Saskibaloia. ACB liga: Gipuzkoa Basket. Javi Salgado. Gipuzkoa Basketeko kapitaina

«Asko ikasi dugu iragan sasoitik»

Joan den denboraldiko sufrikarioaren oroitzapena azaleratu zaio esaldi bakoitzean; ordukoak konpondu nahi ditu, eta zaleekin zorretan dagoela uste du: «Hor egon ziren azken unera arte».

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Fin dago kapitaina, argalago agian. «79-80 kiloan nago; ACBra iristean, 83-84an ibiltzen nintzen, baina urteekin karga kendu behar duzu». Jana asko zaintzen du Javi Salgadok (Bilbo, 1980), ezinbestean, astean bitan pisatzen baitute Ilunben. Bere ibilbideko 16. denboraldi-aurrea bukatzeko zorian dago, eta itxaropentsu da taldearekin, itxura ona baitu.

Zer moduz doa denboraldi-aurrea? Zuk asko egin dituzu.

Beti dira gogorrak, baina nik ondo jasan izan ditut betidanik. Halere, egia da urteak pasatu ahala astunagoak egiten direla. Donostian, dena den, denboraldi-aurreak oso ondo diseinatzen dituen arduraduna dugu: Eugenio Rodriguez. Hemen ez dugu erokeriarik egiten, eta Eugeniok asko hitz egiten du entrenatzaileekin.

Lagunartekoen emaitzen aldetik ilusioa pizteko modukoa izan da.

Onerako eta txarrerako denboraldi-aurrean bere neurrian aztertu behar da. Talde guztiek gauzak probatzen dituzte, hutsuneak daude... Dena baldintza jakin batzuetan gertatzen da. Baina egia da sentsazioak onak direla: ondo landutako taldea gara, ideiak bizkor barneratu ditugu... Ondo lehiatu gara talde onen aurka.

Lehen egunetik ia jokalari guztiak zeundeten Donostian.

Neto hamabost egunetara hasi zen, baina bai. Garrantzitsua da hori, talde askok azken unera arte ez dutelako multzoa osatzen, eta gure kasuan bizkor egin dugu aurrera. Jokalari berriek kontzeptuak xurgatzeko duten ahalmena harrigarria da, sentsazioa hori da, gauzak bizkor barneratzenari garela eta aurreraka goazela.

Ondo hasteko moduan zaudete, iragan sasoian ez bezala.

Azken bi denboraldietan gaizki hasi gara, duela bi urte, 2-8ko partzialarekin, eta aurrekoan 1-11koa. Iragan sasoian ez ginen horri buelta emateko gai izan, eta ondo hasteak lasaitasuna ematen du. Eta, bide batez, zalearen atxikimendua errazten du

Robinson, Winchester, Kortabarria... Eskarmentua bilatu du taldeak.

Bai, liga eta lehiatzea zer den ezagutzen duen jendea da. Agian ez dugu izar handirik, baina multzoan denak dira jokalari onak. Robinsonek edozein egunetan sar ditzake hogei puntu, baina besteak ere kapazak dira. Taldearen indarra multzoa izaten saiatu gara, talde lana, eta horrek lehiatzen lagundu digu, ez dugulako jokalari jakin batek izan dezakeen egunaren menpekotasunik. Ez dago izen handirik: Panko, Baron, Woods eta abar, baina talde gisa oso indartsuak gara.

Taldearen beste erdia, aldiz, 23 urtez azpikoa da. Ia hasiberriak.

Neto salbuetsiko nuke; azken urteetan erantzukizun handiak hartu dituen gaztea da, eta sasoi honetan asko eman behar diguna. Gero Olaizola, Huskic, Motos... daude. Horiek ere laguntzeko aukera izango dute: baloiak itsu-itsu borrokatzea, grina... Batzuetan ez dituzte erabaki zuzenak hartuko, baina hori eskarmentuarekin bakarrik konpontzen da.

Sito Alonsok esan du jadanik taldeak kohesio handia duela.

Iragan sasoian baino menpekotasun gutxiago ditugu. Talde gisa jokatzen dugu, baloia gehiago mugitzen da, eta gero saskira iristeko konponbideak aurkitzen ditugu. Lehiatzeko ahalmena badugu, eta hortik aurrera, gauzak ondo, oso ondo edo ezin hobe egiten baditugu, garaipen gehiago edo gutxiago lortuko ditugu.

Sito Alonso nola dago? Aurreko sasoia ez zen gozoa izango...

Ez dut inor ezagutu Sitok Alonsok adina sinesten duenik lan egiteko bere ahalmenean. Energia transmititzeko ahalmen harrigarria du. Exijentzia oso handia du, eta inoiz baino gogo gehiagorekin dago. Tira, iragan sasoian berdin zegoen, eta duela bi urte igual. Haren izaera berdina da irabazi edo galdu, ondo joan edo ez... Beti eskatzen du zure onena, ez da inoiz erlaxatzen.

Nola gogoratzen duzu zuk iragan sasoia? Izan duzun gogorrena akaso?

Bai, gogorrena, Bilbon egin nuen azken denboraldiko lehen itzuliarekin batera, Bidorreta bota zutenekoa. Hark iragan sasoikoaren antz handia izan zuen. Arazo asko izan genituen, jokalari batek min hartu zuen denboraldi-aurrean, ordezkoek ez zuten ondo egokitzerik lortu... Argi esanda, bigarren itzulira arte ez ginen talde bat izan. Gero, taldea lehiatzen hasi zenean, ez genuen zorterik izan, hiru partida gutxigatik galdu genituen, Fuenlabradak bolada oso ona izan zuen... eta han joan zen sasoia. Zuzendaritza eta Sito denetarik egiten saiatu ziren, baina gauzak ez ziren irten.

Sasoi honetan gauzak ezberdinak izango direla dirudi.

Iragan sasoitik gauzak ikasi ditugu, gaizki egindakoak. Aurten taldea ahalik goizen osatzea lehenetsi da, eta lesioek laguntzen badute, sentsazioak baikorragoak dira. Taldea finkatuta dago, eta ez dugu lehen itzulia kareletik botako.

Eta Salgado nola dago?

Ilusioz. Iragan sasoia ere gogorra izan zen niretzat, eta ordukoak zuzentzeko asmoz nago, eta, batez ere, zaleei une txarretan emandako babesa eskertzeko gogoz. Iragan sasoiko gauzarik onena zaleak izan ziren, azken postuan egon arren Ilunbera etortzen zirelako, eta zorretan gaude haiekin.

%91k abonamendua berritu du, bada zerbait. Orain erronka beste bultzadatxo bat lortzea litzateke.

Egoera ekonomikoa zein den ikusita, ez da datu txarra. Baina, tira, taldeak partidak irabazten baditu, eta bere nortasuna badu, jende berria etor daitekeela uste dut. Sitok asko nabarmentzen du gure nortasuna izatearen garrantzia.

GBCk bost hilabete daramatza partida ofizialik jokatu gabe... Hala zaila da jendea fidelizatzea.

Egutegi kontua da: oporrak, selekzio mailako txapelketak... Guk gehiago jokatu behar badugu, pozik egongo gara, guri jokatzea gustatzen zaigu, lehiatzea... Jokalariek partida gehiago jokatzearen aldekoak gara,s eta hori izan daiteke konponbidea etenaldi hori murrizteko.

Zuzendaritzak kontratu murrizketa eskatu zizuen zuri, Doblasi eta Alonsori. Hiruek jarraitu duzue, zerbaitegatik izango da?

Nire aldetik behintzat inplikazio maila altua da. Identifikatua nago GBCren egitasmoarekin eta Donostiara iritsi nintzenetik tratua oso ona izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.