Arrosa koloreko ipuina

Juan Mari Etxabe, Maialen Arrazola, Anartz Gereño eta Francis Sistiaga. San Juan arraun elkarteko entrenatzaile 'berriak' erronka berriaz aritu dira solasean.

Anartz Gereño, Maialen Arrazola, Francis Sistiaga eta Juan Mari Etxabe, San Juan arraun elkartearen egoitzan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Berez da zaila kirol talde bat kudeatzea, kirola edozein izanda ere. Zailtasunak ia-ia bakarrik sortzen dira, eta, askotan, taldearen baitan ez dauden esparru edo lekuetatik. Horixe bera gertatu zaio San Juani udazken hasieran, eta aldatu edota lekuz mugitu egin behar izan ditu entrenatzaileak seniorretako hiru traineruetan: emakumezkoen ontzian, eta gizonezkoen bietan —Oiartzun du bigarren taldea—.

Kanpotik sortutako egoera batek eragin du aldaketa. Urdaibaik fitxatu duenez Joseba Fernandez entrenatzaile lanak egiteko, azkeneko bost denboralditan etxeko taldean aritu den arraunlariari ordezkoa bilatzera behartua egon da San Juan. Ez da erabaki erraza izan. Etxekoekin lanean jarraitu nahi zuen zuzendaritzak, eta etxeko entrenatzaileekin bete nahi zuen seniorretako hiru taldeen arduradunen lekua.

Fernandezen fitxaketa irailaren 27an baieztatu zuen Bermeoko taldeak, eta San Juanek urriaren 22an egin zuen ofizial entrenatzaileen izendapena. Ia hilabeteko bidea egin behar izan dute gauzak nahi bezala doitzeko.

«Ez da erraza izan», aitortu du Juan Mari Etxabek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966), gizonezkoen seniorretako lehen ontziaren entrenatzaile berriak. Zailtasuna ondorengo gai honetan izan dute, batez ere: «Emakumezkoen taldeko entrenatzaile izan naiz azkeneko hiru denboraldietan, eta haiekin jarraitzekotan nintzen. Arraunlariek ere baiezkoa emana zidaten nirekin jarraitu egingo zutela, eta gizonezkoen aukera atera zenean, estutasun handia izan nuen, ez baitzen erabaki erraza niretzat». Horregatik eskatu zion zuzendaritzari —bera ere bertako kide da— ondorengoa: «Har ezazue zuek erabakia; ez dut inor haserretu nahi, eta zuek esaten duzuena onartuko dut».

Gizonezkoen entrenatzaile. Horixe izan da zuzendaritzaren erabakia, eta gustura dago Etxabe: «Pozik nago, bai, baina emakumeekin segitu banuen ere, pozik. Gainera, ni jartzean ematen zuen arraunlari dezentek utziko zutela, hori ere zabaldu zen, eta erabakia hartzeko orduan beste zailtasun bat izan zen hori. Baina, azkenean, uste baino hutsune gutxiago izango ditugu».

Bere ondoan Francis Sistiaga (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1965) ariko da —Oiartzungo entrenatzaile ere izango da—, eta berretsi egin du Etxabek esandakoa: «Azkenean, geurea izango da San Miguel liga osoan hutsune gutxien izango dituen taldea».

Korapilo bat askatua zegoen gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea aukeratu zuenean zuzendaritzak. Ordurako, beste bat ere libre izango zuen, jakina: Etxaberen lekua emakumezkoetan bete behar zuenarena. Ontzi barruan aurkitzea, eta etxeko entrenatzaile izandako batekin osatzea izan zen erabakia. Maialen Arrazola arraunlariak (Donostia, 1985) eta Anartz Gereñok (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974) egingo dute bikotea Batelerak ontzia gobernatzen. «Maialen da egokiena», esan du Etxabek, eta «kezka handi bat kentzen dit gainetik, badakidalako taldeak jarraitu egingo duela berarekin ere, eta badakidalako ondo moldatuko direla». Ez du lan berrian batere esperientziarik Arrazolak, baina arraunlari bezala hemezortzi urte daramatza. Gereñok badaki zer den entrenatzaile izatea, eta bikote osatu askoa egiten dute. «Ez da zaila entrenatzen jakitea», esan dio Arrazolari Gereñok—gizonezkoen taldea zuzendu zuen 2004tik 2006ra—. Arrazolak aitortu du ez duela eskarmenturik: «Lan berria izango da niretzat, baina ez nau kezkatzen batere aritu gabea izateak». Badaki arraunlariek begi onez hartu dutela bera izendatzea entrenatzaile, baina ukatu egin du galdetu egin zaiela entrenatzailea aukeratzeko: «Ez da egia hori, eta zuzendaritzaren erabakia izan da».

Laukotea osatuko dute hiru taldeen arduradunek, eta elkarlana sarritan aipatu dute. Aukeraketa egiteko orduan, elkar bat hartuko duen lantaldea osatzea izan da funtsetako bat. Etxabek hartu du hitza berriz ere: «Urte hauetan, egon da nolabaiteko banaketa gizonezkoen eta emakumezkoen taldeen artean. Bakoitza bere aldetik joan da. Ulertzekoa ere bada neurri batean, baina aldatu nahi dugu hori. Laurok elkarlanean ariko gara horretarako, filosofia horretan sinesten dugulako, eta San Juanek klub berezia izaten segi dezan nahi dugulako».

Helburuak eta zailtasunak

San Juan talde irabazlea izaten ari da azken denboraldietan. Emakumezkoen ontziak direnak eta ez direnak irabazi ditu hiru sasoitan, eta gizonezkoek bandera bat ere irabazi dute aurten. Hori dena gutxi ez, eta Oiartzunek KAE 2 ligako ia bandera guztiak eta liga eraman ditu klubera aurten.

Badakite zaleek garaipenaren gozoa dastatzen jarraitu nahiko dutela, baina ez dute hori presio moduan hartzen. Laurek bat egin dute erantzunean: «Presioa geuk jarriko diogu geure buruari». Eskatzea libre du zaleak, nahiz eta entrenatzaile aldaketak eragin egin lezakeen emaitzetan, onerako edo txarrerako. Etxabek zuhurtzia aipatu du: «Ez naiz hasiko orain hau eta bestea egin behar dugula agintzen. Datorren urteko irailean ikusiko dugu nola joan den urtea, prestakuntzaren eta lehiaren aldetik. Baina, agian, hurrengo denboraldia bide berri baten hasiera izango da gizonezkoen lehen taldean, eta, akaso, pauso bat eman beharko dugu atzera, gero bi aurrera emateko».

Arrazolak ere ez du helburuez hitz egin nahi izan: «Etxaberen lekua betetzera gatoz, eta Etxabe dena da guretzat. Begira palmaresa. Garbi dago emaitza onak berriz lortzera aterako garela, eta horretarako prestatuko gara, eta ikusiko dugu lortzen dugun edo ez». Gereñok prestakuntzarekin lotu du emaitzen gaia: «Neguan lan ona egin behar da lehenbizi. Hori gabe jai dago. Taldea ona denean, negua luze egiten da, uda iristeko irrika izaten delako, eta ea gure kasua hori den». Sistiagak ere garbi du zein izango den bere lana: «Etxabek eskatzen didanean arraunlariak behar dituela, nire taldekoak prest izatea izango da nire lana. Hori da niretzat emaitza».

Abiatzera doa, hortaz, aro berri bat San Juanen. Dena ondo jarria eta antolatua dagoela ematen du. Ipuin bat dirudi: etxeko entrenatzaileak, elkarlana, klubaren izaera indartua... Harroxa koloreko kontakizuna ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.