Astegunak eta igandeak

Lagun Arok jokatutako bost partidak galdu ditu, eta hirutan astindua hartu du. Taldeko lan saio bat ikusita, ordea, ulertzen zaila da batetik bestera dagoen intentsitate aldea.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Bost eta huts. 5-0, edo okerragoa dena: 0-5. Lagun Arok liga hasieran daukan balantze txarra. Jokatutako partida guztiak galdu dituela erakusten duena. Horietatik bitan, garaipena nahiko gertu edukita (Gescrap Bizkaia eta Murtzia). Beste hiruretan, astindu handi samarra jasota, eta jarreraz ere ondo ez, zabarkeria keinu nabariekin. Azken norgehiagoka, Fuenlabradaren aurkakoa, adibide onena. 0-12 eta 2-19, hasi eta berehala, eta agur garaipenari. Lagun Arok, hobe esanda, Sito Alonso entrenatzaileak taldearen entrenamendua ikusteko aukera eman zien jarraipena egiten duten kazetariei asteartean. Hango intentsitatea eta gogortasuna ikusita, (bi ordu eta erdi ahalegin betean), zaila egiten da lan saiotik partidara ematen den aldaketa ulertzea. «Nik ere ez nuen ulertu igandekoa». Alonsoren hitzak.

1. Hondoa jota

Kirol talde profesionaletan arlo erabakigarria da buruko indarra, norberak bere buruarengan duen fedea, konfiantza. Eta gaur-gaurkoz, Lagun Aro eskas dabil alor horretan. Egurra eman zion lehen partidan Joventutek, 89-73, eta Illunbeko lehen partidak ere Estudiantesen garaipen erosoa utzi zuen: 71-83. Gescrapen aurka burua altxatu zuten bigarren zatian, baina lehen zatian 10-12 punturen kontrako aldea izan zuen Donostiako taldeak. Murtzian egon zen gertuen garaipena. Hiru aukera azken jokaldian, luzapena behartu, eta garaipenen kutxatxo horretatik 0 mingarri hori desagertzeko, baina kale. Eta Fuenlabradarena... azken kolpea. Sito Alonsok kazetarien jakin-mina asetu nahi izan zuen lan saioa bukatuta, eta erantzunak prest ekarri zituen: «Nolatan hain partida hasiera epela?». «Aldageletara joateko zorian egon nintzen bosgarren minutuan. 4-0 joan izan bagina, egingo nukeen, baina egun horretan egin izan banu, ez nukeen Lagun Aro entrenatzen jarraituko». Hori esanda, kazetari batek Donostian entrenatzaileak ez dituztela botatzen iradoki zion. German Cea gerentea solasaldiko kide zen, eta barrez hasi zen.

2. Joko sistemak

Beroketa saioaren ostean, ordu eta erdi luze eman zuten jokalariek sistemak lantzen. Blokeo zuzena, blokeoa eta jarraipena... Bost, sei, zazpi aldiz segidan, ondo atera arte. Kale egiten zuenak atseden hartzen zuen. Entrenatzaileak etenik gabe eman zituen aginduak. Ondoren azaldu zituen L bikoitza, pantaila hirukoitza, ukabila jokaldia (gaztelaniaz, puño hitza) eta abar. «Joan den sasoian askotan egiten genuen pantaila hirukoitza Baronentzat. Orain ere bai, baina ñabardura batekin: ez ditugu hirukoak sartzen». Ez zaio arrazoirik falta, Lagun Arok %33 bakarrik asmatzen baitu 6,25eko marratik. Blokeoa eta jarraipenean ere hankamotz daudela onartu zuen Alonsok: «Ibekwek ez dauka bizkarreko jokorik, eta Doblas ondo zaintzen dute normalean».

3. Joko antolatzaileak

Sistemek erantzunik ematen ez badute, joko antolatzaileen esku geratzen da erantzukizuna, eta alor horretan erdizka dabil Lagun Aro. Bikain Raul Neto, 20 urterekin ligako joko antolatzaile onenetakoa izateko borrokan, eta ez hain ondo Javi Salgado. Santutxukoaren inguruan, lasai dago Alonso: «Emango digu, zakur zaharra da eta». Galdera entrenatzaileari: «Nor da hobea, Neto edo Granger?». Ura bere errotara eraman zuen Alonsok: «Mesedez. zenbat urte daramatza ACB ligan Grangerrek? Lau? Netok bigarrena du, eta 20 urte ditu!». Brasildarra entrenatzen ikustea gozamena da. Mikel Motos, Salgado bera, Papamakarios eta parean jarri zaizkion guztiak txikitu zituen bere azkartasunarekin, eta antzera segitzen badu, Donostian hilabete gutxi geratzen zaizkiola ziurtzat jotzen da. NBAn bukatuko duela segurutzat jotzen du Sito Alonsok, baina, agian, beste geltokiren bat aukeratuko du lehenago, eta ez Donostiatik urrun.

4. Merkatua

Bistakoa da Lagun Arora iritsi diren jokalari gehientsuenek ez dutela eman espero zen neurririk. Ez da zorterik izan alor horretan, eta joan den sasoian, bai. Inork ez zuelako ziurtzat ematen Vidalek eta Baronek hain ondo aritzea. Orain, Guille Rubio herren dabil, gauzak ondo egin nahi baina asmatu ezinik. Qyntel Woods bezala, talde lanean baino gehiago, bere kasa. Ekene Ibekwe ere egin behar ez dituen gauzak egiten ari da erasoan, eta akats horiek defentsan duen trebezia estaltzen dute. Kuksiks, ordea, gero eta hobeto ari da, baina agerikoa da taldeari killer bat falta zaiola. Une jakinetan erantzukizuna hartuko duen jokalaria. «Etorriko al da norbait?». Altxortegia basamortuko ura bezain garesti dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.