Asko falta da oraindik (hamalau jardunaldi), baina okerrik ezean, Itxakok hirugarren aldiz jarraian irabaziko du ABF liga. Atzo bide, helburu horretan aurrerapausoa eman zuen Nafarroako taldeak, Lizarran Elda Prestigio bigarren sailkatuari 41-26 irabazita. Emaitza horri esker, Ambros Martinek zuzendutako taldea lehen postua sendotu da, eta orain lau puntuko aldea du Eldarekiko. Hamalau partida falta dira jokatzeko, eta edozer gerta daiteke. Hala ere, Itxakok orain arte Ligan egindakoa kontuan hartuta, hondamena gertatu beharko luke Lizarrako taldeak titulua lor ez dezan. Estatistikak argigarriak dira: hamahiru partida jokatu ditu, eta guztiak irabazi. Ikusgarria.
Atzo ere ikusgarri aritu zen, eta goitik behera nagusitu zitzaion ABF ligan ustez haren mailatik gertuen dagoen taldeari. Lehen zatian zazpi goleko aldea zuen jada, eta bigarren zatian, lasaitu beharrean, are gehiago estutu zuen, eta hamabost goleko zuloa egin.
Behin Ligan alde polita egin ostean, Itxako Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkari begira jar daiteke orain. Otsailaren 4an jokatuko du lehen partida, Eslovenian, Krim Mercatorren aurka.
Bera Berak, berriz, huts egin zuen, eta 30na berdindu Vicar Goyaren pistan. Atzoko emaitzarekin, Donostiako taldeak postu bat egin du atzera, eta laugarren da orain sailkapenean. Reyes Carrerek zuzendutako taldeak, hala ere, ez du larritzeko arrazoirik, Mar Sagunt hirugarren sailkatua puntu bakar batera baitu.
Ezustekorik ez Suedian
Munduko Txapelketan, bestalde, atzo jokatu zen hirugarren jardunaldia, eta aurreko bietan gertatu bezala, ez zen ezustekorik izan. B multzoan, Hungariak 26-23 irabazi zion Txileri, Japoniak 33-30 Austriari eta Islandiak 26-34 Brasili. D multzoan, berriz, Hego Koreak Txile hartu zuen mendean (22-37), Suediak Eslovakia (22-38) eta Poloniak Argentina (23-24).
Asko falta da, baina gertuago du
Itxakok nagusitasunez irabazi dio Elda bigarren sailkatuari (41-26), eta lau puntura du jada ABF ligako sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu