Itsasoari begira dago Gorka Aranberri (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). «Ea igandean zer itxura duen», esan dio kazetariari, bere herriko Munoa plazatik begirada itsasoan iltzatuta daukala. Izango du kezka alde horretatik, baina lasai egoteko motiboak ere badauzka, 33 segundoren aldea egundokoa delako. Bandera irabaziko balu, lehen Kontxa luke maiatzetik Urdaibaiko patroia denak.
Nola aztertzen duzu igandeko estropada hasi eta bukatu arte?
Irteerak lo harrapatu gintuen. Beroketan konturatu ginen alde handiak egongo zirela, itsaso txarragatik. Bagenekien Kaiku indartsu aterako zela, eta lehen minutuan bost segundo atera zizkigun. Gure asmoa Kaikuri nola edo hala eustea zen, bagenekielako kale hobea genuela. Muturra aurretik sartu nahi genien, eta hori egin eta gero, aurrera jo. Badakigu buruak eragin egiten diela atzean gertatzen badira, eta horren bila joan ginen.
Uhartetik aurrera aldeak handitzen joan zineten. Zergatik?
Arraunean ez gindoazen oso gustura, presaka ari ginelako, baina trainerua aurrera zihoan, eta hor atera genien aldea. Ziabogan, hamahiru segundo aurretik ginen.
Bigarren luzean erabat hautsi zenuten estropada.
Ziaboga ematerako mutilei esan nien lehen luzean bezala egiten bagenuen arraunean olatu bat bera ere ez genuela hartuko, eta asmatu egin genuen arraunean bueltan. Dena hartu genuen.
Erabakita al dago garailea nor den?
Ez. Jendeak erraz ikusten du 33 segundo asko direla, baina ikusi egin behar da igandera bitartean zer gertatzen den. Itsasoak joan zen igandeko gauza bera egin dezake, eta orain, gu gara bigarren txandan; imajinatu igandeko bera gertatzen dela. Bandera eskuan eduki arte ezin da inorekin eta ezerekin fidatu, eta hankak lurrean dauzkagu. Berdin-berdin ari gara entrenatzen, ilusio berdinarekin, eta jakinik 33 segundoren aldea dugula.
Aste honetako saioetan buruko lana egitea al da garrantzitsuena?
Ez. Sasoiari eutsi behar diogu. Burua alai daukagu orain, eta hori kontrolatzea da gure lana. Erraza da konfiantza handiegia hartzea horrelakoetan, baina badakigu non gauden, eta aurkariari errespetua zor zaio. Estropada irabaztera aterako gara, edozer gerta daitekeelako: ziabogako boia burdinazkoa da, eta trainerua zula dezake, arraunlariren batek min har dezake,arraunen bat hauts daiteke... pasa behar ez lukeen edozer gerta daiteke.
Zure lehen Kontxako Bandera izan daiteke. Pentsatu al duzu horretan?
Arraunlari guztiok pentsatzen dugu noiz edo noiz irabaziko dugula. Azken batean, estropada garrantzitsuena da, eta hori ukatzen duena gezurretan ari da. Hamabi bat urte daramatzat une hau noiz helduko, eta aste bat gehiago itxarongo dut. Ez dut momentua aurreratuko; zain egongo naiz. Arraunean egingo dugu, dakiguna egingo, urduritasunik gabe, eta goikoak esango du zeinek irabaziko duen.
Estropada amaitu berritan, taldekideek zure lana goraipatu zuten. Nola hartu dituzu hitz gozo horiek denak?
Taldearen izenak esaten du arraunlaria edo patroia ona den. Adibide bat jarriko dizut: Realeko jokalari on bat ona da Realean, baina Real Madrila joan eta gol kopuru bera sartzen badu, egundoko izena hartzen du. Hemen antzekoa gertatzen ari da. Urdaibaik iaz dena irabazi zuen, eta izena dauka. Niri jarri didate ospea, baina taldeko lana izan da. Atzo [herenegun], horixe esan zidan Jose Manuel Francisco entrenatzaileak: «Zuk egin dituzu onak arraunlariak, eta arraunlariek zu». Ni arraunlaririk gabe ez naiz ezer, eta beraiek ere ez dira ezer erdipurdiko patroi batekin.
Igandean barruan izango al zara?
Ez dakit. Horrelako estropadetan entrenatzailea ez da aldaketak egin zalea, baina datorrena datorrela, ondo hartuko dut. Orain arte eman dizkidan aukerak baliatu ditut, eta berriz ematen badizkit, berriz baliatuko ditut.
Espero al zenuten hainbesteko aldea ateratzea Kaikuri?
Ez. Itsaso txarrak eragin handia izan zuen. Arriskua zegoen ura hartzeko brankaz, eta traineru txoro samarra atera zutela ikusi zen gero, bigarren luzean. Guk asmatu egin genuen, baina beraiek kale egin zuten, eta horregatik atera genien hainbesteko aldea.
Itsaso txarrarekin jokatu zenuten Euskadiko Txapelketa, eta igandean ere txarra zegoen. Bietan erraz irabazi diozue Kaikuri. Urdaibai hobea al da baldintza txarretan?
Ez dakit. Entrenamendu asko egin ditugu itsasoan. Izugarri txarra egon denean ere, palka jarri eta han ibili gara, arrisku handiak hartuz. Kristorenak pasatu ditugu, baina zerbaiterako balio izan du. Besteak barruan egon diren bitartean, gu arrisku handiak hartuz ibili gara itsasoan.
Noiz hasi zineten Kontxako Bandera buru-belarri prestatzen?
Klubak jartzen ditu helburuak denboraldi hasieran, eta San Miguel ligan aukerarik gabe gelditu ginen Portugaleten. Oso atzean geratu ginen, eta zaila zen Kaiku harrapatzea. Gero, Euskadiko Txapelketa irabazi genuen handik gutxira, burua nola edo hala altxatuz. Baina Espainiako Txapelketan kolpea hartu genuen berriz ere. Taldearen krisia orduan etorri zen: bi astez egon ginen burua altxatu ezinda, gaizki entrenatzen, eta triste. Pasaiako estropadan altxatu genuen burua berriz, eta argia ikusi genuen; harrezkero, beste modu batean ibili ginen entrenatzen. Beste traineru bat ematen zuen gureak Pasaiako estropada jokatu eta gero.
Zer lan egin behar da bi astean zulo beltzari buelta emateko?
Gure entrenatzaileak esaten du talde bat nola dagoen buruaren egoerak zehazten duela. Taldea triste badago emaitzak tristeak direla, alegia. Arrazoi ematen diot. Halakoetan, egoera alaitzeko, kanpotik behar duzu bultzada, eta arraunean, beste kirol guztietan bezala, emaitzak dira bultzada. Nahi duzun bezala ariko zara entrenatzen, baina talde garailea, ez badu irabazten, triste egoten da. Buelta eman behar zaio, eta ari ginen ea noiz etorriko emaitza ona; entrenatzailea ere ari zen aldaketak egiten, eta halako batean, Pasaian jaso genuen saria. Hortik aurrerakoa orduko bide onean segitzea izan da.
Oso denboraldi gogorra izaten ari da Urdaibairentzat.
Ni geroago heldu nintzen, baina arraunlariek neguan jardun zuten entrenatzen, jakin gabe udan arraun egin ahalko zuten edo ez. Uda heldu denean, berriz, lehiaketa hasi baino pare bat egun lehenago, informazioak azalduz joan ziren hedabideetan, taldeari min emateko asmoz. Ateratzen zen informazioa, eta pare bat egunera, isiltasuna berriz; baina kaltea egina zegoen taldearen barruan. Oso gogorra izaten ari da, ezin delako kontrolatu kanpotik datorren guztia.
Horri ere atera al diozue alderdi onik?
Bai: indartu egin du taldea. Nola edo hala atera behar diozu alderdi ona, ezin duzulako kolpea hartu eta lurrean etzanda geratu. Altxatu beharra dago nola edo hala, eta egoera horietatik ikasi.
Ona izan al da zuentzat faborito nagusi ez izatea lehen igandean?
Faborito izateak beti ematen dizu presioa. Kaikuk sekulako denboraldia egin du, eta guk ere bai, bost bandera irabazi ditugulako. Kontuan eduki behar da Kontxara begira Urdaibai dela iazko irabazlea eta titulua harena dela. Urdaibairi kendu behar zaio bandera, beste batzuk faborito izan arren. Gero, jakin egin behar da faboritoaren presioa eramaten.
Irabazten baduzue, zer?
Gure artean hitz eginda daukagu ez dugula probokazioetan erori behar, eta gure artean ospatu behar dugula, zaleekin eta familiarekin. Irabazten badugu, merezi dugulako izango da, eta ez gara inorekin sartuko; geurera joango gara eta kito.
Itsaso txarra ikusi zenuenean, estropadaren aurretik, zer pentsatu zenuen, gozatzeko eguna zela ala egundoko erantzukizuna zenuela?
Gustatzen zait mugimendua, baina horrek ez du esan nahi taldearentzat ona denik, arraunlariak boteak egiten joaten direlako tostetan. Olaturik ez dute ikusten, eta ez da erosoa. Elkar ondo hartzen jakin behar da. Beroketan tankera ematen diozu gozatuko duzun edo ez. Arraunean baldin badakizu, eta esperientzia baduzu, gozatzeko aukera izaten da. Ikusi nuenean txarrera zihoala, poza sentitu nuen. Banekien Kaikuri irabazteko aukerak handitu egiten zitzaizkigula, eta kaleen artean izaten diren aldeekin. Zorte ona izan genuen, baina zorte ona baliatzen ere jakin behar da.
Zer behar du patroiak olatuetan ona izateko?
Abilezia eta begi pixka bat. Baina atzera begiratu gabe eduki behar da begi ona. Ontziak egiten duen mugimenduaren arabera antzematen diozu zer datorren, eta hori esperientziak ematen du. Hasiera batean, zuloan zaudela, ez duzu maniobrarik egiten, baina gero, aurrea hartzen ikasten duzu, mugimenduak lehenago egiten. Gainera, hasieran, dena indarrarekin egiten duzu, eta gerora ikasten duzu indar gutxiago erabiliz mendera daitekeela trainerua. Berandu ibiltzen bazara, alferrik da indar egitea.
Beti izan duzu patroi onaren ospea.
Taldeak arraunean asmatzen duenean, errazagoa da ontzia zuzen eramaten. Bakoitzak bere aldetik egiten baditu gauzak, aldiz, ezinezkoa da. Pentsatu barruan 1.000 kiloren bueltako pisua daramazula, pertsonak aurrera eta atzera, eta olatu batek paper zati bat bazina bezala mugitzen zaitu.
Arraunlariak lasaitzen jakiteak ere izango du garrantzia, ezta?
Bai. Garrantzitsua da arraunlaria patroiari begira joatea. Nire izena goraipatu da igandekoaren ondoren, baina taldeak egundoko lana egin zuen. Hankekoek asko lagundu zidaten, egundoko lana egin zuten, eta hori ez da inon nabarmendu. Itsaso txarrarekin indarra baino garrantzitsuagoa da ontzia zuzen eta berdinduta eramatea; hala eginda, erdia egina duzu. Arraunean ez genuen ondo egin, baina zuzen joan ginen.
Posible al zen arraunean ondo egitea?
Bai. Guk zorte ona izan genuen, ur asko ez zitzaigulako sartu. Brankaz beldurrez joan ginen, baina poparean, sartutako urak mesede egin zigun, ontziaren muturra beherantz botatzen zuelako.
Arrauna. Kontxako Bandera. Gorka Aranberri. Urdaibaiko patroia
«Arraunlaririk gabe ez naiz ezer»
Kontxako estropadaren lehen egunak bi izen nabarmendu ditu: Urdaibai eta Gorka Aranberri patroia. Poparean maisuen lana egin zuen Aranberrik, baina berak taldeari eman dio garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu