«Aski da», esan dute

Lehen eta Bigarren Mailako futbolariek greba deialdi «irmoa» egin dute ligako lehen eta bigarren jardunaldietarakoBeste lan hitzarmen bat eskatzen dute, eta taldeek zor dieten dirua ordaintzea

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Ligako Lehen eta Bigarren Mailako jokalariek greba deialdia egin dute hastear dagoenligako lehen eta bigarren denboraldietarako. Beste lan hitzarmen bat eskatzen dute, eta jokalariei zor zaiena ordaintzea. Ligarentzat, berriz, deialdia «ulertezina» da, euren ustez negoziazioak bide onetik zihoazelako. Azken urteetan greba deialdiak ez dira bete, baina jokalariek nabarmendu dute oraingo deialdia mehatxu hutsa baino gehiago dela.

Luis Rubiales AFE futbolari sindikatuko buruak egin zuen atzo greba deialdia, «Lehen eta Bigarren Mailako jokalari guztien» izenean. 110 futbolarirekin agertu zen, eta hainbat herrialdetako futbolari elkarteetako presidenteekin. «Futbolariok bat egin dugu, eta 'aski da' esan. Ligako lehen bi jardunaldietan greba deialdia egiteko erabaki irmoa hartu dugu. Liga ez da hasiko beste lan hitzarmen bat sinatu arte».

AFEk bi hilabete daramatza Futbol Liga Profesionaleko (LFP) ordezkariekin negoziatzen, eta ez dute akordiorik egin. Rubialesek hitzarmenean nahi dituzten eskaera batzuk laburbildu zituen. «Neurri prebentiboak nahi ditugu, ez bakarrik konponbideak. Beste liga batzuetan dauden bezala, Alemanian, Ingalaterran... Han, ordaintzen ez duen taldea ez da lehiatzen. Era berean, jokalari batek ez badu hiru hilabetean kobratzen kontratua automatikoki hauts dadila eskatu dugu. Halere, eta akordio bat lortzear geundela zirudienean, dena alboratu egin zuten».

Zorrak ere handiak dira: AFEren kalkuluen arabera, taldeek jokalariekin duten zorra 12 milioi eurotik 50era pasa da urte bakarrean, eta egun 200dik gora dira kaltetuak. Era berean, ligaren irabaziak 800 milioi eurorenak direla gogorarazi zuen Rubialesek. «Futbolariei ezin zaie gehiago eskatu. Futbolariek ez dute diru gehiago nahi, kontratuak bete daitezela nahi dute, iraganeko, egungo eta etorkizuneko zorrak kontuan izan daitezela eta jokalari guztiak talde guztietan berdin tratatuak izan daitezela».

LFP, ordea, ez da iritzi berekoa, eta Jose Luis Astiazaran presidentearen iritziko, jokalariek «ez dute greba egiteko arrazoirik». Realeko presidente ohiak atzo zehaztu zuenez, eta, haren iritziko,azken hilabeteko negoziazioetan asko aurreratu da akordioaren bila. «Taldeen kontrol ekonomikoa onartu genuen, eta soldatak ziurtatzeko diru funtsa. Funts horretan, taldeek 240.000 euro sartu dituzte Lehen Mailako jokalari bakoitzarengatik, eta 120.000 Bigarren Mailako jokalari bakoitzarengatik. Dena den negoziatzen jarraituko dugu». Sindikatuko buruak Astiazarani erantzun zion, eta akordio horiek «unilateralki» onartu direla esanez, eta ez direla aski «aurtengo zorrak, eta sor daitezkeenak kitatzeko».

Azken denboraldietan greba deialdi bat baino gehiago egon da ligan, eta inoiz ez dira bete. Oraingoan, baina, deialdia irmoagoa dela zabaldu da taldeen inguruan. Iker Casillas Real Madrileko atezaina sindikatuko presidenteordea da, eta zorrotz mintzatu zen. «Ez dela jokatuko baino ezin dut esan egun. AFEk akordio bila jarraituko du. Jokalari asko ari da gaizki pasatzen, eta zenbakiak hor daude».

Gaizki pasatzen ari diren Lehen Mailako jokalari horien artean dago Nestor Susaeta, Rayo Vallecanoko erdilari eibartarra.Jokalariek hamar hilabete daramatzate kobratu gabe, eta, hala ere, mailaz igo ziren. Taldeko jokalari guztiak joan ziren atzoko agerraldira. «Oso gogorra da etxera iritsi eta zure bikotekideari esatea oraindik ez duzula kobratu. Futbolak ezin du hala jarraitu. Konkurtso legeak gainera min handia egin dio futbolari, zorraren ehuneko handi bat ordaindu gabe geldi daitekeelako».

Greba egiten badute, Espainiako Ligako historiako bosgarrena litzateke. Azkenekoa 1984an izan zen, bi jardunaldikoa. Aurrenekoan gaztetxoak jokatu zuten, eta bigarrena ez zen jokatu. Ordukoan futbolariek eskatzen zuten zorra ordaintzea eta telebista eskubideen negoziazioetan egoteko eskubidea edukitzea. Hartaz geroztik, hainbat ahalegin egin dira. 2007-2008ko denboraldiaren aurretik lan hitzarmena izan zen arrazoia, baina denboraldia hasi baino hilabete lehenago konpondu zen auzia. Azken deialdia, berriz, iragan sasoian izan zen, eta talde batzuek egin zuten telebistaz partida bat ordaindu gabe ematera behartzen dituen legearen aurka. Azkenean, baina, bertan behera gelditu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.