Artola sailkatu da buruz-buruko finalerako, eta Altunaren aurka arituko da

Galtzen hasi bada ere, Larrazabalen aurkako partidari buelta eman dio alegiarrak: 22-12.

(ID_13898253) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-05-19, Donostia. Pilota, Buruz Buruko finalerdia
Altuna eta Artola, iazko finalerdian. Berriz neurtuko dira aurten, finalean. Jon Urbe / Foku
Edu Lartzanguren.
2025eko maiatzaren 18a
20:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Jokin Altunaren kontra jokatuko du Iñaki Artolak buruz-buruko finala. Gasteizko Ogeta pilotalekuan Iker Larrazabalen aurka jokaturiko partidan nagusitu da gipuzkoarra, galtzen hasi arren. Atzo Jokin Altuna nagusi izan zen buruz buruko finalerdietan Unai Lasoren aurka, eta Aspekoa merezita sailkatu zen finalerako: 22-9 irabazi zion Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Nahieran ibili zen Altuna III.a, eta ezinean Laso.

Gaurko partidako lehenengo tantoa Larrazabalek atera eta berak eraman du. Sake bikain batekin, bigarren tantoa ere eraman du arabarrak. Hirugarrena ere irabazi du pilotakada gogor batekin erantzun ezinik utzi duenean Artola.


Hurrengo tantoa Artolaren hutsak eragin du, goregi eraman duelako pilota. Lau huts jarri da aurretik Larrazabal horren bidez.

Baina Larrazabalek egin du kale hurrengoan, txapapera bidali baitu pilota. Artolak eraman du hurrengo tantoa, eta huts berdintsua egin du Larrazabalek hurrengoan. 2-4 jarri dira horrela. 

Bigarren etena eskatu du Artolak markagailua 2-6 jarri denean. Eta badirudi funtzionatu duela, Artolak erreakzionatu duelako hurrengo tantoetan. Amurrioarraren abantaila murriztu du Artolak, eta 6-7 jarri dira. Berdintzea lortu du Artolak hurrengoan, tanto gogor batean.

Eta orduan eman dio buelta partidari alegiarrak: 8-7.

Edonola ere, lortu berria zuen abantaila txikia galdu du Artolak, ondoren: ondo neurtu ez, eta luzeegi joan zaio pilota. 

Nahasia izan da partida une horretara arte, kolpe onak baino huts egiteak izan baitira nagusi tantoetan, bi aldeetan, gainera.

Larrazabal engainatzea lortu du Artolak, eta dejada batekin lortu du 10-9 jartzea, partidaren 30 minutuan.

Atsedenalditik Larrazabal lasaiago kantxaratzea espero bazen ere, dejada dotore batekin 14-9 aurreratu da Artola. Edonola ere, berriz saiatu da antzeko jokaldia egiten, baina luzeegi jo du, eta kanpora bidali du pilota.

Larrazabalek sakez murriztu du gero gorriaren abantaila sakez.

23 pilotakadako tantu gogor bat jokatu dute gero: dejada, atzera, aurrera gero, berriz atzera, eta, azkenean, Artolak buru gainetik bota dio pilota urdinari, eta pasatzen ikustea besterik ezin izan du egin Larrazabalek.

Beste pilota bat galdu du Artolak goregi bidalita ezker paretan. Opari asko egin dizkiete elkarri bi pilotariek. Hurrengo tantuan ere, huts larria egin du Larrazabalek: motz geratu da sakean.

Eta Artolak ez du hutsa barkatu, eta hurrengo pilotan hormabikoaz baliatu da, 18-12 jartzeko.

Larrazabalen nekea nabarmen geratu da azken tantoetan. Dejada dotore batekin jarri da 21-12 Artola. Partida amaituta ez dagoela esan dio botileroak Larrazabali, lehen ere buelta eman izan dizkiela halakoei.

Baina ezin. Finalean, azkenean, elkarren bila ibili diren bi pelotari arituko dira.

«Hasieran berak dantzan jartzen ninduen. Pilota karga handiarekin heltzen zitaidan goitik», esan du Artolak. Aurrekoan jokatzerik izan ez zuen finala jokatuko duela gogoratu du alegiarrak. «Nork esan behar zidan berriz ere jokatzerik izango nuela, eta pelotari beraren aurka». Altuna gaurko pelotaririk onena dela gaineratu du.«Hari irabaztea ikaragarria litzateke».

Gehiago egitea espero zuela esan du Larrazabalek. Hurrengo urterako fisikoki hobetzea espero duela esan du: «Hauek ikaragarriak dira», esan du aurkarien inguruan. Edonola ere, sasoi bikaina egin du, eta etorkizunerako kontuan hartzeko pilotaria izango dela argi utzi du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.