Buruz Buruko Txapelketako finala ez da jokatuko hilaren 13an. Astebete geroago jokatuko da, hilaren 20an, hain zuzen. Iñaki Artolak eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabaleko lesioa du, eta finala astebete atzeratzeko eskatu du, eta Borja Oses Eskuz Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) epaile bakarrak onartu egin dio eskaera, txapelketaren araudiak horretarako aukera ematen baitu.
Artolak Beñat Rezustaren aurkako finalerdietako partidan hartu zuen min; hain zuzen, Alegiko (Gipuzkoa) aurrelariak egindako hamazazpigarren tantoan. Hala ere, jokatzen jarraitu zuen, ondo jokatu ere: 22-16 irabazi zuen, eta aurreneko aldiz sailkatu zen Lehen Mailako final baterako. Neurketa amaitzean etorri zen mina, handia. Ordutik, hainbat proba egin dizkiote, eta, horien arabera, eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabaleko lesioa du. Ikusteko dago garaiz osatuko den eta, osatuta ere, zein baldintzatan jokatuko duen. Baldintza onetan ez, seguru. Erronka latza bazen sasoi betean egonda Jokin Altunari irabaztea, zer esanik ez bete-betean egon gabe.
Eta osatuko ez balitz, zer? Araudiak dio finalean ariko diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren eta laugarren posturako partidako irabazleak ordezkatuko duela finalean. Igande honetan jokatuko dute norgehiagoka hori Beñat Rezustak eta Jose Javier Zabaletak, Irunen (Gipuzkoa), Urantzu frontoian (17:00, ETB1). Ezer gutxi egon ohi da jokoan hirugarren eta laugarren posturako partidan, baina, Artolaren lesioaren ondorioz, garrantzi handia izango du neurketak. Irabazleak saria lor dezake. Egoera deserosoan lortutakoa litzateke, lankide baten zorigaitzaren ondorioz, baina saria litzateke, azken finean. Rezustaren eta Zabaletaren kasuan, gainera, handia litzateke, biek ala biek lehenbiziko aldiz jokatuko bailukete Buruz Buruko Txapelketako finala.
Artolaren zorigaitza
Inoiz ez da momentu ona lesionatzeko, baina nekez egon daiteke une okerragorik final bat jokatu baino egun batzuk lehenago baino. Are gehiago, kirolari baten kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena baldin bada. Eta halaxe da Artolarentzat, lehen finala baitu Lehen Mailan; zein, eta buruz burukoarena, txapelketarik garrantzitsuenarena; eta, nola, eta aspaldiko jokorik onena eginda iritsita. Bazirudien baietz, azkenean izkin egin ziola zorigaitzari, horrenbeste alditan gora egiten eragotzi dion zorte txarrari. Duela gutxikoa zuen mina eta ezina: koronabirusaren gaitzak azken buruz burukoa jokatu gabe utzi zuen; eta eskuin izterrean izandako lesio batek zeharo baldintzatu zuen haren jarduna azkeneko binakakoan. Baina iraganeko kontuak ziruditen horiek guztiek. Gozatzen ari zen. Baina ez. Berriz ere itzuli zaizkio iraganeko mamuak, eta modu oso krudelean.
Zorte txarra Artolarena, baina baita Baikorena ere. Kolpea hartu zuen buruz burukoa aurkeztu bezperan: enpresara iritsi berria zen Erik Jakak uko egin zion parte hartzeari, perikarditis batengatik. Jakak, beraz, ezin izan du defendatu azken buruz burukoan era ikusgarrian irabazitako txapela. Mikel Urrutikoetxea izan da banakako final bat jokatu duen Baikoko azken pilotaria. Buruz burukoa jokatu zuen duela bi urte, Iker Irribarriaren aurka, eta orduan ere astebete atzeratu zen finala, Urrutikoetxeak hala eskatuta. Joseba Ezkurdiari irabazitako finalerdian ezker eskuan mina hartu zuela argudiatu zuen, eta epaile bakarrak onartu egin zion eskaera, eta finala astebete geroago jokatu zen. Zaratamoko (Bizkaia) aurrelariak 22-20 galdu zuen.