Arrauna

Asteburuko bigarren bandera eta lidergoa lortu ditu Hondarribiak

'Ama Guadalupekoa' izan da indartsuena Santurtzin ere (Bizkaia). Zazpi segundo atera dizkio Urdaibairi, hamabi Donostiarrari, eta hamahiru Oriori.

Hondarribia arraunlariak garaipena ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 24a
14:18
Entzun

Hondarribiak kolpea jo du mahai gainean. Mikel Orbañanosen mutilek hiru bandera astindu dituzte aurten Eusko Label ligan, horietako bi azken asteburuan. Igandean, larunbatean bezala, trainerurik indartsuena Ama Guadalupekoa izan da; larunbatean Sestaon (Bizkaia), eta igandean Santurtzin (Bizkaia). Zortzigarren jardunaldia zen asteburukoa.

Hasieratik amaieraraino izan dute kontrolpean ohorezko txanda. Kalea ere egokia tokatu zaie gaur, eta jakin dute hori baliatzen. Indartsu irten dira lau traineruak, ia parean heldu dira luze erdian zegoen ziabogara, baina bigarren luzean hasi da tarteak handitzen Ama Guadalupekoa. Donostiarrak eutsi egin dio hasieran, baina donostiarrei luze egin zaie hirugarren luzea.

Azkenean Urdaibai finkatu da bigarren postuan, eta Donostiarrak eta Oriok lehia polita izan dute hirugarren postua lortzeko. Hondarribiarengandik zazpi segundora iritsi da Urdaibai, hamabira Donostiarra, eta hamahirura Orio.

Asteburuko emaitza bikainei esker, sailkapenean ere tarteak zabaltzea lortu du Hondarribiak. Gaur lidergoa kendu dio Donostiarrari: 88 puntu ditu Hondarribiak, eta 86 Donostiarrak. Urdaibaik 83 ditu, eta Oriok, 78.

Ondarroa aurrera, Getaria atzera

Gainontzekoen artean estuak izan dira tarteak. Lehen txandan aritu da Ares, eta hark eskuratu du bosgarren postua; Kaikuk seigarrena, eta Santurtzik zazpigarrena.

Hurrengo lau ontziak segundo eta erdiren barruan helmugaratu dira. Ondarroa izan da horien artean azkarrena, eta puntu garrantzitsuak bildu ditu mailari eusteko. Atzetik utzi ditu Cabo, Zierbena, Getaria eta Lekittarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.