Askatu dute korapiloa

Espainiako Futbol Liga Profesionala eta Futbolarien Elkartea ados jarri dira, eta asteburu honetan hasiko da ligaUrtarrilaren 21-22ko asteburuan jokatuko da Lehen Mailan atzeratutako lehen jardunaldia

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Kostata. Zazpi bilera luze eginda. Egoera muturrera eramanda. Baina Espainiako Liga Profesionalak (LFP) eta Futbolarien Elkarteak (AFE) lortu dute akordioa. Sinatu dute lan hitzarmen berria, eta asteburu honetan hasiko da Espainiako Liga, Lehen eta Bigarren Mailan. Realak bihar ekingo dio denboraldiari, Sportingen zelaian (18:00); Osasunak etzi jokatuko du berez bigarren jardunaldikoa den partida, Atletico Madrilen aurka, Iruñean (12:00); eta Athleticek etzi jokatuko du, 16:00etan, Rayo Vallecanoren aurka, San Mamesen. Joan den astean jokatzekoa zen lehen jardunaldia, berriz, urtarrilaren 21-22ko asteburuan jokatuko da; lehen itzuliko azken jardunaldia izango da. Asteburu horretan jokatzekoa zen jardunaldia maiatzaren 2-3ra pasatuko dute, eta maiatzaren 13an amaituko da liga.

Bi asteko eztabaida gogorraren ondorioa izan da greba bertan behera geratu izana —27 urtean lehen aldiz egin dute greba—. Herenegun ia hamabi orduko bilera egin zuten LFPk eta AFEk —atzo goizaldeko bostetan amaitu zuten—, eta atzo goizean elkartu ziren berriz ere. Eguerdian jakinarazi zuten albistea: «Lehen eta Bigarren Mailako futbol ligak hastera doaz». Eztabaida luzearen ondoren bi aldeek sinatu duten akordioa benetan betetzen ari dela ziurtatzeko «behar adina denbora» hartzeko prest agertu ziren atzo Jose Luis Astiazaran LFPko presidentea eta Luis Rubiales AFEko presidentea.

Oinarrizko hiru puntu adostu dituzte bi aldeek asteburu honetan ligari ekin ahal izateko: batetik, jokalarien soldatak bermatzeko funtsa sortzea —ez zuten zehaztu zenbatekoa izango den—; bestetik, hiru hilabetetik gora kobratu gabe daramatzaten jokalariek kontratuak eten ahal izatea, eta beste edozein taldetara joateko eskubidea edukitzea; eta, azkenik, maila galtzen duten taldeetako jokalariek ere dagokien diru kopurua kobratzea.

«Jokalarientzat erabat ona da akordioa», adierazi zuen atzo Rubialesek. «Kaltetutako 200 jokalari horien egoera konpondu ahal izango da». Rubiales «harro» agertu zen jokalariek tarte honetan erakutsitako «elkartasunagatik». «Onartu beharreko Konkurtso Lege berriak mugarria izan beharko du diru arazoak konpontzeko». LFPren «ahalegin handia» eskertu zuen Rubialesek. «Egoera ekonomikoa ez baita samurra».

Astiazaran ere gustura zegoen akordioarekin. «Bi aldeek eman dugu asko egoera konpontzeko, eta etorkizunerako baliagarria izango da». Lehen eta Bigarren Mailako 42 taldeen babesa eskertu zuen LFPko presidenteak. «Aurrerantzean, modu praktikoagoan konponduko ditugu arazoak. Benetako konponbideak lortzeko lan egingo dugu orain».

Aspaldikoak dira LFPren eta AFEren desadostasunak. Iaz ere AFEk greba mehatxua egin zuen, baina azkenean atzera egin zuen. Aurten, hitzetatik ekintzetara pasatu da. Hilaren 11n erakutsi zuen ez zuela eskaeretan atzera egiteko asmorik; egun horretan, greba deialdia egin zuen Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako lehen bi jardunaldietarako. Arrazoia? Jokalariek beste lan hitzarmen bat izatea eta zor zaien dirua ordaintzea nahi zutela.

Diru funtsa oinarrian

LFPk eginda zeukan auzia konpontzeko lehen eskaintza: hurrengo lau denboraldietan 40 milioi euroko funtsa osatzea jokalarien soldatak ziurtatzeko. AFEk ez zuen onartu, «txiki» geratzen zela argudiatuta. Urte bakarrean taldeek jokalariekin duten zorra hamabi milioi eurotik 50era igo dela salatu zuen AFEk, eta egun 200 jokalaritik gora direla kaltetuak. AFEk Konkurtso Legea jo zuen egoeraren erruduntzat, horri esker klubek saihestu egiten baitute jokalariei zorrak ordaindu beharra. Horregatik, Konkurtso Legea futbolean indarrean ez egotea eta ordaintzen ez duten klubek zuzenean maila galtzea eskatu zuen. Hilaren 17an grebara deitu eta sei egunera bildu ziren lehen aldiz bi aldeak, baina atzo arte ez zen konpondu egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.