Irabazten duena, finalerdietara. Sinplea da gaur Astelenan (Eibar, Gipuzkoa) jokatuko den partidaren dinamika (18:00, ETB1). Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako B multzoko azken partida da Peio Etxeberriaren eta Iñaki Artolaren artekoa. Unai Laso hurrengo fasean da jada, bi garaipenekin —azkena ezin izan zuen jokatu, eta 22-0 galdu zuen—, eta Aitor Elordi kanpoan da. Gaur irabazten duenak, beraz, aurrera egingo du, eta Iker Larrazabal gaztea izango du aurkari.
Asteazkenean hautatu zituzten pilotak Artolak eta Peio Etxeberriak. Artolaren iritziz, nahiko antzekoak dira denak, bereak «zeozer biziagoak», baina «alde nabarmenik gabe». Peio Etxeberriak ere uste du ez dagoela «gehiegikeria» handirik pilotetan, baina Artolak hautatutako bat «nahiko astuna» zela iruditu zitzaion. Hala ere, «guztiz normala» deritzo, indar handiagoa baitu Artolak.
Finalerdira pasatzea lortuko balu, Peio Etxeberriak bere inoizko posturik onena lortuko luke Buruz Buruko Txapelketan, bitan hartu baitu soilik parte, 2019an eta 2023an, eta bietan final-laurdenetan geratu zen. Iaz ez zuen parte hartu, Aspek haren ordez Jose Javier Zabaleta sartzea erabaki baitzuen, eta aurten ere bere parte hartzea kolokan egon da, ezkerreko begian zauri bat baitzuen, baina azkenean parte hartu du, eta aukerak ditu lau onenen artean sartzeko. Erik Jaka kanporatu zuen final-zortzirenetan, eta ligaxkan, berriz, Lasoren kontra galdu eta Elordiren aurka irabazi egin zuen.
«Sentsazio onak ditut entrenamenduetan, baina bera ere oso ondo ikusi dut. Konpletoa da, zulo gutxi duena»
IÑAKI ARTOLABaikoko pilotaria
Artola zuzenean pasatu zen final-laurdenetako B multzora, eta bere hirugarren finalerdiak jokatzea du helburu. 2021ean eta iaz iritsi zen fase horretara, baina ez du inoiz finala jokatzerik izan; 2021ean finalera iristea lortu zuen, baina lesio batek txapela borrokatzeko lehiatik aldendu zuen. Beñat Rezustak jokatu zuen haren ordez, baina ez zuen ezer egiterik izan Jokin Altunaren kontra, 22-5 galdu baitzuen.
Aurkari gogorrak
Artolak gorriz jokatuko du, eta Peio Etxeberriak, urdinez. Nahiko txapelketa parekoa egin dute biek: Lasoren kontra galdu dute, eta Elordi garaitu dute. Garaipen bana, beraz. Peio Etxeberriak onartu du Artola bera baino indartsuagoa dela, eta pilotari alegiarrak iaz egindako txapelketa ekarri zuen gogora: «Artola beti dago partida erabakigarrietan; iaz oso txapelketa ona egin zuen, eta kanpoan geratu zen Jokin handi batekin egin zuelako topo, baina aurten ere oso bolada onean dago, konfiantzaz». Hori dela eta, zenoztarrak partida gogorra espero du.
«Eskuak nahiko kargatuta amaitu nuen [azken] partida hori, normala denez, kolpe txarrengatik, baina ondo nago»
PEIO ETXEBERRIA Aspeko pilotaria
Artolak ere oso ondo ikusi du bere aurkaria txapelketan: «Sentsazio onak ditut entrenamenduetan, baina bera ere oso ondo ikusi dut. Konpletoa da, zulo gutxi duena». Biek azaldu dute azken bi asteetan ondo hartu dutela atseden, eta Peio Etxeberriak nabarmendu du ondo etorri zaiola azken hamabost eguneko etena eskua osatzeko: «Hamabost egun izan ditut atseden hartzeko, partida gogorra izan baitzen azkena. Eskuak nahiko kargatuta amaitu nuen partida hori, normala denez, kolpe txarrengatik, baina ondo nago, eta aitzakiarik gabe aterako naiz kantxara».
Agirre, finalerdietan
B Serieko Buruz Buruko Txapelketa ere puri-purian dago, eta azken lauen koadroa zehaztu zen atzo, Asier Agirrek 22-11 irabazi baitzion Iker Salaberriari. Joseba Aldaberen kontra jokatuko du Agirrek, ostiralean, Azkoitian (Gipuzkoa). Jaialdia 21:15ean hasiko da, eta Agirre-Aldaberen ostean jokatuko da finalerdiko beste partida, Bakaikoa-Zubizarreta III.a. Bakaikoa da finalerdietatik txapela bat duen pilotari bakarra; bi final jokatu ditu, eta Agirrek, berriz, bat.