Oier Aizpurua

Asko egin du, eta badoa

Piraguismoan mundu osoan ospea eta garaipen handiak lortu eta gero, arraunean hasi zen duela sei urte. Orion bete du arraunlari ibilbidea, eta, orain, kirolari beste era batera heldu nahi dio, lasaitasun handiagoz.

Aitor Manterola Garate.
2014ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igande goizak ezohiko bisitaria izan du ohikoa ez duen leku batean. Oier Aizpurua Zumaiako kafetegi batean sartu da, eta gosaltzeari ekin dio. Urteetan, igande goizeko bederatzietan ura izan du lagun kirolariak, ibaietako eta itsasoko ura. Entrenamendu saio gogorrak egin behar izan ditu eguna joan eta eguna etorri. Baina bukatu da aldi luze hori. Beste bizitza bati ekin dio berriki.

«Kirolean jarraituko dut, baina beste era batera. Neure kasa. Bukatu dira profesionalen entrenamenduak. Esaterako, zurekin egon ondoren, piraguan buelta bat ematera noa». Nola utziko du, bada, kirola, bizitza bera kirolaren arabera antolatua izan duenak. Piraguak harrapatu zuen txiki-txikitatik, eta, pausoz pauso, izerdi tanta bakoitzari etekin erabatekoa ateraz, goi mailara heldu zen. Ikusgarria du garaipenen zerrenda. «Arantza bakarra geratu zitzaidan piraguismoan: Olinpiar Jokoetarako ez sailkatzea».

Emaitzak. Onak eta txarrak. Baina, Aizpuruarentzat, kirola beste zerbait gehiago da, emaitzez haratagokoa: «Bi entrenatzaile izan nituen piraguismoan diziplina zorrotza erakutsi zidatenak. Txema Balentziaga eta Daniel Brage, eta erabat barneratua geratu zait kirola lantzeko bide hori. Gauzak ondo egin behar direla ikasi nuen, eta, emaitzak oso garrantzitsuak badira ere, nola lortzen den ere oso kontuan hartu behar da». Garaipen zerrenda handia duen batek gogoeta hori egitea nabarmentzekoa da.

Era berean, ondo gogoan dauka maratoiko Munduko Txapelketa batekoa: «Irabazi egin genuen Manuel Bustorekin bikotea osatuz, baina oso lasterketa eskasa eginez. Argazkietan, dominak eta sariak jasotzean, oso serio ageri gara biok. Ez geunden gustura, irabazita ere».

Piraguismoan puntaren puntan ibili eta gero, ezustean hartu zituen ia denak Aizpuruaren erabakiak: arraunean hastera zihoan. «Orioko klubean ari den medikua, Fernando Garcia Herrero, laguna dut, eta berak deitu zidan. Aholku zuzen bat eman zidan: kirola ez uzteko kolpetik, bihotzarentzako oso kaltegarria izango zitzaidalako. Arraunean probatzeko esan zidan, eta horrelaxe joan nintzen Oriora. Gustatu, eta hantxe ibili naiz 2008tik».

Arrauna neurriko kirola izan da Aizpuruarentzat: «Oso lan gogorra egin beharra dago, eta, horretara ohitua nengoenez, eroso eta gustura ibili naiz». Eta piraguismoan bezala, arraunean ere makina bat garaipen pilatu du: «Ez nenkien zenbat bandera irabazi ditudan, eta, uztera nindoala iragarri nuenean, Orioko zale batek, Joxe Mari Olasagastik opari bat egin zidan, argazkiekin. 33 bandera irabazi ditudala kontatu zidan». Pozik da, nola ez, irabazitakoekin, eta ondo gogoan dauzka lorpenak, baina Oriok azken urteetan izan duen porrot handiena geratu zaio barren-barrenean betirako gordea: «San Miguel ligatik jaitsi ginen denboraldian, 2011n, zaleek sekulako babesa eta animoa eman ziguten. Ikaragarria izan zen, ikasgaia, oso polita benetan».

Triatloi bat egiteko ametsa

Oriotarra ez izanagatik ere, erabat lotua geratu da Orioko arraun elkarteari eta arraun giroari, eta udan, zale bat gehiago izango dutela dio: «Bi alabei esan nienean gehiago ez nuela arraunean egingo, penaz hartu zuten. Oriora eta estropadetara ea gehiago ez zuten joan behar galdetu zidaten. Joango garela erantzun nien, eta jakina, Orioren alde egingo dugu».

Datorren udan izango da hori, eta batek daki ordurako gauzatua izango duen buruan daukan hurrengo erronka eta ametsa: «Triatloi bat egin nahi dut. Neurri apalean, betiere. Kirola egiten jarraituko dut, eta, prest nagoenean ikusten dudanean, orduan egingo dut». Kirola egiteko izan duen diziplina ikusita eta ezagututa, ez harritu uste baino lehen gauzatzea buruan daukan erronka. Kirola eta familia uztartuko ditu orain, igeltsero lanarekin batera, hasi berria baita zeregin horretan. Ikasgai handiak eraiki ditu kirolean. Eredugarria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.