Mendi korrikalaria

Lide Urrestarazu: «Asko ari naiz gozatzen Munduko Kopan parte hartzeko aukeraz»

Mendi lasterketetako Munduko Kopan ondo sentitzen ari da Urrestarazu. Jokatu diren bi lasterketetan bikain aritu da, eta behin-behineko liderra da sailkapen nagusian.

Lide Urrestarazu mendiko korrikalaria. BERRIA
Lide Urrestarazu mendiko korrikalaria. ANTTON GUAREST
Unai Ugartemendia.
2024ko apirilaren 24a
05:05
Entzun

2021ean, beste hamasei korrikalarirekin batera, euskal selekzioa uzteko erabakia hartu zuen Lide Urrestarazuk (Ordizia, Gipuzkoa, 1999); Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak hartutako erabaki batzuen ondorioz izan zen. Bi urtez Munduko Kopako probarik jokatu gabe egon den arren, itzuli bezain laster betidanik izan duen maila erakusten hasi da berriro ere. Gozatu egiten du mendiko lasterketez hizketan. Hitz errazekoa da.

Bikain hasi duzu denboraldia.

Egia esan, nahiko indartsu ikusten dut neure burua. Aurten, gainera, ikasketak amaituta eta lanean hasita, nabaritu dut denbora gehiago dudala entrenatzeko. Azken urteetan, urtarrilera arte beti azterketetan egoten nintzen murgilduta, eta, azkenerako, urtarrila edo otsaila izaten zen sasoian jartzen nintzenerako. Irailetik lanean nagoenez, aurten gorputzaldi hobeagoarekin nago, eta lehenago hartu dut sasoia.

Herriko maratoi erdian korritu zenuen estreinako lasterketa, otsailean. Nola sentitu zinen?

Herrian bertan jokatuta, ezin nuen hutsik egin! Emakumezkoen proban nahiko maila handia egon zen. Besteak beste, Onditz Iturbe eta Ainhoa Sanz lehiatu ziren. Korrika asko egiteko lasterketa bat izan zen, desnibel handiegirik gabekoa, baina oso azkarra. Iturbek irabazi zuen, eta, egia esan, lasterketa guztian ez nuen ikusi ere egin. Nahiz eta indartsu sentitu nintzen. Hain lasterketa azkarra izateko, eroso ikusi nuen neure burua. Hori bai, hurrengo astean izugarrizko hankako minarekin ibili nintzen [barrezka]. Handik hilabetera, Acantilados del Norte lasterketan [La Palma, Espainia] lehiatu nintzen, Munduko Kopako lehen proban.

Denboraldi hasierari begira, ba al zenuen egutegi zehatzik buruan?

Ez. Banekien gutxi gorabehera etxe inguruan zer lasterketa korritu nahi nituen, baina ez neukan ezer zehaztuta. Ordiziako maratoi erdiaren ondoren jaso nuen Munduko Koparako gonbidapena. Hasieran, lehen bi lasterketetan parte hartzeko aukera eman zidaten, eta ondoren etorri dira aukera gehiago. Horien arabera, gerora joan naiz denboraldia antolatuz.

Bi urte kanpoan egon eta gero, berriro ere euskal selekzioarekin lehiatzeko hautua egin duzu. Nolatan?

2021ean, Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak hartutako erabaki batzuekin ados ez geundela-eta, korrikalariok selekzioarekin ez lehiatzeko hautua egin genuen. Momentuan erabakiak indarra izan zezan, eta aldaketaren bat lortzeko asmoz, garrantzitsua iruditzen zitzaidan selekzioarekin ez lehiatzea. Azken bi urte hauetan hala izan da. Baina ikusita denbora aurrera joan dela eta aldaketarik ez zela egongo, iazko denboraldiaren amaieran hasi nintzen buruari bueltaka.

Asko pentsatu behar izan duzu erabakia?

Bai, buelta dezente eman dizkiot gaiari. Neure buruarekin koherente izan nahi nuen, eta hartutako erabakiarekin seguru sentitu. Esan bezala, bi urtetan ezezkoa eman ostean, iaz, jada hasi nintzen erabakia hausnartzen. Oraindik gaztea naiz, ilusioz eta gogoz nintzen horrelako esperientzia bat bizitzeko, eta, orain bi urte izandako desadostasunetatik harago, Munduko Kopan Euskal Herria ordezkatzea gauza polita da. Gainera, oso giro ona dugu hautatzaileen eta korrikalarion artean.

«Orain bi urte izandako desadostasunetatik harago, Munduko Kopan Euskal Herria ordezkatzea gauza polita da»

Nola sentitu zara itzuleran?

Oso gustura sentitu naiz hasieratik. Korrikalarien eta hautatzaileen artean oso giro ona dugu.

Acantilados del Norte lasterketa irabazi egin zenuen. Hasiera ezin hobea izan zen, ezta?

Munduko Kopako proba batean parte hartze hutsa sari bat da niretzat. Lehen hamarretan ibiltzea espero nezakeen. Izan ere, indartsu nengoen, eta luzera eta desnibel horretako lasterketetan ondo sentitzen naiz. Esan bezala, oso gustura ari nintzen entrenatzen, baina ez nuen inondik inora irabaztea espero. Oso polita izan zen lasterketa, eta bertako itsaslabarretan barrena paraje ederretan ibili ginen. Izugarri gozatu nuen.

Lasterketa espero bezala joan al zen?

Ibilbide guztian zehar oso indartsu sentitu nintzen. Lasterketaren zatirik handienean lehen postuan joan nintzen, nahiz eta erdialdera arte Oihana Kortazar izan nuen alboan. Bigarren erdian, jada bakarrik gelditu nintzen helmugara arte. Azken kilometroetan, jendearengatik jakin nuen Naiara Irigoien zetorrela bigarren postuan. Azkenean, Oihana hirugarren postuan sartu zen. Ilusio handia egin zidan helmuga lehen postuan zeharkatzeak eta podiumera Naiararekin eta Oihanarekin igotzeak. Hala ere, badakit lasterketa horretan korrikalari batzuk falta zirela, eta hurrengoetan lehiatzen hasiko direla.

Nola ospatu zenuen garaipena?

Itzulerako hegaldia hurrengo egunean genuen, eta selekzioko kideekin giro ederrean afaldu eta trago batzuk hartu genituen.

Nolako ajea utzi zizun lasterketak?

Aje emozional pixka bat izan nuen. Baina, handik bi egunera, egunerokoan murgildu nintzen berriro, eta gauzak ez dira asko aldatzen.

Calamorro Skyrace lasterketan ere (Benalmadena, Espainia, 22,7 kilometro, +2.270 metro) emaitza bikaina lortu zenuen.

Bai, baina maila asko hobetu zen bigarren lasterketa horretan. Sara Alonso eta Julia Font ere bertan ziren, eta beste kontu bat izan zen. Banekien lasterketen egutegia aurrera joan ahala maila handituz joango zela. Gaur egun oso-oso zaila da Munduko Kopako lasterketa bat irabaztea. Bertan egotea jada luxu bat da niretzat. Gainera, dena ez da korrika egitea. Lasterketa, jende eta leku berriak ezagutzen dituzu.  Azkenean, laugarren amaitu nuen. Emaitza bikaina da.

Lehen postuetan sailkatu zirenekin lehiatzeko moduan ikusten duzu zeure burua?

Lasterketa motaren arabera, agian, bai. Baina iruditzen zait Sara eta Julia, adibidez, koska bat gorago daudela. Azken finean, profesionalak dira. Egia da bigarren lasterketa horretan ibilbidearen erdira arte ez nintzela oso gustura ibili. 17:00etan hasi zen lasterketa, bero egiten zuen… Pixkanaka, egoerari buelta emateko gai izan nintzen, eta nahiko gustura amaitu nuen.

Euskal Herriko emakumezko korrikalariak protagonista zarete Munduko Kopan. Inoizko mailarik onena duzue?

Argi dago zeresana ematen ari garela. Gazteetan, esaterako, Sara eta Malen Osa munduko korrikalaririk onenen artean daude. Bikain ikusten ditut Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia, Naiara Irigoien, Onditz iturbe eta abar ere. Horiek horrela izanda ere, oraindik asko dugu egiteko emakumeak mendiko lasterketetara hurbiltzeko.

Posible ikusten duzu Munduko Kopako azken podiuma hiru euskal herritarrek osatzea?

Oso polita izango litzateke! Gaur-gaurkoz, lehen bost postuetan lau emakume gaude, baina zaila izango da horrela mantentzea.

Munduko Kopa guztia jokatzeko asmoa zenuen. Baina, orain, bi emaitza horiek ikusita, gauzak aldatu egin dira?

Urte hasieran, ez nekien denboraldia nola joango zen eta selekziora joateko deituko ninduten. Hasieran, lehen bi lasterketak jokatzera gonbidatu ninduten. Orain, beste baterako gonbidatu naute. Asmoa da gutxienez lau lasterketatan eta finalean parte hartzea. Horrela, sailkapen orokorrean puntuatu ahal izango dut. Zegama-Aizkorri korritzeko asmoa ere badaukat, eta horrek ere ilusio handia giten dit. Aurretik, halere, Aloñako igoera [Oñati, Gipuzkoa, 22,6 kilometro eta +1.868 metro] eta Munduko Kopako Mathesins Skyrace [Frantzia, 25 kilometro, +1.930 metro] lasterketak jokatuko ditut.

«Ilusio handia daukat Zegama-Aizkorrin korritzeko. Gozatzea espero dut, eta, nire onena emanda amaitzen badut, gustura egongo naiz»

Zegama-Aizkorri oztopo izan daiteke Munduko Kopako beste lasterketaren bat korritzeko?

Ez. Hala ere, egia da Zegamaren arabera aukeratu ditudala beste hainbat lasterketa. Printzipioz ez daukat asmorik Golden Trail Serieseko beste lasterketarik korritzeko. Nahiago dut Skyrunners World Series Munduko Kopa osatzen duten lasterketetan ibili. Zirkuitu horretako lasterketetan gusturago ibili ohi naiz.

Azken emaitzak ikusita, babeslerik gerturatu al zaizu?

Ez. Eskaintzaren bat jasoko banu, ondo pentsatu beharko nuke zer egin. Ez dakit prest nagoen haien nahien arabera ibiltzeko.

Lehen aldiz lehiatuko zara Zegama-Aizkorrin; ilusio berezia egiten dizu?

Bai, egia esan, bai! Goierriko eta etxe inguruko lasterketa bat izanda, ezagun asko izango ditugu bertan. Horrek oso berezi egiten du. Gainera, nik ere Zegama-Aizkorrirekin ditut mendi lasterketen inguruko lehen oroitzapenak. Askotan egon naiz ikusten, eta junior mailako lasterketa ere jokatu nuen urte pare batez. Gozatzea espero dut. Nire onena emango dut, eta, gero, ikusiko dugu zer ateratzen den. Onena emanda amaitzen badut, gustura izango nintzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.