Astarloza gaur itzuliko da lehiara, Burgosko Itzulian, Euskaltelekin

2009ko ekainaren 26an positibo eman zuen pasaitarrak, EPOarekin, eta bi urteko zigorra bete behar izan du

unai zubeldia
Donostia
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Amaitu da kalbarioa. Edo kalbarioaren zati bat. Mikel Astarloza gaur itzuliko da lehiara, Burgosko Itzulian, bi urteko zigorra bete ondoren. 2009ko uztailaren 31n jakinarazi zioten 2009ko ekainaren 26an egindako analisi batean EPO arrastoak aurkitu zituztela. Pasaitarrak hasieratik ukatu zuen legez kanpoko ezer hartu zuela. «Sekula ez dut onartuko egin ez dudan zerbait». Bi urteotan irmo eutsi dio tesi horri. Astarlozak abokatuen esku utzi zuen kasua, eta Madrilgo epaitegi arruntetik helegitearen berririk iritsi ez bada ere, lehiaketara itzultzeko moduan da.

Astarloza zorioneko agertu zen atzo bere webgunean eginiko adierazpenetan, eta lehiara itzultzeko ilusioz. «Etapa berri bati ekingo diot, hasiberri baten ilusio eta beterano baten esperientziarekin. Etapa berri hau moztu zuten lekuan hasiko da, etxeko taldean, Euskaltel-Euskadi taldean». Azken urteotan kirolaren «alderdi ilunena» bizi izan duela nabarmendu zuen, eta aspektu tekniko batzuek kirolari baten bizitzan izan dezaketen garrantziaz ohartu dela. Kirolaren berezko balioen transmisioan «subjektu aktibo» izan nahi du aurrerantzean, bere iritziz balio horiek ahalbidetuko dietelako promesa gazteei «euren ametsak» lortzea. Era berean, kirol garbiaren aldarria egiten jarraituko du. «Ardura hau izanik, beti bultzatu dut, bultzatzen dut eta bultzatuko ditut gure antolatzaile zein nazioarteko eragileek azpijokorik gabe eta kirol garbi baten alde antolatutako ekintzak». Azkenik, jendaurrean eskertu nahi izan zituen azken urteetan jasotako bultzada, animo eta elkartasun keinuak.

Euskaltel-Euskadirekin bere kirol ibilbideko garaipenik handiena lortu berritan iritsi zen Astarlozaren positiboaren albistea —2009ko Tourreko 16. etapa irabazi zuen, ihesaldian sartuta—. Eta txirrindulariak berak sarritan onartu izan du Euskaltel-Euskadirekin itzultzea zela bere nahia. «Inoiz ez zait pasatu burutik beste talderen batera joatea». Hala adierazi zuen ekainaren 18an Berria TBko Esan Ahala elkarrizketa saioan. Hasiera batean, ekainaren 26an zen argitzekoa Astarlozaren etorkizuna, baina Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) lizentzia bidali artean, zain egon da taldea. Atzo iritsi zen lizentzia hori, eta Euskaltel-Euskadik eta Mikel Astarlozak berehala itxi zuten akordioa. Pasaitarrak denboraldi amaiera honetarako eta beste urtebeterako sinatu du kontratua.

Taldeak atzo ez zuen argibide handirik eman. Baina txirrindulariak Espainiako Vuelta dauka begiz jota. UCIren lizentzia garaiz iritsi balitz, debuta herenegun Poloniako Tourrean egitea zen bi aldeen asmoa —UCI World Tourreko proba da—. Baina Poloniako lasterketa igandean hasi zenez, pare bat egun gehiago itxoin behar izan du Astarlozak. Gaur Burgosen itzuliko da tropelera, eta datozen egunetan zehaztuko dute denboraldia amaitu bitartean egingo duen egutegia. Hilaren 8an hasiko da Eneco Tourra—UCI World Tourreko lasterketa da hori ere—. Eta bezperan Burgosko proba amaituta, hara joatea izan daiteke aukeretako bat. Hilaren 14an amaituko da Eneco Tourra, Vuelta hasteko sei egun eskas faltako direnean.

«Sekula ez dut barkatuko niri eta nire ingurukoei pasarazi digutena. Egindako kalteak ez du ordainik edukiko». Buruz asko sufritu du Astarlozak, baina fisikoki lehen adinako estutuak eman dizkio gorputzari. Oso fin dago, orain bi urteko antzeko pisuan. Oso entrenamendu gogorrak egin ditu, Pirinioetan ere ibili da gorputza estutzen... Ekainaren 18rako 17.000 kilometro zeuzkan pilatuta. Eta asko da hori. «Ezinezkoa da entrenatu dudana baino gehiago entrenatzea. Ez dakit zein mailatan itzuliko naizen, baina egindako lana balekoa izan dela uste dut», aitortu zuen txirrindulariak egun horretan bertan.

Azaroaren 17an 32 urte beteko ditu Astarlozak, eta 2002tik 2009ra profesionaletan aritu ostean, bederatzigarren denboraldia —edo denboraldi amaiera— izango du aurtengoa tropelean. Ag2r taldearekin egin zuen debuta, 2002an, eta Espainiako Vuelta 77. postuan amaitu zuen denboraldi hartan. Kolpe politak eman zituen lehen urte horietan, eta 2007an fitxatu zuen Euskaltel-Euskadik. Urte hartan bertan aurrerapauso handia eman zuen Tourrean: bederatzigarren sailkatu zen. 16. postuan amaitu zuen 2008ko Tourra, eta, etapa bat irabazita, 11. postuan 2009koa... Positiboaren albistea iritsi zen arte. Orain etaparik gogorrena geratzen zaio irabazteko, pedalkada bakoitzari esker, orain bi urteko kolpearen aurretik zeukan sinesgarritasuna berreskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.