Aspaldi zen ate-joka

Guillermo Fernandez izan da Athleticekin debuta egin duen azken jokalaria. Harrobiko taldeetan golak sartzen ohituta, haren alde egin du Ernesto Valverdek erasoko jokalarien eraginkortasuna handitzeko asmoz.

Julen Etxeberria.
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Denbora zeraman ate-joka, eta ireki diote azkenean. Guillermo Fernandezek (Bilbo, 1993) joan zen larunbatean jokatu zuen estreinako partida ofiziala Athleticen lehen taldearekin. Non eta San Mamesen, nola eta hasieratik jokatuta. Ernesto Valverdek ez zuen zalantzarik izan, eta hura zelairatu zuen Levanteren aurkako hasierako hamaikakoan, Aritz Adurizen kaltetan. 67 minutu egon zen zelaian. Inoiz ez du ahaztuko. «Ez dakit zer sentitu dudan, baina ez dago ezer hoberik. Athleticeko edozein gaztek egiten du amets egun honekin», esan zuen.

Valverdek ireki dio atea Guillermori. Apenas zuen beste aukerarik, erasoan herren baitabil Athletic. Kike Solak bi hilabete pasatxo daramatza min hartuta, eta oraindik denbora beharko du erabat osatzeko. Kike Sola min hartuta, eta Aduriz, golarekin muturtuta. Hamabi partidatan hiru gol besterik ez du sartu aurrelari donostiarrak. Iaz, partida kopuru bera jokatuta, zortzi gol sartuta zeuzkan. Horri Valverdek Gaizka Toquero ia kontuan hartzen ez duela gehituz gero... Zorionez, atzelari zein erdilariak ari dira estaltzen erasoko jokalarien eraginkortasun falta.

Eraginkortasuna nahi du Valverdek, eta eraginkortasuna sobera du Guillermok. Denboraldi honetan bederatzi gol sartu ditu dagoeneko. Bigarren taldearekin sartu ditu horietatik sei. Zortzi partidatan sartu ditu, ia gol bat lehiako. Gol horiei esker bereganatu zuen nagusien entrenatzailearen arreta. Valverdek hiru proba egin zizkion, lehen taldeak Amorebieta, Mirandes eta Barakaldoren aurka jokatutako lagunarteko partidetan, hain zuzen ere. Hirurak gainditu zituen Guillermok; nota onarekin, gainera: hirutan sartu zuen gola. Argi zegoen: Valverdek gola nahi bazuen, Guillermok sartuko zuen.

Guillermo iritsi berria da maila gorenera. Hara iristeko bidea, ordea, aspaldi hasi zuen. 10 urterekin iritsi zen Lezamara, Arrigorriagako (Bizkaia) Etorkizun eskolatik. Gazteen mailako koska guztietatik pasatu zen. 2009-2010eko sasoian hasi zen haren izena bolo-bolo Lezaman. «Nor da denboraldiaren lehen erdian 11 gol sartu dituen aurrelari hori?», galdetzen zuten askok. Luis de la Fuentek, orduko Athletic B-ko entrenatzaileak, bazuen haren berri. Ez zuen bitan pentsatu, eta 16 urte besterik ez zuen mutil hura igo zuen bigarren taldera. Bost partida jokatu zituen, nahikoa gol bat sartzeko. Datorren sasoian berriro gora eta behera ibili zen, gazteekin eta bigarren taldekoekin. Baina urtebete geroago Athletic B-n errotu zen jada. Jokalari garrantzitsua bilakatu zen klubera iritsi berri zen Jose Angel Zigandarentzat. Baina Guillermok ezin izan zion konfiantza hori golekin eskertu, bakarra sartu baitzuen sasoi osoan.

Bidean geratzen diren hainbatjokalariren traza hartzen ari zen Guillermo. Baina ez zuen etsi. Eta, hala, bultzaka lortu zuen berriz ere gora egitea. Hamahiru gol sartu zituen aurreko sasoian, eta beste sei honen hasieran, Valverderen deia jaso zuen arte. Entrenatzaileak haren alde egingo du berriro Malagaren aurka, Adurizek eta Solak ezin baitute jokatu.

Aurrelari peto-petoa

Nolako aurrelaria da Guillermo? Garaia izan arren (1,81 metro), ondo moldatzen da baloia oinetan duenean. Mirandesen aurka hegal batean jarri zuen Valverdek, baina hori ez da haren onena ateratzeko postua. Aurrelari peto-petoa da, eta jaurtiketa da haren dohain nagusia. Indartsu jotzen dio baloiari. Maila gorenera iritsi ohi diren gazte gehienek bezala, arlo fisikoan du gehien hobetu beharra, are gehiago Lehen Mailako atzelariekin lehiatu beharko duela kontuan hartuta. Horretan, hala ere, hobetu egin du. Eta ez dirudi haren inguruan sortu den zurrunbiloak irentsiko duenik. Lasaia da, eta zentzuduna. Futbola du pasio, baina ez helduleku bakar. Horregatik jarraitzen du unibertsitatean ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.