Donostian irabazitako ABF ligako hirugarren txapela ospatzeko denborarik ez du izan Itxakok. Ez baitu lana amaitu, oraindik. Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulikoa jokatuko du gaur, Hungarian, finalerako txartela eskuratzeko helburu bakarrarekin. Joanekoan kanporaketa alde jarri zitzaien nafarrei; hobeki erranda, jokalariek jarri zuten alde, 26-21 irabazi baitzuten Gyoriren aurka. Lehen urrats horri segida ematea da kontua, orain. Hau da, ongi hasitakoa ongi bukatzea. Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu ahal izateko. Sasoiari amaiera biribila emateko.
Etxeko lanak eginda abiatu ziren herenegun Itxakoko kideak Hungariarantz. Liga poltsikoratuta alegia. Ondorioz, gaur Txapeldunen Liga baino ez dute izanen buruan. Hala beharko luke, behintzat, Gyoriri haren pistan aurre egin ahal izateko. Eraso eta defentsa on bat bezain garrantzitsua izanen da gaur jarrera. Eta Itxakoko kideek ederki dakite. Asteartean Bera Beraren aurka jokatutako derbian erakutsi zuten hori. Norgehiagokan erabat sartuta atera ziren pistara jokalari nafarrak. Bertze deus existituko ez balitz bezala. Eta emaitza bikaina izan zen. Hasi eta bukatu nagusitu ziren donostiarren etxean. Hori beharko dute gaur ere, Gyoriren aurkako kanporaketa gainditzeko.
Txapeldunen Liga, dena den, ez da ABF liga bezalakoa. Europan, epaileek eta zaleek itzal luzea izan dezakete. Eta horrek kezkatzen duela onartu du Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek. Bere jokalariengan konfiantza badu. Erabatekoa, gainera. Baina kanpoko faktoreek izan dezaketen pisuaren beldur da. Lehendabizikoz ailegatu da sasoi honetan Itxako Txapeldunen Ligako finalerdietara, eta egoera horrek sor diezaiokeen presioari ere aurre egin beharko dio Lizarrako taldeak. Joaneko partidan, hain zuzen ere, ezin hobeki egin zion aurre taldeak egoera horri. Gertatu izan zaie Ambrosek zuzendutako jokalariei urduritasuna kudeatzen ez asmatzea beren pistan, baina finalerdietako joanekoan lehen minutuetan baino ez zitzaien sumatu nerbioek jota zirela. Berehala hartu zuten partidaren kontrola. Hungarian ere, gauza bera egin beharko dute. Europan, etxetik at jokatutako partidetan bere maila erakutsi du taldeak, orain arte, eta gaur bide beretik aritzen badira nafarrak, anitz izanen dute alde.
Ospatzeko modukoa
Ambrosek, azken orduko okerrik gertatzen ez bada, gaur jokalari guztiak izanen ditu jokatzeko prest. Bera Beraren aurka Sandy Barbosak atseden hartu zuen. Gaur, zalantzarik gabe, Itxakoko jokalari garrantzitsuenetako bat izanen da. Giltza, hala ere, ohi bezala, talde lana izanen da. Defentsa sendoa, eta kontraeraso eraginkorra. Jokalariek, gainera, Europan ezustekoa emateko duten gogoa izanen dute pistan lagun, zalantzarik gabe.
Denboraldia biribila izan da orain arte. Espainiako Kopa, Superkopa eta Liga irabazi ditu jada Lizarrako taldeak. Europako bidea oraindik ez dute amaitu nafarrek. Finala eskura dute, eta, ondorioz, kolpea izanen litzateke Lizarrakoentzat ez sailkatzea. Hala ere, orain arte lortutakoa ospatzeko modukoa da. Sekulako marka da finalerdietarako sailkatu izana Txapeldunen Ligan aritu den bigarren aldian. Finalerdietan egonda, noski, helburua finala da. Eta Itxako gogor saiatuko da azken urrats hori egiten. Horixe azpimarratu zuten jokalari guztiek asteartean Liga amaitu eta gero. Bertze txapel bat nahi dute nafarrek. Finalean sartzeko azken koxka da Gyori. Sufritu beharko dute nafarrek hungariarrak lehiaketatik at uzteko. Eta sufritzeko prest da Itxako.
GYORI-ITXAKO
Lehiaketa. Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulikoa.
Gyori. Haraldsen, Palinger, Pasztor, Amorim, Bradeanu, Barany, Goerbicz, Gros, Hornyak, Kovacs-Pelczeder, Kovacsics, Kurucz, Mayer, Mravikova, Orban, Palko, Planeta, Schatzl, Spiridon, Szegedi, Szoeloesi, Toth eta Verten.
Itxako. Navarro, Stefani, Barno, Egozkue, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Nerea Pena, Macarena Aguilar, Carmen Martin, Soit, Turey, Bea Fernandez, Kurbanova, Barbosa, Tervel eta Zugarrondo.
Epaileak. Krstic eta Ljubic (Eslovenia).
Lekua. Magvassy Mihalypabiloia (2.800 ikusle).
Ordua. 17:30 (Canal 6).
Beste finalerdia. Larvik-Buducnost (gaur, 19:30ean). Larvikek 25-21 irabazi zuen joanekoan.
Astea biribildu nahi du
Itxakok bost goleko aldeari eutsi behar dio gaur Hungarian, Txapeldunen Ligako finalerako sailkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu