Fernando Rua. Urdaibaiko arraunlaria

«Asteburuan, saiatuko gara joan zen igandeko maila ematen»

Jon Ander De la Hoz.
2015eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Herriko uretan egingo du arraun Fernando Ruak (Moaña, Galizia, 1975) gaur. Hori, Jon Salsamendik tostartean kokatzen badu: «Uretara atera baino bost minutu lehenago jakin ohi dugu nortzuk itsasoratuko diren».

Ondo ezagutzen dituzun uretan arituko zarete. Nola ikusten duzu estropada?

Aurreko aste bikainaren ondoren, baikor. Saiatuko gara joan zen igandeko maila ematen. Gure lana hobetzen goaz; orain Hondarribiak beherakada ematea falta da.

Uste duzu egoera iraultzeko gai izango zaretela?

Oso zaila daukagu, baina nik halakoetan sinisten dut. Ez litzateke arraroa estropada txar bat egitea, guztiok egitenbaitugu. Aurkari naizen aldetik, hori nahi dut, eta erne ibili beharko dugu hori gertatzen denean.

Txapelketak eta Nojako bandera oso erraz irabazi dituzue. Momentu onenean zaudete?

Ez dut uste. Aspalditik, Jon Salsamendiren taldeek abuztu erdialdera hartu dute mailarik onena, Kontxara begira. Gu ez gara salbuespena, eta iruditzen zait oraindik badugula zer hobetu.

Azken estropadetan, itzulerako luzeetan ireki duzue gainontzekoekiko tartea.

Arraunketa kontua da. Nire ustez, besteek baino hobeto kudeatzen ditugu indarrak, eta gorputza ez da hainbeste nekatzen. Freskoago iristen gara kanpoaldeko balizara, eta hori barruranzko luzeetan islatzen da.

Badirudi itsasoari tamaina hartzen ari zaretela, eta datozen estropadarik garrantzitsuenak itsasoan dira.

Hala da; Hondarribiak oso talde arina du, baina ez dabiltza indar faltan. Horrela, oso zaila da haiei ur bareetan irabaztea. Itsasoan eman dezaketen maila ere jakina da, baina gu ere itsasoan oso gustura gabiltza; emaitzei erreparatu besterik ez dago.

Marka dezente hautsi dira aurten San Miguel ligan. Maila handia dago, ez?

Oso handia. Orion estropada eremuko marka hautsi genuen; hori, laugarren geratuta. Talde bakoitzak ezberdin egiten du arraunean; entrenatzaile ezberdina da bakoitza. Bakoitzak bere ideiak eta arraunketa moldeak ditu, eta, hobeto edo okerrago, guztiek funtzionatzen dutela ikusi da.

Aurtengo ligan ez duzu beste urteetan adina arraun egin. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Hala egokitu da. Nire postuan, lehia hazi egin da, eta arraunlariak txandakatzen ari da entrenatzailea. Hala ere, ezin naiz kexatu. Bost aldiz egin dut arraun, eta bi bandera eta hiru bigarren postu lortu ditut.

Espainiako Txapelketan, ontzi barruan zinen. Estropada garrantzitsuetan titularra izango zarela uste duzu?

Arraunlari naizen aldetik, hala espero dut, baina entrenatzaileak soilik daki. Uretara atera baino bost minutu lehenago jakin ohi dugu nortzuk itsasoratuko diren. Jokabide argia dela uste dut; hala, inor ez da erlaxatzen.

Aste honetan ez duzu bidaiatu beharko, Bermeoko taldean aritu arren Galizian bizi baitzara.

Ez da egoera arrunta, badakit. Nire aitaginarrebaren enpresan nabil lanean duela zenbait urtetatik; txirla bilketan aritzen naiz. 2010ean, Bermeorekin fitxatzeko jarri nuen baldintza lanean jarraitu ahal izatea izan zen. Elkarteak onartu zuen, eta aurrera. Astean zehar, ergometroan aritzen naiz, eta, inguruko talderen batek behar badu, haiekin joan ohi naiz uretara, Meirarekin normalean. Asteburuetan lehia dagoen tokira joaten naiz, eta astelehenerako itzuli. Badirudi gustura daudela nirekin, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa ematen dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.