Traineru garailea eduki nahi duen klubak bide erraza dauka. Urtea joan eta urtea etorri, arrakastaz arrakasta dabilen entrenatzailea eta arraunlaria taldean hartzea. Urdaibain lan ederra egin zuen; Oriora itzuli zenean Hondarribian arraunlari soilik jardun eta gero, bandera asko irabazi zituen, tartean Kontxakoa 2007an. Eta orain, Portugaleten dabil, KAE 1eko ontzi indartsuenaren arduradun. Joxean Olaskoaga Aizperro (Orio, 1974) arrauneko Midas erregea da. Doan lekura doala, arrakasta alboan izaten du.
Joan zen udazkenean gauzatu zen Portugaletera joateko aukera. Erronka handia zeukan: KAE 2tik igo berri zen taldea arraunaren elitean sartzea. Bost urterako hitzarmena sinatu zuen Javier Gonzalez klubeko presidente orduan hautatu berriarekin. Dirua sartu zuen klubean agintariak, eta, Aizperroz gain, fitxaketa handi gehiago egin zituen: Iurgi Iruretagoiena, Jon Iriondo eta Jon Agirrezabala arraunlariak, nabarmenenak aipatzearren.
Kanpoko uzta ona zen, eta barrukoa nolakoa den ikusi beharra zegoen udazkenean. Hasiera hura gogorra egin zitzaion oriotarrari: «Denboraldia bukatu eta hilabetera egon nintzen hango arraunlariekin, eta jota zeuden ahalegin handia egin eta gero. Kosta egin zitzaidan egoera hura barneratzea». Baina denboraren joanean, etxeko arraunlari haiek «egundoko lana» egin dutela dio entrenatzaileak, eta hasierako uste txarra berehala joan zen onera: «Baleko arraunlariak dira, eta gainera, sekulako motibazioa daukate San Miguel ligara igotzeko. Inoiz ez dira elitetik hain gertu egon, eta gogo handiarekin daude. Hori niretzat aldeko izan da, motibazio hori oso garrantzitsua delako taldearentzat».
Lan ona egin zuten denek neguan, berriek eta etxekoek. Uda gerturatu ahala, lan ona egin beharraren kezka eta ezinegona ere handiagoa zen. Portugaleteren inguruan sekulako aurreikuspenak jarri ziren, eta bete beharra zeuden. Horretarako, zer hobea banderak irabaztea baino. Bost estropada jokatu dituzte ligan, eta lau irabazi; bestean, hirugarren izan da. Dagokion lekuan dauka taldea, baina hor segitu behar du. Presioak, hala ere, ez duela kezkatzen esan du: «Presioaren kudeaketa eramatea ez zait kezkatzekoa iruditzen».
Bost urteko egitasmoak, bide onetik eta honetatik segitzen badu, aurrenekoan joko du goia. Aurten bertan igo daiteke onenen ligara. Aizperrok onartu du orain arte esaten ibili diren zerbait ez zela egia osoa: «Aurten gora jotzea ez zela lehentasuna edo helburua esan izan dugu, baina barru-barrutik, nahi dugu aurten igotzea». Horretarako, ondo hasitakoak ondo amaitu behar du. Gogorra da igotzeko helburua izatea. Polita ere bai, baina zama aldetik ere badu, ligan irabazten ibili beharraz gain, igotzeko kanporaketan ere goian ibili behar delako: «Astuna da bai. Astero dena eman beharra daukagu. Begira zer gertatu zitzaion iaz Santurtziri. Liga irabazi zuen, baina gero, igoerako bi estropadetan ez zuen batere aukerarik izan». Kanporaketa horretara begira, San Miguel ligakoek aukera daukate buru-belarri prestatzeko, oraintxetik hasita, baina KAE 1eko oilarrek ez: «Aurreko urtean, esaterako, Zumaia konturatu zen kanporaketa jokatu beharko zuela, eta denboraldi osoan prestatzeko aukera izan zuen. Gero, sekulako maila eman zuen beharra zeukan momentuan. Guk ezin dugu hori egin».
Baina ez du ukatzen ari dela pentsatzen kanporaketan: «Okerrik ezean, barruan izango gara». Eta behin barruan dela, San Miguel ligakoei irabazi beharko die. Zainduta dauzka goiko ligako balizko aurkariak: «Denboren bidez nabil kalkuluak ateratzen, eta uste dut igotzeko moduan izango garela». Balizko kontrario horietako bat bere herriko taldea izan daiteke, Orio, oso gertu baitu kanporaketa jokatzera behartzen duen postua, hamaikagarrena, baina besteren bat larriago ikusten du: «Orain, San Pedro dabil larri, kateatuta bezala. Orio pixkanaka gorantz doa, eta ondo dabilela iruditzen zait. Asko hitz egiten dut klubeko jendearekin, eta konfiantza ematen didate».
Iraileko bi estropada garrantzitsu horiek heldu aurreko lanetan, gauza bat betetzeko eskatzen du: «Erregularrak izaten segitu behar dugu. Zierbena hala dabil, Isuntza ere bai, eta gu ere bai». Garrantzitsua da, era berean, hutsik ez egitea, Santurtziri igandean gertatua ez gertatzeko —zazpigarren izan zen—, eta Aizperrok ez du uste kale egingo dutenik: «Kuadrilla beteranoa daukagu, eta konfiantza daukat gauzak ondo egingo ditugula».
Ez da dirua bakarrik
Denboraldia hasi aurretik, KAE 1 liga hizpide zen bakoitzean, hiru izen lotzen ziren: Portugalete, Santurtzi eta dirua. Euro mordoak arrakasta ekarriko ziela esaten zen. Baina hara non, bietako bat ez dabil uste zena bezain ongi. Aizperrok garbi du ez dela dirua bakarrik behar ondo ibiltzeko: «Ezin da ukatu oso garrantzitsua dela dirua, eta gaur egun, arraunean goian ibiltzeko, beharrezkoa da. Baina diruak ez du ezer bermatzen. Beste gauza asko ere behar dira». Aizperro bera edukitzea izan daiteke beste zerbait horietako bat. Doan lekura doala, banderak eta irabazi izenak berarekin eramaten ditu eta.
Arrauneko Midas erregea
Berriz ere lortu du Joxean Olaskoaga 'Aizperro'-k traineru irabazle bat osatzea. Portugaleten lehen denboraldia du, eta KAE 1 ligako lider da. San Miguel ligara igotzeko aukerekin ikusten du taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu