin dezala, eta pazientzia eduki dezala. Kolore horia senti dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.