Aspaldiko erronkari aurre egin beharko dio gaur Realak

Herculesi irabazi eta Rico Perez zelaiko madarikazioa apurtuta, goi-goian sartuko lirateke txuri-urdinak

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Antolatzaileen arabera, gipuzkoarren %1ek Behobia eta Donostia arteko bidea egingo du gaur, korrika. Bakoitzak bere helburua izango du: batzuk helmuga zeharkatzearekin geldituko dira pozik; besteek, berriz, erlojuari ez diote begirik kenduko, ezarritako denbora gainditzeko. Nork bere buruari erronka jakin bat jarri, eta erronka hori bete. Hala egiten da aurrera, bizitzan, eta kirolean. Baita goi mailako futbolean ere. Astero dago jokatu beharra, eta partida bakoitzak atxikita darama helburu bat, berezi bihurtzen duen motibazioren bat. Realaren kasuan, jarraian laugarren garaipena lortu, eta Rico Perez konkistatzeko aukera dago gaur jokoan.

Zaila da zergatia azaltzea, baina talde guztiek dute batere gustuko ez duten zelairen bat, edo bat baino gehiago. Realarentzat, Herculesena da buruhauste gehien eman dizkionetako bat, zalantzarik gabe, behin ere ez baitu bertan irabazi. Hogei norgehiagoketan, zortzi berdinketa eta hamabi porrot pilatu ditu. Azken horien artean, aurreko sasoikoa da gogorrenetako bat: denboraldiko egun txarrenean, bost gol jaso zituen. Zorionez, emaitzak ez zuen taldearen bolada ona okertu. Denboran atzera egiten bada, ligako txapeldun izan zen bi sasoietan ere galtzaile atera zen Reala.

Estatistika txar hori, ordea, pasadizo hutsa da gaur jokoan dagoenarekin alderatuta. Reala gai izan da hiru garaipen kateatzeko. Ikaragarrizko zailtasuna duen lorpena da. Aurreko sasoian hirutan lortu zuen, baina oraingoa beste kontu bat da: Lehen Mailan mailari eustea helburu duen talde batentzat, hiru jardunalditan bederatzi puntu lortzea aurrerapauso itzela da, ia etxeko lanen laurdena egitea delako. Gaur laugarrena lor dezake Realak. Malagan etxetik kanpo ondo jokatzen badakiela erakutsi zuen, eta gaur orduko intentsitatea eta zehaztasuna mantentzen baditu, gertu egongo da puntu bat, edo hiru erdiesteko aukera.

Zurutuzak ez du jokatuko. Bazirudien osatzeko bidean zihoala, baina atsedena eman nahi izan dio Martin Lasartek. Hutsune garrantzitsua da, punta-erdian egiten duen lana ezin duelako beste inork egin. Ez ezaugarri berdinekin, behintzat. Erasoa martxan jartzeko ezinbesteko pieza da, behar bezala kokatu eta mugitzeko patxada ematen diolako taldeari. Haatik, albiste onak ere badaude, Ansotegi, Tamudo eta Markel jokatzeko prest daudelako. Zuntz-haustura zuen euskarriak, baina azkar osatu da. Aranburu da Zurutuzaren postua betetzeko hautagai nagusia, eta Viguera ere hor du Lasartek. Agirretxe, berriz, kanpoan gelditu da, Espainiako Kopan gola sartu arren.

Herculesen egoera, arraroa

Hercules kontraesana da. Babeslerik ez du, baldintza eskasetan ari da entrenatzen, eta egoera ekonomiko larrian dago. Baina, hala ere, botere handiko talde bati dagozkion fitxaketak egin ditu, Trezeguet, Valdes, eta Drenthe, besteak beste. Uruguaitarra osatu da. Aurrelari borrokalari eta arriskutsua da. Jokoari dagokionez ere, gorabeheratsu dabil Hercules. Azken bost jardunaldietan ez du irabazi, baina, hala ere, gai izan da Sevilla eta Bartzelona mendean hartzeko -azken hori Nou Campen-. Esteban Vigok ez du hamaikako egonkor eta erregularrik topatu oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.