Aspaldiko lagunak

Bera Berak Larvik, Podravka Koprivnica eta atariko talde bat izango ditu aurkari Txapeldunen Ligako lehen ligaxkanDonostiako taldeak urriko lehen asteburuan jokatuko du estreinako norgehiagoka

Larvikeko jokalariak, 2011n Itxakori Txapeldunen Liga irabazi berritan. ARP.
Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bera Berako jokalari, entrenatzaile, ordezkari eta jarraitzaileek pozez gainezka ospatu zuten Ligako txapela. Klubaren inoizko lorpenik handiena izateaz harago, tituluak beste sari potolo bat zuen gordeta: taldeko kideentzat, Europako talde onenekin lehiatzea; jarraitzaileentzat, berriz, Europako talderik onenak bertatik bertara ikustea. Eta biek aseko dute euren nahia, Europako talde onenetako bi pasatuko baitira Donostiatik. Vienan atzo egindako zozketak Larvik Norvegiako taldea eta Podravka Koprivnica Kroaziakoa parekatu zituen Bera Berarekin lehen ligaxkan. Hirugarren aurkaria, berriz, irailaren 14an eta 15ean jokatuko den sailkapen torneo bateko irabazlea izango da. Lau dira hautagaiak: Rostov Don Errusiako txapeldunordea eta Mazedonia, Italia eta Frantziako txapeldunak: Vardar, Jomi Salerno eta Fleury Loiret, hurrenez hurren. Hain justu, donostiar bat ari da Fleury Loireten, Nely Carla Francisco ezker albokoa.

Bai Larvik bai Podravka Bera Beraren aspaldiko lagunak dira. Donostiarrek badakite zer den norvegiarren eta kroaziarren aurka indarrak neurtzea. Ez dira oroitzapen oneko kanporaketak, beti eman behar izan baitute amore. Bera Berak orain hamasei urte jokatu zuen Larviken aurka, 1996-1997ko denboraldiko Errekopako final-laurdenetan. Joanekoan utzi zuen Larvikek erabakita kanporaketa, etxean, hamahiru golen aldearekin irabazita (30-17). Itzulikoan, Donostian, 22na egin zuten.

Larvikek talde beldurgarria du. Norvegiako ligaren gisako lehiaketa benetan indartsuan nagusi izatea da horren erakusle. Hala ere, Larvikena, nagusitasuna baino gehiago, diktadura da. Izan ere, jokatu diren azken hamalau ligetatik bakarrak egin dio ihes —hamabost ditu irabaziak—. Kopan ere bakarrak egin dio ihes azken hamarretatik (hamabi ditu). Baina Larviken agintea Norvegiatik haratagokoa da. Europan, adibidez, hiru titulu irabazi ditu: Errekopa 2004-2005ko eta 2007-2008ko sasoietan, eta Txapeldunen Liga 2010-2011ko sasoian. Azken titulu hori euskal talde bati irabazi zion, Itxakori, hain zuzen. Taldeari dagokionez, Ole Gustav Gjkestadek jokalari zerrenda ikusgarria du.

Podravkako jokalariak ere ez dira askoz makalagoak. Hori bai, Norvegiako taldea baino koska bat beherago dago Kroaziakoa; etxean ere ez du aurkaririk. 1993an Kroaziako liga sortu zenetik, ia dena bereganatu du: 40 titulutik 37. Ikusgarria. Jugoslaviako liga ere irabazitakoa da, bi aldiz. Europan ere badaki txapeldun izatea zer den. Aspaldi izan zen, orain hamazazpi urte. 1996an Txapeldunen Liga eta Txapeldunen torneoa irabazi zituen.

Podravka eta Bera Beraren bideak bi aldiz gurutzatu dira Europan, eta bietan egin dute aurrera kroaziarrek. 2003-2004ko denboraldiko EHF kopako final-hamaseirenetan orduko Akabak 34-27 galdu zuen Kroazian, eta itzulikoan gol bakar baten aldeaz irabazi zuen (32-31). Bi sasoi geroago, EHF kopako final-zortzirenetan, kontrakoa gertatu zen. Akabak irabazi egin zuen joanekoan (32-29), baina etxean Podravkak buelta eman zion kanporaketari (35-26).

Hori guztia, ordea, iragana da, eta Bera Berak aukera du urriko lehen asteburutik aurrera —asteburu horretan jokatuko du estreinakoa— oroitzapen txar horiek gozatzeko. Zail izango du, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.